TU DO STREET
Yusef Komunyakaa

Tu Do Street, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Musikak mugarritu egiten du gaua.

Begiak itxi eta ikusten ditut

gizonak hautsetan banalerroak marratzen.

Amerika lainoaren eta kearen mintz artean itsuka

sartzen da eta berriro haur bat naiz Bogalusan. Zuriak soilik

dioten idazkunak eta Hank Snow. Gaur gauean

barra-neskak txori tropikalen pare suntsitzen diren

toki batean sartu naiz. Garagardo bat

eskatu dudanean, ugazabandreak salmahai atzetik

ez ulertuarena egin dit. Haren begirada

aurpegi zuriak ehizatzen dabil

disko makina psikodelikoan Hank Williams ari den bitartean.

Judasena jokatzen dugu metrailadoreen

tiro-segidek bat eginik gauzkaten

leku bakarrean. Kalean barrena

soldadu beltzek ere euren lur eremua zedarritzen dute.

Sarrera mugatuko kartel batek bultza egin

eta edertasunak eta gerrak zauritutako

ahots hauen artean samurtasuna

bilatzen dudan kalezulo gorde batera narama.

Dak To eta  Khe Sanh-eko

oihanean genbiltzala,

orain beso artean hartzen presatzen garen

emakume hauen nebekin gudukatu ginen.

Nazio bat baino gehiago da guk barruan daramaguna,

izan ere bai soldadu beltzek

nola zuriek maitale berberak besarkatzen ditugu

minutu batzuen tartearekin, bakoitzak

aurrekoen arnasa ahogozatuz,

jakin gabe gela hauek

elkarrekin lotuta daudela

infernura doazen tunelak bezala.

 

TU DO STREET
Yusef Komunyakaa

Tu Do Street, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020