MAPA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024

 

Lurra uretan datza; itzala ateratzen zaio berdetik.

Itzalak, edo itsasbazterrak?, haren ertzetan, erakusten ari dira,

algek hartutako haitz-irtengune luzeen segida

non belar txarrak erortzen diren urdin samurretara berdetik.

Edo lurra makurtzen al da itsasoa jasotzeko hondotik,

hura uhertzeke zabaltzeko bere altzoan?

Hondar-banku fin eta beltzaranaren alboan

lurra itsasoari tira egiten ari ote zaio hondotik?

 

Ternuaren itzala lau eta geldi datza.

Labrador horia da, eskimal amestiak

koipeztatua. Badia zoragarriok laztan ditzakegu,

kristal azpian, loratuko direla esperoko bagenu lez,

edo arrain ikusezinentzako kaiola garbia eskaintzeko moduan.

Kostaldeko herrien izenak itsasoratu egiten dira,

hirien izenek inguruko mendiak zeharkatzen dituzte,

—hemen inprimatzaileak emozioak bere kausa

luzaz gainditzen dueneko zirrara berbera bizi du.

Penintsula hauek erpuruaren eta hatzaren artean hartzen dute ura

emakumeek ehunen leuntasuna haztatzean bezala.

 

Mapan jasotako urak lasaiagoak dira lurraren ondoan,

olatuak sortzeko boterea uzten diote lurrari:

eta Norvegiako erbia hegoalderantz doa saltari,

soslaiek itsasoa aztertzen dute, lurraren ondoan.

Ezarrita daude, edo herrialdeek aukera ditzakete haien koloreak?

—Zerk jasotzen dituen ondoen bertako urak edo izaera.

Topografiak ez du kuttunik; distantzia berbera dago iparraldera zein mendebaldera.

Historialariarenak baino finagoak dira mapagilearen koloreak.

 

MAPA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024