1934 urtea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

1934 urtea

 

 

Gaztaroko zoriontasuna

atsegina da gogoratzeko.

Ibaia da zahartzen ez den bakarra.

Erorita dago errota,

haize apetatsuak

txistuka ari dira, axolagabe.

 

Zutik da bidegurutzeko seinale hunkigarria.

Nabar-lore koroa bat, txoririk gabeko habia bezala,

Kristoren sorbalda gainean,

eta igela ihi artean blasfemia betean.

 

Gupidatu gutaz!

Sasoi latzak heldu dira

ibai goxoen ertzetara;

bi urtez izan dira lantokiak hutsik

eta gosearen hizkuntza ikasten dute umeek

beren amen altzoetan.

 

Eta halere hots dagi beren barreak

bere zilarretan

tristuraz isilik den sahatsaren pean.

 

Emango diguten zahartzaroa izan dadila

guk ematen diegun haurtzaroa baino zoriontsuagoa.

 

1934 urtea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021