IRUDIZKO ICEBERGA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024

 

Nahiago genuen iceberga ontzia baino,

nahiz eta hark bidaiaren amaiera ekarri.

Nahiz eta haitz hodeitsua bezala geldi-geldi egon

eta itsaso osoa mugitzen ari zen marmola izan.

Nahiago genuen iceberga ontzia baino;

nahiago genuen elur-zelai arnasdun honen jabetza

nahiz eta ontziaren oihalak itsasoan zabalduta egon

elurra uretan disolbatzeke datzan moduan.

Oi ur gaineko zelai irmo,

ba al dakizu iceberg bat atseden hartzen ari dela

zugan, eta esnatzean balitekeela zure elurretan

bazkatzea?

 

Arrantzale batek begiak emango lituzke eszena honen truke.

Ontzia ahaztua. Iceberga hazten

eta berriz hondoratzen; haren tontor gardenak

elipse zehatzak zeruan.

Eszena honetan oholak zapaltzen dituen gizona

apalki erretorikoa da. Gortinak

arinak dira, elur-kiribil haizetsuek

eskaintzen dituzten soka finekin puzteko bezain.

Gailur zuri hauen argitasuna

ukabilka ari da eguzkiarekin.

Icebergak erronka egiten dio haren pisuari

jokaleku aldakorrean eta zutik begiratzen dio, adi.

 

Iceberg honek barrutik mozten ditu bere aurpegiak.

Hilobi bateko bitxiak nola

etengabe salbatzen du bere burua eta ez du apaintzen

bere burua baino, beharbada baita itsasoan

etzanda hainbeste harritzen gaituzten elur-malutak ere.

Agur, esan dugu, agur, ontzia bidea egiten ari da

olatuek elkarren olatuei amore ematen dieten

eta hodeiak zeru epelagoan mugitzen diren tokira.

Icebergek eskatzen dute arimak

(biek sortu baitute beren burua elementu ezkutuenetatik)

hala ikus ditzan: haragitsu, itxurazko, zatiezin altxaturik.

 

IRUDIZKO ICEBERGA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024