"ZU ETA BIOK DESAGERTZEN ARI GARA"
Yusef Komunyakaa

"You And I Are Dissapearing", 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

-Björ Hakansson

 

Mendietatik dakardan garrasia

nire buru barruan oraindik

erretzen ari den neska batena da. Egunsentian

                ari da erretzen paper zati bat bezala.

Enbor-onddo argitsu  bat bezala ari da erretzen

izter itxurako haran batean.

Sugar gona bat

ari da dantzan bere inguruan

ilunabarrez.

                Zutik gaude eskuak

behera ditugula

hura izotz-siku zaku bat bezala

                erretzen ari den bitartean.

Petrolioa uretan bezala ari da erretzen.

Gasolinatan busti lezkazko zuzi bat

bezala ari da erretzen.

Distira egiten du bankari baten

puruaren mutur lodiak bezala,

                zilarbizia bezala isilik.

Tigre bat ostadarraren azpian

                gautzean.

Kiskali egiten da vodka txupito  bat bezala.

Kiskali egiten da oihanaren ertzeko

mitxoleta soro bat bezala.

Dragoi-kea bezala sudur mizpiretan

goratzen zait.

Su hartutako zuhaixka bat bezala ari da erretzen

haize beldurgarri batek indartuta.

 

"ZU ETA BIOK DESAGERTZEN ARI GARA"
Yusef Komunyakaa

"You And I Are Dissapearing", 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020