BILBO
Blas de Otero

Bilbao
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Gaztea nintzela

gogor egin nizun aurka,

aurpegia zurbildu nizun,

ez baitzinen nire berbaren betekoa

baina bai iraintzekoa,

haurtzaroko altzo uher,

euriz heze eta abadez ketu sorleku neurea.

 

Gau honetan

ezin dut lo hartu, eta zure teilatuak dauzkat gogoan,

zure kale-artean joandako garaia datorkit erasoan,

eta minduraz egiten dizut dei Madrildik,

zuk bakarrik eusten baitiozu neure begiratuari,

zuk bakarrik ematen diezu zentzua

lurraren gainean egin ditudan pausoei:

 

gomutan daukat Parisen oraindik ito egiten ninduela zure errautsezko zeruak

 

gero jo nuen Mosku gerra hotzeko Gagarin batek bezala,

eta zure lantegien suak

argitu zituen bat-batean Kremlingo harresiak

 

eta Shangaira jaitsi nintzenean

Nerbioiko ontziez bete ziren kaiak

 

eta Habanara egin nuen hegan, eta uhartean ibili nintzen

kopeta apur bat alboratuz,

zure beharra baineukan ez galtzeko Iraultzaren erdian,

zure beharra neukan

hipokrisiarik zabarrenak begitartea zikintzen dizun

mendizko eta harrizko hiri neurea,

urrun, oso urreneko entzuten dudala

mendekuaren eguna

larrosa zuri baten gisan altxatzen

Martíren gorpuaren ondoan.

 

BILBO
Blas de Otero

Bilbao
1968
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016