Erromesaldi gunea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Erromesaldi gunea

 

 

Katedraleko klaustroan esnatu ginen

bidaia luzearen ostean, gizonek

harri gainean egin zuten lo.

Orduan ez zegoen autobusik,

tranbiak eta trenak soilik,

eta oinez egiten ziren erromesaldiak.

 

Ezkilek esnatu gintuzten. Karratuan

altxatutako dorreetan ari ziren joka.

Eliza dardararazten zuen haien hotsak

baina baita ukuiluetako ihintza ere,

nonbait, gure buruetatik gertu xamar

elefanteak hodeietan saltoka baleude bezala

goiz dantzaren batean.

 

Metro gutxi batzuetara janzten ziren emakumeak.

Eta hala ikusi ahal izan nuen

segundo pare batez-edo

emakume gorputzen biluztasuna

eskuek gonak buru gainetik altxatzen zituztenean.

 

Baina une horretan norbaitek

eskuaz tapatu zidan ahoa

doi-doi arnasa bota ahal izateko moduan.

Eta ni hormari heldu nahian.

 

Geroxeago belauniko ziren denak

urrezko erlikiarioaren aurrean

beren kantuez elkarri oles egiten.

Haiekin abestu nuen.

Baina beste zerbaiti egiten nion nik oles,

bai eta mila aldiz egin ere,

lehen jakintza hark harrapaturik.

 

Berehala eraman zuten kantuek

nire gogoa elizatik kanpo.

Hauxe dio

Lukas ebanjelistak

bere ebanjelioan,

Lehen kapitulua, hogeita seigarren bertsoa:

 

Eta mezulari hegoduna leihotik sartu zen

birjinaren gelara leun hegan

hontzak gauez bezala,

eta dontzeilaren aurrean flotatu zuen

lurretik oin betera,

hegoei igarrezin eraginez.

Hebraieraz aritu zitzaion Daviden tronuaz.

 

Sorpresaz jaitsi zituen begiak berak

eta xuxurlatu zuen Amen

eta bere hur koloreko ilea

bekokitik behera zihoakion belaunaulkira.

 

Orain badakit nola jokatzen duten

aingeru batek

ezeren deirik ematen ez dien emakumeek.

 

Pozez egiten dute ulu lehenik,

gero marru,

azazkalak gupidagabe iltzatuz

gizonaren haragian.

Eta beren umetokia itxi

eta muskuluak tinkatu ahala

hitz basatiak jaurtitzen dizkie ezpainetara

zalapartan dabilen bihotz batek.

 

Bizitzarako prest egoten hasia nintzen

eta mundua kitzikagarrien zitzaidan

edozein lekurantz jotzen nuen.

Ongi gogoan ditut latorrizko teilatuetako

euri hotsaren gisako errosarioen txintxirrina

ferietako postuetan,

eta neskak, etxola artean paseoan,

beren bufandei urduri heltzen,

eta beren begi dirdiratsuak liberalki jaurtitzen

norabide guztietarantz,

eta beren ezpainak aire hutserantz

etorkizun ziren muxuen zaporea botatzen.

 

Bizitza txori migrarien hegaldi

agoniko eta latza da

bakarrik zauden lurretarantz.

Eta ez dago handik itzultzerik.

Eta atzean utzi dituzun guztiek,

minek, atsekabeek, eta zure etsipenek

eramangarriago dirudite

bakardade hori baino,

ez baitago han kontsolamendurik

zure malkoz blaitutako arimari

bake pixka bat emango dionik.

 

Zertarako balio didate sultana gozo horiek!

Eskerrak paperezko arrosa gorri argi bat

irabazi nuen tiro postuan!

Luzez gorde nuen

eta halere mantendu zuen karburo usaina.

 

Erromesaldi gunea
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021