BORROKA-ORDAINSARIA JODYRENTZAT
Yusef Komunyakaa

Combat pay for Jody, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Cam Ranh Bayko lehen gaua

gainazaleko bengalak zenbatzen eman nuen

eta misil baten txistu goriak

haren izena abestera ekarri ninduen begitartea estaliz. 

Banantzen gintuen itsasoa neukan

atzendu beharra, beste gizonak.

Haren urrina artean nire garunera

narrasten igotzen zen tximeleta gorrimin bat bezala,  

hildako bati begiak itxi behar izan nizkion     

nire burua gerraren benetako usainaz

bete zedin. Tiro-segida bat

bere gorputz biluziaren islarekin jostari zebilen,

hilero tuaz ixten nuen gutunazal bat

odolez zikindutako dirua bidaltzeko,

eta bere lurrinaz paperean irarritako

ezpain margotuen ertzei musu ematen nien,

beste gizonen ahotsak metatzen zitzaizkidan

arnasten nuen egurats grisean.

Haren gezurrek salbatu ninduten urte hartan.

Orriaren barrenean idatzitako Maitasuna

hitzaren bila  jotzen nuen zuzenean.

Egun batez, gutun bat zain nuela jakinda,

Chu Laiko azken helikopteroa hartu nuen         

NVAk kanpamendua eraso baino

ordubete lehenago. Komandantearen

babeslekua motxila leherkorrez eztandarazi

eta gizonak airean igeri saiatu ziren.

Handik astebetera Phoenixera

itzuli nintzen, hiriak haren itzala

ezkutatu egiten zuen,

eta ni ez nintzen gai ispiluan

neure buruari begiratzeko. Orduko bere lagunari galdetu nion

ea dena nire irudipena zen,

entzuna bainuen gizona

bere eginengatik neurtu behar zela. 

Edalontzi ardo gainetik irri egin

eta esan zuen:

“Areago oraindik,

hire diruarekin erosi nian nik Chevya”.         

 

*NVA: The North Vietnamese Army, Ipar Vietnameko armada   

 

BORROKA-ORDAINSARIA JODYRENTZAT
Yusef Komunyakaa

Combat pay for Jody, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020