HEGIA
Yusef Komunyakaa

The Edge, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Fusilak ordu batez edo biz isiltzen

direnean entzun ditzakezu

 

soldaduekin amodioa egiten ari diren emakumeen intziriak.

Gupidarik gabeko memoria baten jabe

 

badakite soineko deigarriak nola jantzi

jendetza erakartzeko eta morfinak

 

tenteldutako itzalen pelotoi

batekin solastatzeko. Euren benetako sentimenduek

 

lehertu arazten dituzte apirilak

lore gorriak bezala.

 

Euren burua madarikatzen dute

ertzak suak erre dizkien amets urratuetan,

 

zelaiek onartua duten heriotza geldo baten jakitun dira.

Haizagailu distiratsuak beroaren eta

 

bolbora usainaren aitzi borrokatzen dira, dirua eskutik eskura

ibil dadin aldeztuz. Berehalakoan

 

jaurtigai batek ukabilkada zuri bat bota du

gaueko ortzian barrena, eta txoriak bezala sakabanatu 

 

eta euren bizimodua bilakatua den

formara itzultzen dira.

 

“Neska bat nahi al duzu GI?”

“Zuk erosi ni Saigongo tea?”

 

Soldaduek haragi errearen usaina dakarte

 arropatan eta ilean,

 

argi-itzaletako geletako aurpegiek erakarrita.

Aire kiskaliari agur gisako musuak botzen dizkioten

 

bitartean, hegazkinen errainuak

lastozko esteretako gorputz biluzien gainean labaintzen dira.

 

HEGIA
Yusef Komunyakaa

The Edge, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020