12ETAKO ALBISTEGIA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024

 

mahai-lanpara

 

Guztiok dakizuenez, ilargi bete gaua da gaur mundu erdian. Baina hemen badirudi ilargia zeruan eskegita dagoela, estatiko. Oso argi gutxi ematen du; hilda egon zitekeen. Ikusgarritasuna urria da. Edonola ere, saiatuko gara paisaiaren itxura eta uneko egoera nolabait azaltzen.

 

idazmakina

 

Erdialdeko lautadatik kolpean igotzen den malda itzal astunak hartzen du, baina hegoaldeko glazisaren terraza-sorta landuak dir-dir apur bat egiten du argi apalean, arrain-ezkaten antzera. Nolako lana adierazten duten forma arrarodun terrazatxo horiek! Eta, hala ere, haien esku dago printzerri ñimiño honen ongizatea.

 

eskuizkribu-pila

 

Luizi txiki bat egon da ipar-mendebaldean duela ordubete inguru. Agerian geratu den lurrak kalitate eskasekoa dirudi: ia zuria, karetsua, eta eskistoz osatua. Hildakorik egon ez delakoan gaude.

 

mekanografiatutako orria

 

Ia zuzen iparralderantz, gure airetiko miaketak laukizuzen formako ‘zelai’ handi baten aurkikuntzaren berri eman du. Orain arte ezezaguna zitzaigun, eta agerikoa du gizakiak egina dela. Tanto belzduna da. Lurreratze-pista? Hilerria?

 

gutun-azalak

 

Herrialde txiki, atzerakoi honetan, egungo munduan geratzen diren atzerakoienetakoan, komunikabideak garatu gabe daude eta ia ez dago “industrializaziorik” ezta haren ondoriorik ere. Harrigarriki, ordea, horma-irudiek tamaina benetan erraldoia daukate.

 

tinta-botila

 

Forma bitxidun egitura beltz eta misteriotsu baten berri ere izan dugu, ekialderantz jakinarazi gabeko distantziara. Haren azal distiratsuak geratzen den ilargi-argi apurra harrapatzen duelako baino ez gara haren presentziaz ohartu. Herrialdeko baliabide naturalak ez ditugunez inondik inora goitik behera ezagutzen, baliteke hau “arma sekretu” indartsu eta beldurgarria, edo haren gordailua, izatea. Bestalde, dakigunez, edo gure antropologo eta soziologoek jende honen inguruan irakatsi digutenez, baliteke numena baino ez izatea, edo duela gutxi eraikitako aldarea haien jainkoetako batendako, zeina, egun bizi duten superstizio- eta etsipen-egoera historikoan, botere magikoz jantzia ikusten baitute, eta agian baita “salbatzaile” gisa ere; beren oztopo larrien aurrean erreskatatuak izateko azken esperantza.

 

idazmakina-ezabagailua

 

Azkenean! Ikuskatu dute biztanle iheskorretako bat! Badirudi monoziklodun mezularia dela –edo, hobeto esanda, zela–, eta argiztapen iruzurtiaren ondorioz maldan behera erortzean hil zela. Bizirik zegoela, txikia izango zen, baina harro eta tente azalduko zen ezbairik gabe, indigenek ohiko duten zurda beltzarekin.

 

hautsontzia

 

Gure goitiko talaiatik, garbi ikus dezakegu lurpeko babesleku baten edo, agian, jaurtigai batek utzitako kraterraren barnean, soldadu-“tontor” bat. Elkarren gainean pilatuta dautza, “negu-garaiko borrokara” bideratutako kamuflajeko “gudu-uniformea” soinean. Izugarriro bihurrituta daude, denak ere hilda. Gutxienez zortzi gorpu bereiz ditzakegu. Uniforme hauek herrialdeko mendi-tontor elurtu bakarreko gerrilla-gerretan erabiltzeko diseinatu ziren. Soldadu gixajook hemen, lautadan, erabili izanak are argiago adierazten du, beharrezkoa balitz ere, jende ulergaitz honen, gure arerioen, umekeria eta praktikotasun-falta etsigarria edo, bestela, haien liderren ustelkeria tamalgarria.

 

12ETAKO ALBISTEGIA
Elizabeth Bishop

euskaratzailea:Leire Vargas
armiarma.eus, 2024