Izurri-zutabea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Izurri-zutabea

 

 

Munduaren lau ertzetarantz biratzen dira:

nagusi zerutarraren lau zaldun desmobilizatuak.

Eta lau giltzarrapo astunek

ixten dituzte

munduaren lau ertzak.

 

Bide eguzkitsuan behera doa

zutabearen antzinako itzala,

Kateen ordutik

Dantzaren ordura.

Arrosaren ordutik

Dragoi Atzaparren ordura.

Irribarreen ordutik

Haserrearen ordura.

 

Itxaropenaren ordutik

Sekula-ezaren ordura,

zeina urrats bakarrera dagoen

Etsipenaren ordutik,

Heriotzaren torniketetik.

 

Hatzak lixa-paper gainean legez

doaz gure bizitzak,

egunak, asteak, urteak, mendeak.

Eta zenbait sasoitan urte luzeak

eman izan ditugu negarrez.

Oraindik ere ibiltzen naiz zutabe inguruan,

non maiz izan bainaiz esperoan,

aho apokaliptikoetatik

gurgur isurtzen zen urari adi,

eta aldiro harriturik

iturriaren oinarriaren aurka lehertzean

urak egiten zituen sedukzio jolasekin,

harik eta Zutabearen itzala zure aurpegira heltzen zen arte.

 

Hori izaten zen Arrosaren ordua.

 

Aizu, mutil, egidazu fabore bat: igo

iturri puntara eta irakurrizkidazu

lau Ebanjelistek beren harrizko orrietan

idazten dituzten hitzak.

 

Mateo Ebanjelista da lehena.

          Eta nork zuetarik atxiki diezaioke

          beso[1] bete alaitasun

          bere bizialdiari[2]?

 

Eta zer idazten du Markosek, bigarrenak?

          Ala kandela ekartzen da

          gaitzeru pean ezar dadin,

          eta ez ganderailuan ezar dadin[3]?

 

Eta Lukas Ebanjelistak?

          Gorputzaren kandela begia da.

          Baina non izanen baitira

          gorputz aunitz, hara bilduren dira

          arranoak.

 

Eta, azkenik, Jonek, Jaunaren maiteenak,

zer idazten du?

Itxita du liburua altzoan.

Ba ireki, mutil. Behar balitz

baita hortzekin ere.

Olsanyko mugan[4] bataiatu ninduten

Don Rocheko izurrite kaperan.

 

Izurrite bubonikoa Pragan bizi zebilenean,

kapera inguruan pilatzen zituzten hildakoak.

Gorpua gorpu gainean, geruzaka.

Beren hezurrak, urtez urte, meta zabar

bilakaturik

kare biziko eta buztinezko zirimolan

erretzen ziren.

 

Urte askoan joan ohi nintzen

leku goibel horietara,

nahiz eta ez bizitzaren gozotasunari ukorik egin.

 

Zoriontsu nintzen giza arnasaren berotasunean

eta jende artean harat-hona nenbilenean

andreen ileetako lurrinak harrapatzen saiatzen nintzen.

 

Olsanyko tabernen eskaileretan

kokoriko jarri ohi nintzen gauez

hilkutxa-eramaleak eta lur-emaileak

beren kanta zakarrak abesten entzuteko.

 

Baina aspaldi izan zen hori,

isildu egin dira tabernak,

elkar lurperatu dute, azkenean,

lur-emaileek.

 

Udaberria eskura heltzen zenean,

luma eta lautearekin,

kaperaren hegoaldean dagoen

gereziondo japoniardun belardian ibili ohi nintzen,

eta, zahartzen doan beren distirak sorgindurik,

gauez isilean biluzten ziren

neskak izaten nituen buruan.

Ez nekien haien izenik,

baina haietako batek,

lorik gabeko gauetan,

leun kolpatzen zuen nire leihoa hatzez.

 

Eta nork idatzi zituen

poema haiek nire burkoan?

 

Batzuetan zurezko kanpandorre alboan geratzen nintzen.

Kaperan gorpu bat altxatze zuten aldiro

jotzen zuten kanpaiek.

Isilik dago orain hura ere.

 

Mala Strana hilerrian

inperio estiloko estatuak begiratzen nituen.

Oraindik ere apartatu zitzaizkien

beren hildakoei negarrez ari ziren.

Joaterakoan, poliki joaten ziren

beren antzinako edertasunaren irribarrearekin.

Eta haien artean, ez zeuden emakumeak soilik,

oker ez banaiz, behintzat,

bazirelako soldaduak ere kaskoekin, eta armaturik.

