ANAFORA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024

 

Egun bakoitza halako zeremoniarekin

hasten da, txoriekin, txilinekin,

lantegi baten txistuekin;

halako zeru zuri-urrekarei zabaltzen dizkiegu

begiak lehenengo, halako horma distiratsuei

non une batez geure buruari galdetzen diogun

“Nondik dator musika, energia?

Ikusi ez dugun zer izaki izugarrirentzat

sortu zen eguna?”. Oi, berehala agertzen da

bera eta hartzen du bere itxura lurtarra

             segidan, segidan bihurtzen da

            azpijoko luzearen,

            memoria handinahiaren eta neke hilgarri

            hilgarriaren biktima.

 

Badoa astiroago begi-bistan agertzen

eta zipriztindutako aurpegietara uholdean jausten,

haren argi guztia iluntzen, kondentsatzen;

begirada horrekin harengan xahututako

ameskeria guztiarekin ere,

gure erabilerak eta gehiegikeriak sufritzen ditu,

hondoratzen doa gorputz-jitoan

hondoratzen doa klase-jitoan

arratsaldez iristeko parkeko eskalearengana,

zeinak, nekatuta, liburu edo lanpara barik

            ikerketa ikaragarriak prestatzen dituen:

            egun bakoitzaren

            gertakari bizia onarpen amaigabe

            amaigabean.

 

ANAFORA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024