KIMERA KAMUFLATZEKO LANETAN
Yusef Komunyakaa

Camouflaging the Chimera, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Adarrak lotu genizkion kaskoari.

Ibai ertzeko lohiarekin

musua eta fusilak margotu genituen,

 

belar hosto luzeak paratu tigre

uniformearen patriketatik zintzilik. Oihanarekin

nahastu ginen, pozik     

jomugatzat kolibriek hartu gintuztelako.

 

Banbuak besarkatuta

ibai aldetik zetorren

haizearen magalera egin genuen,

 

Saigon eta Bangkok artean mamuak,

eta Amerikan etxe atarian

utzi berri genituen emakumeak herrestatuz.

Itzal iluneko txori kantariei destatzen genien.

 

Kera aldietako kaserna goibeletan

haitzetako tximinoak gure estalkiak urratzen saiatzen ziren

harriak jaurtiz ilunabarrari. Kameleoiak

 

gure bizkarrezurrean gora narrasten ziren, egunetik

gauera mudatzen ziren: berdetik urre kolorera,

urre koloretik beltzera. Baina ilargia

metal egin zen arte itxaron genuen,

 

barruan zerbait

ia kraskatu zitzaigun arte. Vietcongak

maldan nekez zebiltzan, zeta beltzak

 

belazeetan burdin garraioan ari balira bezala.

Gu ez geunden han. Ibaia

gure hezurretan barrena zihoan. Animalia txikiak

aterpetzen ziren gure gorputzean; arnasari eutsi genion,

 

L-n tupusteko segada jotzeko prest,

gutako bakoitzaren betazalen azpian

mundu bat biraka ari zen bitartean.

 

 

KIMERA KAMUFLATZEKO LANETAN
Yusef Komunyakaa

Camouflaging the Chimera, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020