MIRARI BAT GOSARITARAKO
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024

 

Seietan puntuan kafearen zain geunden,

kafearen eta balkoi jakin batetik

aterako ziguten papur eskuzabalaren zain

—antzinako erregeak nola, edo mirari bat nola.

Ilun zegoen oraindik. Eguzkiaren oin bat

errekaren uhin luze batean gelditu zen.

 

Eguneko lehen ferryak erreka gurutzatu berri zuen.

Hain hotz zegoen non espero genuen kafea

oso bero egotea, eguzkiak berotuko

ez gintuela ikusirik; eta papurra

ogi bat izango zela bakoitzarentzat, gurinez igurtzia, mirariz.

Zazpietan gizon bat atera zen balkoira.

 

Minutu batez zutik egon zen balkoian, bakarrik,

gure buruen gainetik errekarantz begira.

Zerbitzari batek mirari baten osagaiak pasatu zizkion:

kikara bakarti bat kafe

eta opil bat, zeina papurtzen hasi zen,

burua, nolabait esatearren, hodeietan—eguzkiarekin batera.

 

Zoratuta ote zegoen gizona? Zer demontre egiten

saiatzen ari zen, han, bere balkoian!

Gizon bakoitzak papur gogor samar bat jaso zuen,

zeina batzuek mespretxuz errekara bota zuten,

eta, edalontzi batean, kafe-tanta bat.

Gutako batzuk bertan geratu ginen, mirariaren zain.

 

Horren ostean ikusi nuena azal dezaket; ez zen miraria.

Etxe eder bat zegoen eguzkipean

eta haren ateetatik kafe bero usaina zetorren.

Aurrealdean, igeltsuzko balkoi zuri, barroko bat

kabiak erreka-ertzean eraikitzen dituzten txoriek erantsia,

—begi bat papurretik aldendu barik ikusi nuen—

 

eta galeriak eta marmolezko gelak. Nire papurra

nire jauretxea, mirari batek, aroen joanean,

intsektuek, txoriek, eta harria lantzen diharduen errekak

niretzat egina. Egunero, eguzkipean,

gosaltzeko orduan nire balkoian esertzen naiz

hankak goian, eta kafe-galoiak edaten ditut.

 

Papurra miazkatu eta kafea irentsi genuen.

Errekaz bestaldeko leiho batek eguzkia harrapatu zuen

miraria gertatzen ari balitz bezala, okerreko balkoian.

 

MIRARI BAT GOSARITARAKO
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024