Paradisu galdua
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Paradisu galdua

 

 

Denborak zapaldutako

harrizko lore gris sorta baten gisakoa da

hilerri judu zaharra.

Hilobi artean ibilian nenbilela

amarekin gogoratu nintzen.

Biblia irakurtzen zuen.

 

Zauritik odola isurtzen den bezala,

hala isurtzen zitzaizkion hitzak

bi zutabetan begien aurrean.

Lanparak txinparta egin eta kea askatzen zuen,

eta betaurrekoak hartzen zituen amak.

Putz egin behar izaten zion tarteka,

eta itzaltzen zenean urkila batekin

zuzentzen zion metxa beroa.

 

Baina, begi nekatuak ixtean,

Jainkoak armatutako kerubinez

bete aurreko paradisuarekin

egiten zuen amets.

Lo gelditzen zen askotan eta irrist

egiten zion liburuak magaletik.

 

Gazte nintzen oraindik

Testamentu Zaharrean amodio bertso

liluragarri haiek deskubritu nituenean,

eta intzestuari buruzko pasarteak

antsiaz bilatzen nituenean.

Orduan, artean ez nuen igartzen

zer nolako goxotasuna ezkutatzen duten

Testamentu Zaharreko emakumeen izenek.

 

Ada da Apaingarria, Orpa

da Oreina,

Naama da Adeitasuna

eta Mikal, Errekastoa.

 

Abigail da Kontsolamendu Iturria.

Baina gogoratzen dudanean

zeinen babesgabe begiratzen genuen

nola arrastatzen zituzten juduak

eta negarrez ziren beren haurrak,

izuak bihurritzen nau oraindik,

hotzikara sentitzen dut bizkarrean.

 

Jemima da Usoa eta Tamar

Palmera.

Tirtza da Atsegina

eta Zilpa da Mirra Tanta.

Jauna, hori edertasuna!

 

Infernua bertan genuen, beraz,

eta halere, inork ez zuen izan balorerik

hiltzaileei armak eskutik erauzteko,

bihotzean inori ere gizatasun pizarrik

geratu ez balitzaio bezala!

 

Joel izenak esan nahi du

Jainkoa ahaltsua da.

Eta halere txarrantxa hesiaz bestaldetik

geratu zen begira beren jainko betokerra

eta ez zuen zirkinik ere egin.

 

Dalila da Ahula eta Rakel

Arditxoa,

Debora, Erlea

eta Ester, Izar Argia.

 

Hilerritik itzuli berri nintzen,

ilunabarra leihoetan pausatu zenean

bere ekaineko perfumeekin.

Baina, urruneko lurren isiltasunetik,

burrunba egiten zuen, noizbehinka,

datorren gerrak!

Ez da sarraskirik gabeko sasoirik.

 

Ahaztua nuen, ordea:

Erhode da Arrosa.

Eta lore hori da, akaso, munduan

iraganeko paradisuaz

geratu zaigun bakarra.

 

Paradisu galdua
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021