GALERA BAT GEHIAGO KONTURAKO
Yusef Komunyakaa

One More Loss To Count, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

“Ni, ni txinatarra naiz”,

dio Be Haik

—sarjento maiorraren amorantea da—

frantsesetik ingelesera igaroz.

Begiekin ulertzen dugu elkar hurrupa txikiz

nire txanbiletik Coca-Cola edaten dugun bitartean.

Egunak joan dira begirada lotsatiz hurrena

agertu den arte, ez dirudi bera,

dantzan ari balitz bezala mugituz burua,

vietnamdarrek dakiten eran.                                                                                                              

Batzuetan begirada jasotzen dut eta zutik

ikusten dut ate ondoan

bertan niri begira zenbat denbora daraman

asmatu ezinik,

ni, entzungailuak jarrita

James Brown edo  Aretharekin kateatuta,

lotan haren gizona, batek daki non

gau guztiko mozkorra pasatzen.

Familiagatik galdetu nion behin.

“Ez garrantzitsua, GI”, esan zuen.

 

Denok ditugu geure mamuak.

Nireak Annak L.A.tik igortzen dizkidan gutunak dira.

Gaur goizean Be Hai

sarjento maiorraren

eta Alabaman dauden haren

seme ilehorien argazki batekin agertu da.

Hilabeteetan elkarri ihes eginez ibili gara

gela honetan,

banbuzko zuziekiko dantzariak.

Estu-estu hartua du argazkia, burdin barra zorrotzezko

ate batetik sartzeko baimena balitz bezala.

Ez dago besterik esateko.

Gela gure mugimendura jarri da

eta Annak egun batzuk lehenago igorri zidan eleberria

gainezka dagoen apalategitik labaindu da leun.

Hitzak birbobinatu zaizkigu eztarrian

kasete bat atzeraka biltzen denean bezala.

Begiak itxi ditu, argazkia

erori da bere eskutik

bateko pika bezala

orri zuri bat itzaleztatuz.

 

*GI: AEBetako soldaduak, batez ere maila apalekoak, izendatzeko laburdura, Government Issue-tik datorrena.

 

GALERA BAT GEHIAGO KONTURAKO
Yusef Komunyakaa

One More Loss To Count, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020