 

Luze da ez naizela hemen izan.

 

Ez utzi konbentzi zaitzaten,

ez baita izurria amaitu:

hilkutxa gehiegi ikusi ditut

sarrera ilun hau zeharkatzen,

eta ez da hau sarbide bakarra.

 

Indartsu da izurria oraindik ere eta badirudi medikuek

hainbat izen eman dizkiotela gaitzari

panikoa saihestearren.

Baina heriotza zahar bera da

eta ez beste ezer,

eta hain da kutsakorra

bizirik den inork ezin diola ihesik egin.

 

Leihotik begiratzen dudan aldiro,

zaldi erkinak dabiltza hilkutxa iluneko

gurdi zargalduei tiraka.

Alde bakarra da, orain, ezkilak ez direla hainbestetan jotzen,

ez gurutzeak margotzen atarietan,

ez eta ipuru adaxkak erretzen ere.

 

Zenbait ilunabarretan

Julianovskyko zelaietan etzaten ginen,

Brno iluntasunean hondoratu,

eta Svitava ertzeko sastraken artean

igelak auhenka hasten zirenean.

 

Behin neska ijito gazte bat eseri zitzaigun alboan.

Erdi askaturik zuen blusa

eta eskuak irakurri zizkigun.

Halasi esan zion:

Ez dituzu berrogeita hamarrak beteko.

Artus Chernfki:

Orduxetik apur batera hilko zara.

Ez nuen nahi zoria irakur ziezadan,

beldur nintzen.

 

Eskutik heldu zidan

eta haserre oihukatu:

Luze biziko zara!

Mehatxu hotsa hartu nion.

 

Zenbat abesti eta rondo ez ote nituen idatzi!

Mundu osoa hartzen zuen gerra batek

eta mundu osoa hartzen zuen

atsekabeak.

Eta halere maitasun bertsoak

xuxurlatzen nituen nik belarri perlatuetara.

Lotsa sentitzen dut.

Baina ez, ez benetan.

Loak hartzen zintuen bitartean,

soneto koroa bat utzi nuen zure altzoaren bihurguneetan.

Belodromoetako garaileen

erramu koroak baino ederragoa zen.

 

Baina bat-batean

iturriko eskaileretan egin genuen topo,

beste norabait zihoan biotako bakoitza, beste sasoi batean

eta beste bide batzuetan barrena.

 

Denbora luzez jarraitu nuen

zure hankak ikusi ustetan,

eta zure algara ere entzuten nuen inoiz,

baina ez zinen zu.

Eta, azkenean, zure begiak ere ikusi nituen.

Behin bakarrik, ordea.

 

Urre gorrikoa zen

iodoz blaitutako trapu batekin hirutan

garbitutako nire gorputza,

indiar tenpluetako

neska dantzarien azalaren kolorekoa.

Tinko begiratzen nion sabaiari

haiei hobeki erreparatzeko

eta tenplu inguruan zebilen

lorez apaindutako prozesioa.

 

Haietako batek, erdian zegoenak

eta begirik beltzenak zituenak,

irribarre egin zidan.

Jauna,

hori ergelkeria, odolean drogak eta

operazio ohean etzanda nagoela,

nire garunean lasterka ibiltzea.

 

Eta orain nire gaineko lanpara piztu dute,

bisturia hondoratzen du zirujauak

eta ebaki luze bat egin du irmotasunez.

Kordea azkar berreskuratu nuenez

gogor itxi nituen begiak berriz.

Eta halere erdizka begiztatu nituen

emakume begi batzuk maskararen gainean,

justu irribarre egin ahal izateko bezain luzez.

Kaixo, begi eder.

 

Ordurako lotuta zeuzkaten odol basoak

eta gakoekin zabaltzen zizkidaten zauriak

zirujauari muskulu parabertebralak

bereiztea ahalbidetzeko

eta ornoak eta saihetsak ikusarazteko.

Kexa apal bat atera zitzaidan.

 

Alboz nengoen,

eskuak eskumuturretatik loturik

baina ahurrak libre neuzkala:

eta erizain batek bere altzoan eusten zizkidan

nire buru parean.

Irmo heltzen nion izterra

eta bortizki bultzatu niganantz,

azalerantz doan urpekari batek

anfora mehe bati heltzen dion bezala.

 

Justu orduan hasi zen pentohola jarioan

nire zainetan

eta beltz bihurtu zitzaidan dena.

Munduaren amaierak iluntasuna zirudien

eta ez dut besterik gogoratzen.

