Aspaldi, bere irakurketetako batean
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Aspaldi, bere irakurketetako batean

 

 

Aspaldi, bere irakurketetako batean

Lidové noviny[1]-ren ale bat atera zuen

Jiri Mahenek tarrapatan:

tutu itxuran kiribildu zuen, eta,

bozgorailu bat balitz bezala oihukatu:

“Gora poesia!

          Gora gaztetasuna!”.

Artean, gurea zen gaztetasun hura oraindik.

 

Azkarrago erretzen zitzaizkigun bizitzak

pasioak piztutako gure bizitzako urte haietan.

Jiri Wolker hil zen lehenik.

Haren hilkutxari hitz egin genion.

Urtarrila zen eta izotzaldi gogorra egin zuen.

 

Azkar egin nuen alde hilobi hartatik,

sakristauaren hilkutxarentzako uhalak

elurretan atzetik narrasean baletozkit bezala.

Tren geltokira joan nintzen korrika,

hala, albait azkarren, jarri ahal izateko

burua zure gorputzaren loraldien gainean.

 

Josef Horari irakurri nizkion nire poemak

haren hilkutxa aurrean

bera bertan zetzala.

Umil eta apal irakurri nuen

haren hilobiaren ondoan.

Ikusgarri ikusten da Praga

hilerri ondoko gotorlekutik,

eta iparraldera dago Rip muinoa,

ume bati eskutik ihes egin balio legez.

Gu guztiona da hori dena,

baina, bereziki, Josef Horarena.

 

Garai hartan Libune inguruko

maiatz aldeko larreak ziren nire kuttunak,

eta haren inguruko muino umilak:

Kozákov, Tábor, Bradlec, Kumburk

eta beste mendialde atseginak.

Helmugarik gabe ematen genuen eguna

eta inguruan inor ez zebilenean

zure ezpainetara egiten zuten nireek

eta gosez bilatzen nuen zure mihi goria.

Eta gure aurrean, kiskalitako lira baten pare,

gailentzen ziren Troskyko hondakinak.

 

Halas hiltzen ari zenean

lerro apal batzuk idatzi nizkion

gure gaztaroaz.

Ez ziren bereziki onak

baina irakurri zituen azkenak izan ziren.

Irribarre egin zuen, laster hilko direla dakitenek

irribarre egiten duten bezala. Oraindik ere

bere irribarre malenkoniatsu horrek

nire bertsoak laguntzen ditu.

 

Ahal nuenero idazten nuen:

kafetegietako leiho pareko mahaietan,

postetxeetako tintaz zikindutako idazmahaietan,

telegrafoaren tik-takarekin.

Baina etxean idaztea nuen gogokoen.

Lanpara arruntaren ondoan esertzen zinen

eta zure orratza entzuten nuen nik

tarratatutako oihala zulatzen.

Batzuetan nire poemez jeloskortzen zinen.

Auskalo noren inguruan eta auskalo non

ibiltzen ziren noraezean,

eta zu, aldiz, gertu egoten zinen, hain gertu,

bizpahiru urrats baino gutxiagora.

 

Inoiz ikusi duzu gitarra jotzaile bat?

Nola pausatzen duen ahurra amultsuki

soken gainean

eta nola isiltzen diren denak.

Une errukigabe horren atalasea

gurutzatu dut

eta zapore garratza dut ahoan,

apurtu ezin izan dudan

asentsio adar bat hozkatu banu bezala.

 

 

[1] Pragako egunkaria. Inprimatzen jarraitzen den Txekiako egunkaririk zaharrena. [Itzultzailearen oharra]

 

Aspaldi, bere irakurketetako batean
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021