BIDAIA-KONTUAK Ur-jauzi gehiegi daude hemen; erreka beteak azkarregi jaisten dira itsasora, eta mendi-tontorretako hodei horiek guztiak ertzetatik isurarazten ditu presioak kamera geldo samurrean, gure begien parean ur-jauzi bihurtzen. —Izan ere, izpi horiek, milia bat luze diren malko-orban distiratsu horiek oraindik ez badira ur-jauzi, gutxi-asko aro arin baten, hemengo aroak diren legez, izango dira seguruenik. Baina errekek eta hodeiek bidaiatzen, bidaiatzen jarraitzen badute, mendiek gainazpikatutako ontzien kroskoen itxura hartzen dute, lokatzez blaituak eta lanpernaz josiak.
Pentsatu etxerako bidaia luzean. Hobe genukeen etxean geratu eta hemengoaz pentsatu izana? Non egon behar genuke gaur? Zuzena al da ezezagunen antzerkia ikusten aritzea antzoki ezin arraroago honetan? Zer heldugabetasun mota da gorputzean bizi-arnas bat geratzen zaigun artean, presaka ibili behar izate hau eguzkia beste aldetik ikusteko? Munduko kolibri berde txikiena ikusteko? Aztertzeko harri-horma zahar, ulertezin bat, horma ulertezin eta barrenkoi bat, aztertzeko lehen kolpean ikusia eta beti, beti zoragarria den edozein paisaia? Oi, ametsak amestu eta eduki ere egin behar ote ditugu? Eta ba al dugu tokirik ilunabar tolestu, oraindik epel samar bat gehiagorentzat?
Baina ziur aski pena zatekeen ez ikusi izana errepide honen ertzeko zuhaitzak, haien edertasun hain gehiegizkoa, ez ikusi izana haiek keinuka pantomimari nobleak nola, arrosaz jantzita. —Ez geratu behar izana gasolina botatzeko eta ez entzun egurrezko eskalapoi desberdinek gasolindegiko lur koipeztatuaren gainean oharkabe klaskatzean ateratako bi notako doinu triste, egurrezkoa. (Beste herrialde batean eskalapoi guztiak aztertuko lituzkete. Tonu berdin-berdina izango luke han pare bakoitzak).
—Pena entzun ez izana beste musika ez hain primitibo hori, zeina txori lodi marroiak abesten duen gasolina-hornigailu apurtuaren gainean barroko jesuita estiloko banbuzko eliza batean: hiru dorre, zilarrezko bost gurutze.
—Bai, pena, hausnartu ez izana lauso eta ondoriorik gabe, mendeetan zehar zer konexio egon litekeen egurrezko oinetako latzenen eta, zuhur eta mizkin, egurrezko kaioletan zizelkatutako fantasien artean. —Txori kantarien kaioletako kaligrafia ahulean dagoen historia inoiz ikertu ez izana. —Eta inoiz entzun ez izana politikarien hitzartzeen hain antzekoa den euria: oratoria geldiezinezko ordu bi eta gero bat-bateko isiltasun urrezkoa non bidaiariak koaderno bat hartzen duen, eta idazten:
Imajinazio-falta al da, etxean geratu ordez, imajinatutako lekuetara etorrarazten gaituena? Edo posible liteke ez izatea guztiz zuzena Pascalek norbere gelan lasai eserita geratzeaz zioena?
Kontinentea, hiria, herrialdea, gizartea: hautua inoiz ez da zabala eta inoiz ez da askea. Eta hemen, edo hor... Ez. Etxean geratu behar ote genuen, hori edonon dela ere?
BIDAIA-KONTUAK |