Halley kometa
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Halley kometa

 

 

Une hartan ez nuen ezer ikusi,

          ezezagunen bizkarrak salbu,

kapelen azpitik luzatzen zituzten buruak.

Jendez beteta zegoen kalea.

 

Gustura igo izango nukeen horma zuri hura

azazkalekin,

          eterzaleek egiten duten modura,

baina orduan heldu zidan eskua

          emakume esku batek,

urrats batzuk egin

eta zeru deitzen ditugun

sakonune horiek zabaldu zitzaizkidan aurrean.

 

Katedralaren orratzek zilar-hosto matezko

          ebakinak ziruditen zerumugan,

baina hondoratzen ari ziren izarrak haien gainean.

 

Hor dago! Ikusten duzu?

          Bai, ikusten dut!

Itzaltzen ez ziren dirdira arrastoetan

zihoan izarra desagertzen, atzera bueltarik gabe.

 

Udaberriko gau bat zen, gozo eta atsegina,

          maiatz amaiera aldera,

perfumez kargatuta zegoen aire epela

eta nik arnastu egiten nuen

          izarren hautsarekin nahasita.

 

Behin uda batez saiatu nintzenean

          —eta soilik isilean—

lirio altu batzuen lurrina usaintzen

—sukaldeko pitxarretan bilduta

saldu ohi zituzten gure azokan—

barre egin zidan jendeak,

aurpegia polenaren urre kolorekoa nuelako.

 

Halley kometa
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021