BIZITZA
Edith Sodergran

euskaratzailea: Jon Gerediaga
armiarma.eus, 2023

 

Ni, neure buruaren gatibu, ondokoa esaten dut:

bizitza ez da belus berdezko udaberria,

ezta oso noizean behin jasotzen den laztana,

bizitza ez da joateko erabakia

ezta eusten gaituzten bi beso zuri ere.

Bizitza gatibu gauzkan eraztun estua da,

sekulan zeharkatzen ez dugun zirkulu ikusezina,

bizitza da gure aurretik pasatzen den zoriontasun hurbila,

eta ematera ausartzen ez garen milaka urrats.

Bizitza da nor bere burua mespretxatzea

eta putzu baten sakonean geldirik egotea

eta jakitea eguzkiak han goian distira egiten duela

eta txori urrekarek hegan egiten dutela airean

eta egun azkarrak geziak bezala ziztu bizian doazela.

Bizitza da berehala agur esatea eta etxera joatea eta lo egitea…

Bizitza da bere buruarentzako izaki arrotza

eta pasatzen den bakoitzarentzako maskara berria.

Bizitza da nor bere zoriontasuna arintasunez tratatzea

eta momentu bakana gainetik kentzea,

bizitza da ahul sentitzea eta ez ausartzea.

 

BIZITZA
Edith Sodergran

euskaratzailea: Jon Gerediaga
armiarma.eus, 2023