ESKER MILA
Yusef Komunyakaa

Thanks, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Esker mila frankotiratzailearen

balaren eta bion tarteko zuhaitzagatik.

Ez dakit zerk eragin zion belarrari

mugitzea Vietcongak zarata gabeko erriflea

goratu aurreko segundoetan.

Ahots bat nuen beti lagun

agintzen zidana

zein oin jarri lehenbizi.

Esker mila errebotatutako balaren

bidea haustearren arrats hartako anarkian.

Iruditzen zitzaidan San Franciscon nengoela

emakume baten kolore jorietan bildurik,

urratzean goizak txori ilun baten

maitasun abestia birrinduz,

eskuekin haztamuka  adar bat

aurpegi paretik

kendu nuenean. Mila esker

lore lauso txuriari

metalaren bristada erakutsi baitzidan

mila puskatan leher nintekeela gaztigatuz,

lainoa belar gainean bezala

jainko itsuentzako jolas hilgarri

batean jokatzen ari ginenean.

Ez naiz ulertzeko gai zerk ikusarazi zidan

inork jotzeko zain zegoen gitarra soka baten antzera,

lursail bateko atekan lotutako hari sotil haren gainean

eguna bukatzeko aiko-maikoan zegoen tximeleta hura.

Ez zen harritzekoa

muinoak apur bat gorrimintzea beroagatik.

Esker mila berriro nire oinetara

jaurti zuten granada akastunagatik

Chu Laiko aldirietan. Oraindik ere

haren isiltasunaz erasanda nago.

Ez dakit eguzki ausartak

zergatik ukitu zuen baioneta,

baina badakit

zuhaitz haien artean bazela zerbait

ni mugitzen nintzenean soilik mugitzen zena.

 

ESKER MILA
Yusef Komunyakaa

Thanks, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020