TXOSTENA GAREZURRAREN DIORAMATIK
Yusef Komunyakaa

Report from the Skull's Diorama, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

King Doktorearen argazkia

White Nights-en iritsi da niganaino,

Hooverren irudimenaren emaitza balitz bezala,

 

San Juan Hilleko Baseko ikuspegian urtzen:

Gure chopperra planeatuz dator

eta jaitsi egin da soldadu beltzen pelotoiraino,

zeina gaueko errondatik itzulian iritsi baita

bost hildakorekin. Basea

bere osoan hartzen duen orri horien zurrunbilo

urrekara harrotuz jaistean.

Zuhaitz beltzen sail batek

goizeko argia paldoan sartuta.

 

Airearen aurka aizto-kolpeka   

chopperraren hegalak,

panfleto horiak goratu eta

goitik beherakoan soinean lotzen zaizkigu.

Gizon hauek mutu geratu dira,

 

baina ertz gorriko orriek

dioskute,

VC-k ez zuten hil

Martin Luther King Doktorea.

Larruazalean irarrita daramaten isiltasuna

 

nirea ere bada. Gerra

psikologikoak hori urrekaraz tindatu du

napalmez erretako muinoa. Gure gailu armatua

hegan itzultzeko goratzen denean

han behean kiskalitako

 

paisaiarekin nahasian utzi dituen

gizonen gainean,  AK-47 bat

hizketan ari da. Gizonei eta

zuhaitzen motzondoei atxikitako panfletoek

agurtu egiten naute urteez gaindi.

 

* VC: Viet Cong

 

TXOSTENA GAREZURRAREN DIORAMATIK
Yusef Komunyakaa

Report from the Skull's Diorama, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020