 

Erizain maitea, ubeldu gutxi batzuk dituzu.

Benetan sentitzen dut.

Baina nire baitan diot:

          Pena da

ez nuela lortu harrapakin tentagarri hori

nirekin iluntasunetik

argira eta nire begien aurrera

ekartzerik.

 

Pasa da jadanik okerrena,

diotsot neure buruari: zaharra naiz.

Etortzeko da oraindik okerrena:

oraindik bizirik nago.

Benetan jakin nahi baduzu:

zoriontsua izan naiz.

 

Egun oso batez batzuetan, besteetan ordu batzuez,

minutu gutxi batzuez bakarrik zenbaitetan.

 

Beti izan natzaio fidel maitasunari.

Eta emakume baten eskuak hegoak baino gehiago badira

zer dira orduan haren hankak?

Zeinen ongi pasa dudan haien sendotasuna frogatzen.

Heltzerakoan duten sendotasun leun hori.

Apurtu diezadatela burua belaun horiek!

 

Besarkada horretan begiak itxiko banitu

ez nintzateke hain mozkor egongo

eta ez nuke halako danbor hots sukartsurik izango

lokietan.

Baina zergatik itxi behar nituzke?

 

Begi irekiekin

zeharkatu dut lur hau.

Ederra da— baina badakizu hori.

Esanguratsuagoa izan zait, akaso, nire maitale guztiak baino,

eta bizitza oso iraun dit haren besarkadak.

Gose nintzenean

ia egunero bazkatzen nintzen

haren kanten hitzetan.

 

Joan zirenek,

presaka egin zuten ihes lur urrunetara,

ohartuko ziren dagoeneko:

mundua izugarria da.

Ez dute maite eta ez dira maitatuen artekoak.

Guk gutxienez maite dugu.

Txikitu dezatela bere belaunek, beraz,

nire burua!

 

Hona misil gidatuen katalogo zehatz bat.

 

Surface-to-air

Surface-to-surface

Surface-to-sea

Air-to-air

Air-to-surface

Air-to-sea

Sea-to-air

Sea-to-sea

Sea-to-surface

 

Ixo, hiri, ezinezko zait haien presaren xuxurla igartzea.

Eta jendea ez da ohartzen

beren buru gainetik

leihorik leiho eskuz esku

muxu sutsuak dabiltzanik.

 

Mouth-to-eye

Mouth-to-face

Mouth-to-mouth

And so on.

 

Harik eta esku batek gauez gortina bajatu

eta jomuga ezkutatzen duen arte[5].

 

Etxearen horizonte estuan,

jostotzaren eta zisne

lumako ponpoidun txapinen artean

handitzen ari da

bere sabeleko ilargi beroa.

 

Hegatxabalaren egunak kontatzen ditu jada,

nahiz eta lore izoztuen atzean txolarreek

jarraitzen duten mitxoleta haziei mokoka.

Erle-belarrezko habian

norbait dabil jada

bihotz txikiaren

udaberriari korda ematen,

bizitza osoan

zehatz jarrai dezan.

 

Baina zergatik jardun ile urdinduei

eta jakinduriari buruz?

Bizitzaren sastrakadia kiskaltzen denean

esperientziak ez du baliorik.

Egia esan, ez du sekula baliorik.

 

Hilobien kazkabar-erauntsiaren ostean

gorantz jaurti zuten zutabea

eta bizkarra haren kontra jarrita

beren best-sellerrak

idatzi zituzten beren liburuen orrietan

lau poeta zaharrek.

 

Hutsik dago iturriko ontzia orain,

zigarrokin batzuengatik salbu,

eta zalantzati azaleratzen du eguzkiak

bazterrera eramandako harrien atsekabea.

Izan liteke eskerako gune, agian.

 

Baina nire bizitza hala bota,

ezertarako ez— hori,

ez dut egingo.

 

 

[1] Antzinako luzera neurria.

[2] Mateo 6,27, Joanes Leizarragaren itzulpenean: “Eta nork zuetarik artha ukanez eratxeki, ahal diezakeo beso bat bere handitasunari?”.

[3] Mark 7,21, Joanes Leizarragaren itzulpenean: “Ala kandela ekarten da gaitzurupean, edo ohapean ezar dadinzat? eza kandelerean ezar dadinzat?”

[4] Pragako hilerri bat.

[5] Gaztelerazko bertsioan justu kontrakoa dio, esku bati ahaztu egiten zaiola gortina jaistea, eta bistara gelditzen dela diana.

 

Izurri-zutabea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021