Sarrera poema
Sarrera poema
Sufrimenduaren argazki angeluar bat da hiria. Hori da aurrean azaltzen zaigun objektu handia. Irakurle, handinahirik gabeko liburu apal bat zabaldu duzu— eta bertatik hegaldatzen da nire kantua.
Ikusten dut hiriaren gloria, baina ez dit gain eragiten; ez naute liluratzen bere handitasun eta maiestateak. Izarraren, egurraren eta errekaren, lurraren eta lorearen besarkada misteriotsura itzuli nahi nuke. Baina nire anaietako bakarrak sufritu artean, ez naiz zoriontsu izango, eta, bidegabekeria guztien aurka altxatuz, luze segi beharko dut, ke itogarri artean, fabriken hormen kontra jarrita nire kantua abesten.
Baina ezezaguna zait topatu dudan kalea. Gezi bat bezain azkar abiatzen da mundua konkistatzera. Sekula ez dituzte nire odolaren erritmora afinatuko zinten jarduna eta nire eskuak eta beste milaka lagunen eskuak lotzen dituzten gurpilak ere, eta, hala, berdin du gizonak zer sentitzen duen, ez luke eta ezingo du kidea besarkatu.
Egur eta orein artera, lore eta errekara ihes egin ahalko banu ere, sufrimenduak hainbeste zamatuko lidake bihotza ezen, burua edertasun guztirantz eta isiltasunerantz eta pasiorantz atzera biratu gabe, hirira joango bainintzateke berriz, non jasotzen dituen guztiek jasotzen baitute haren ongi etorri izoztua, non urretxindorrak isildu egiten diren eta pinuak usaina galtzen baitu, non ez den soilik gizona esklabotzen baizik eta baita lorea, txoria, zaldia eta zakur leiala ere.
Irakurle adeitsua, lerrook irakurri ahala, hausnartu une batez eta apuntatu hau; hiria da ikusten duzun argazki angeluarra. Horra, lore bat bezala sentitzen da gizona:
ez hartu, ez puskatu, ez zanpatu.
Sarrera poema |