EZKERRALDEA
Blas de Otero

Margen izquierda de la ría
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Plaza zabala, ajustadore baten eskua bezalakoa.

Tornero aprendizen antzeko zuhaitzak.

Sestao lasai eta, aldi berean, haserre.

 

Behetik gora maite dut Sestao, geltokitik sartuz

kale garratzaren aldapa zuzena igoz.

Mendi gailurrei begira, Los Alemanesen urratu arrea:

«Nire izena meatzean dago» letra morez idatzia.

 

Barne-borrokako sasoiak:

bularra irauli behar

galeria nabarrak irekitzen dituen ideiaren hondeagailuarekin,

historiak bere dialektika pizten duen horretantxe.

 

Hurre, Navalak topo egiten ibaiarekin:

Iparramerikari burla eginez, Kariberantz doazen

ontzien plantxa handiak errematxatzen ditu.

 

Hurre, soldata apurrek hotzean moztua,

Babcock Wilcox-ek lokomotora itzel bat ipini du,

lehertzeko zorian,

Administrazio Kontseiluaren mahaian.

 

Hau guztia egunik egun gertatzen da, zubi eskegitik hasita

galda-labe garaia bular hutsik igaroz

Euskaldunan amaitzeko.

Eta bat-batean, atzera egiten du gizonik gizon,

langilerik langile,

bizkarrik bizkar igotzeko Sestaoko plaza zabaleraino haserre,

lasai, trinko,

une batetik bestean eztanda egingo duen

isiltasun amorratuan.

 

EZKERRALDEA
Blas de Otero

Margen izquierda de la ría
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016