Hiri bekataria
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

 

Hiri bekataria

 

 

Hiria,

fabrika jabeen hiria, plutokratena, boxeolari basatiena, milioidunena,

asmatzaileen eta ingeniarien hiria,

jeneralen hiria, merkatariena eta poeta patriotikoena;

Jainkoaren suminaren mugak gainditu zituen bere bekatu beltzekin,

eta garrasi egin zuen Jainkoak.

Hamaika aldiz egin zuen hiriaren aurka mendeku hartzeko mehatxua,

sulfurozko euria, sua, tximista erauntsiak goitik behera,

eta hamaika aldiz errukitu zen gero.

Beti akordatzen baitzen behin egindako promesarekin:

bi pertsona zintzo topatuz gero ez zuela hiria suntsituko,

eta betetzekoak dira beti jainkoaren promesak:

 

eta ibilian zebiltzan justu orduan bi maitale parkean,

loratze betean ziren elorri zurien lurrina arnasten.

 

Hiri bekataria
Jaroslav Seifert

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021