GAUEKO MUSA ETA MORTEROAREN ERRONDA
Yusef Komunyakaa

Night Muse & Mortar Round, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020

 

Gerra guztietan agertzen da.

Oinarrian berbera da, agian

bere soineko zuri nasaia ez da

hain erotikoa eta atsekabetuago ematen du.

Beti egon ohi da zubi batetik gertu.

Perfume Ibaikoa oraingoan.

Errepideko bihurgunean sartu

eta hantxe dago bera

 

jeepa gera dezazun keinuak eginez,

baina galga zapaltzen duzunerako

milia laurden batera zaude.

Jackson sarjentoak dio, “Zer arraio egiten ari

haizela uste duk, Jim?”

eta Adonis lotinantak fusila bizkarrean

oihu egiten du, “Gerra kontseilua.”

 

Azkenean bira ematen duzunean

joana da, ez da geratzen

aieru bat baino gaueko airean.

Orduan zuhaitzak eta izarrak

astintzen dituen leherketa aditzen duzu

une horretan zuk egon behar zenuen lekuan.

 

GAUEKO MUSA ETA MORTEROAREN ERRONDA
Yusef Komunyakaa

Night Muse & Mortar Round, 1988
euskaratzailea: Jose Luis Otamendi
armiarma.eus, 2020