GAUEKO BISOREAREN MIOPIA
Yusef Komunyakaa

Starlight Scope Miopia, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Itzal urdinarreak

idi-orga baten gainera igotzen ari dira itzal batzuk. 

 

Gaua gure zerbitzuko jarrita,

gaueko bisoreak gizonak gerturatzen ditu

tiro egiteko tarteraino.

 

Vi Zubipetik doan ibaiak

bihotza darama

 

Uraren Jainkoak bezala

bere dragoi gainean zamalka.

Vietcong

 

ke kolorekoak

mugitu egiten dira gure betazalen azpian,

 

bakardadearen ugazaba

koralezko aihen belarrak bezala sigi-sagaka

sandalo-egur eta loto-lore artean,

 

gure buru makurtuen barrenean

gertaera hau amaitu eta

 

urteetara. Garunak

kito egin du. Zuhaitz artera egindako

urrats bat dirudi,

 

munizio kutxak eta arroz zakuak

igotzen ari dira, ziraldoka

 

elkarbanatutako zamaren pean.

Infragorritik ikusita,

zertaz mintzo ote dira?

 

Emakumeez mintzo dira

edo amerikarrak izendatzen dituzte

 

beaucoup dien cai dau?

Euretako bat barrez ari da.

Gogoa ematen dizu hatz bat

 

hari ezpainetan jartzeko esanez “ixi.”

Haien ezpainetan irakurtzen saiatzen zara

 

solas-mamuarena jokatuz. Diote

“tira, tira, altxa”, denak batera jasotzen dutela.

Honako hau, zaharra eta hanka-okerra,

ukitu eta zeure besoen artean

har dezakezula ematen du.

 

M-16aren bisoretik begira jarri

eta ilargi betea dakusazu

idi-orga baten gainean zamatuta.

 

 

*Beaucoup dien cai dau: Vietnamen soldadu amerikarrei deitzeko maiz erabiltzen zen esamoldea da, “zeharo burutik eginda”  edo esan nahi duena.

 

GAUEKO BISOREAREN MIOPIA
Yusef Komunyakaa

Starlight Scope Miopia, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020