Behin baino ez nuen ikusi
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Behin baino ez nuen ikusi

 

 

Behin baino ez nuen ikusi

eguzkia hain odol-gorriturik.

          Eta sekula ez gehiago.

Doilorki zihoan zerumugan hondoratzen

eta bazirudien norbaitek

ostikoz bota zituela infernuko ateak.

Astronomia behatokikoei galdetu nien

eta orain badakit zergatik.

 

Denok ezagutzen dugu infernua,

leku guztietan dago eta bi hankatan dabil.

          Baina paradisua?

Akaso baliteke paradisua ez izatea

luzaro itxaron dugun

          irribarre bat baizik,

eta gure izena xuxurlatzen duten

          ezpain batzuk besterik.

Eta orduan dator une zorabiagarri labur hori

infernua existitzen denik ere

ahaztea ahalbidetzen diguna.

 

Behin baino ez nuen ikusi
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021