Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

13

 

      Milori notario aurrean eman nion poema. Itxarongelan idatzi nuen, sartu aurretik eman genituen bost minutuetan. Euriaz ari zen, euritakoez eta gure herriaz. Eman egin nizkion bere bizitza osoan bereak izan ziren hitz batzuk. Poeman hitzek euria egiten zuten. Eta Gene Kellyk esan ohi zuen hori ere jaso nuen poeman: “Itxitako eskua beti irekitzen da”. Baina ez nuen poemaren kopiarik egin eta ez nuen gorde buruan. Eta ez ditut bertsoak gogoratu nahi, Milo Chaosi eman ostean, ez zirelako ordurako nireak. Istorio honetan hauxe da intimitatean gorde nahi dudan momentu bakarra.

      Milok aireporturaino lagundu zidan.

      — Tori, eraman ezazu Galiziara —esan zidan.

      Eta euritako bat eman zidan.

      — Eraman ezazu hara —esan zidan—. Bizitasun eta baikortasunez beteta dago! Han beharko duzu eta... Euria ez da geratzen eta faxista asko dago.

      Eskua eman nion, indarrez estutu eta askatu barik esan zidan:

      — Dena den, nire laurogeita hamahiru urterekin ikasi dut poesia oso beharrezkoa dela, eta ezinbestekoa dela. Eta hitzak direla munduaren motorrik indartsuenak. Baina beharrezkoa denean, eta zailena da jakitea noiz den benetan beharrezkoa, faxismoaren aurka gure burua babesteko bolbora da onena. Tristea da —esan zuen.

      Eta besarkatu ninduen.

      Herrira itzuli eta astebetera, kutxa bat bidali nion. OSO HAUSKORRA idatzi nuen eta barruan ohar bat sartu nuen: “Laguna, etxearen atzeko aldetik errotik atera dudan otalore bat bidaltzen dizut. Erromeroko lore horixkak ugertuta helduko dira. Baina zorte apur batekin hurrengo urtean berriro egingo dute distira. Bide batez, otaloreen soinua entzuten egon naiz. Eta adi-adi entzun nuen esan zidaten guztia. Besarkada bat”.

      Herrira itzuli eta hilabetera, Milori deitu nion, Kaliforniara. Ingelesez esan zidaten hiru egun lehenago hil egin zela.

      Hitz hauek Milo Chaosek orain dela urtebete saldu zidan etxean idatzi ditut. Idazten ari naiz Volta Grandetik, Serra do Caurel, Galizia, Europa. Etxea txukuntzen ari naiz. Gaur etorri dira arotzak ate eta leiho berriak jartzera. Gaua da. Euria ari du. Telebistan sorgin ehiztari baten irribarrea amatatzen dut. Etxetik irten naiz, kantu alai bat txistukatzen ari naiz, euritakoa irekitzen dut, galtzerdi more bat eta berde bat daramatzat. Arnasa hartzen dut eta irribarre egiten dut.

      Besarkada bat, Milo.

      Lan asko dugu egiteko.

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015