EZ DAUKAGU JAKITERIK
Yusef Komunyakaa

We Never Know, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Dantzan ibili zen une batez

belar altuaren artean, emakume batekin

ari balitz bezala. Gure kanoiak

gori-gori jarri ziren.

Hurbildu nintzenean

eulien argi-laino urdin batek bere egina zuen.

Urratutako argazkia

hartu nion hatz artetik.

Esateko beste erarik

ez dago: Maitemindu egin nintzen.

Goiza argitzen ari zen,

mortero urrun batentzat

eta nonbaiten aireratzen ari ziren chopper

                                                               batzuentzat salbu.

Kartera patrikan sartu nion labainka

eta jiratu egin nuen

lurrari musu ematen gera ez zedin.

 

 

 

*Chopper: Vietnamgo Gerran AEBetako helikopteroa izendatzeko erabiltzen zen hitza.

 

EZ DAUKAGU JAKITERIK
Yusef Komunyakaa

We Never Know, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020