EGIARENA KENDU GABE
Blas de Otero

Sin saquear la verdad
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Amatxo, zatoz! Oso bakarrik nago.

Oraindik etxera itzuli ez den emigrantea naiz.

Zatoz, eraman nazazu Orozkora,

ahal baldin baduzu zeure oinekin.

Zaharturik zaude, urtez eta nahigabez kargatua,

zure seme Blasen horrenbeste abenturak makurtua.

 

Ama, ez jaramonik egin inori.

Jesarri gaitezen intxaurrondoaren gerizpean

eta ikusi dezagun auzoa, Santa Marinako gailurra, hodeiak...

 

Zatoz, gera zaitez hemen, lurrean,

ez-hiltzeko gaude, ama,

betiereko bat asmatuko dugu biontzat bakarrik...

 

Ama, zatoz. Oso bakarrik nago.

Pantailan azaldu diren hainbeste emakumeren mamuak

une pindartsu baten ondoren suntsitu ziren.

Zuk bakarrik dirauzu,

zuk bakarrik betetzen dizkidazu eskuak bertsoz eta paskinez,

zuk bakarrik errebisatzen duzu marxismoa egiarena kendu gabe,

zu biziko zara bakarrik nire heriotzaz haratago.

 

EGIARENA KENDU GABE
Blas de Otero

Sin saquear la verdad
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016