Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

5

 

      Erregistratutako lehenengo hitzak hauek izan ziren:

      — Gutxi gorabeherako informazioa daukat, teknologia berriek laguntzen dute... Bai, badakit faxistek Galizian indartsu dirautela, 1939an horrela izango zela jakin nuen, mar-mar-mar.

      Milok sarritan erabiltzen zuen mar-mar-mar hori.

      — Zenbat geratzen dira auzoan?

      — Bost pertsona, zazpi ahuntz eta milioi bat arkakuso.

      — Umm, handik irten nintzenean hirurogei edo hirurogeita hamar bat izango ziren. Herria kimatzen ari dira! Faxismo madarikatua. Herria suntsitzen ari dira!

      Arreta handiz entzuten nuen. Bere hitz horietako batzuek laurogeita hamar urte zituztela nerabilen gogoan. Izan ere, pentsatu nuen: Hara, laurogeita hamar urte dituzten hitzak entzuten ari naiz.

      — Hamar urte nituela atera nintzen herrixkatik. Ez nekien ez idazten ezta irakurtzen ere. Gose handia zegoen eta badakizu zer esaten den: “Mutikoek kanpoan egiten badute lan, ez dute etxekoa jaten”. Eta Ourenseko osaba batengana jo nuen. Berarekin ikasi nuen munduan nor izaten eta ogibide bat: zorrotzailea. Zorrotzaile eta euritakogilea! Hamasei urte izan arte, lagundu egin nion, aprendiz gisara. Asko bidaiatzen genuen. Zorrotzaileaaaaaaaaaaaaa! —egin zuen oihu, eta txistuaren soinua imitatu zuen, txistu bizi eta zalapartatsua—. Zorrozteko gurpil eramangarria geneukan eta bide guztiak egiten genituen. Gero, hamasei urterekin, lanbideko sekretuak jakinda, erabaki nuen nire kabuz hastea. Modernizatzen lehenengoetarikoa izan nintzen: bizikleta erosi nuen eta esmerila eta leuntzeko harria jarri nizkion. Horrela ez nuen tresna lepoan eramaten: tresnak berak eramaten ninduen! Franco altxatu zen egunean Porto do Som-en nintzen. Hemeretzi urte nituen eta zorrozteko harriak itsaso aldera ninderaman. Inguru horretan anarkista, komunista, sozialista, galegista asko desagertu ziren! Murosetik irten zen ontzi batean alde egin nuen, beste hogei kiderekin. Handik astebetera, arma bat nuen eskuetan eta tiroka ari nintzen, beste hainbeste marinel galiziarrekin, faxista espainiarren kontra, Trintxerpen, Euskal Herrian. 1939an nazioarteko brigadetan zebilen baten lagun egin nintzen, Bob Stanley, Bartzelonan. 22 urte zituen Illinois-ko estalinistak. Ni CNTko brigada batean ari nintzen. Bartzelona erori zen egunean ere erori zen Bob, bala galdu baten erruz. Pep Figueres-ek, lagun anarkistak, agiriak faltsutu egin zizkidan eta Frantziako muga zeharkatu nuen beste hamabost estatubatuarrekin, Bob-en agirietan nire argazkia jarrita. Ez egin berba, esan zidan, zure ingelesa ez da oso ona eta. Abenduaren 20an Bordeletik itsasoratu ginen Adventure itsasontzian. Eta New Yorkeko portuan agurra egin ziguten ehunka antifaxistak, bandera, besarkada eta txarangarekin. Bi urte eman nituen Sagar Handian egunkariak saltzen, baina azkenean erabaki nuen hiri super-errealista horretatik alde egitea. New Yorkeko elkarrizketen % 90ean dirua hitza agertzen zen.

      New Yorken, hori bai, argia deskubritu nuen: zinema. Zinemak bizitza aldatu zidan! Gainera, pasatutakoak pasatuta ere, kalean merke-merke saltzen nituen errealitateko milaka orriak saldu arren, nik ameslaria izaten jarraitzen nuen. Eta mendebaldera jo nuen, amets egiten zutenek argiarekin errealitate zoragarriak sortzen zituzten lekura. Idealistez betetako lurralde batean hobeto ibiliko nintzela barrundatu nuen. Gainera, idealista onen modura, ideia handi bat eduki nuen (edo, behintzat, hori uste izan nuen). Ourenseko senideei zorrozteko harri bat eskatu eta bidali zidaten. Eta kaxan jarri nuen: OSO HAUSKORRA. Otaloreetan bilduta zetorren, lore hori idortuetan. Eta nik neuk egin nituen pedalak, karkasa, gomazko uhala prestatu nuen, mar-mar-mar... Eta osaba Bráulioren zorrozteko harriaren kopia zehatz batekin ireki nuen shop-a, hamar metro koadro, 1942an. Chaos Umbrellas. The best umbrellas in the oest coast! Alokatu nuen zulo txiki bat eta han hasi nintzen labanak, artaziak zorrozten, mar-mar-mar. Eta, bitxia iruditzen bazaizu ere, euritakoak saltzen nituen. Oraindik ez dut ulertzen nola egin nuen aurrera Kalifornian euritakoak saltzen. Kalifornia euri gutxien egiten duen estatua da... Kontua da 1944an beste lokal bat alokatu ahal izan nuela, erdigunetik gertuxeago. Lokal horretan hasi nintzen nire euritakoak egiten. Hobe esanda, eskuz egiten nituen euritakoen kirtenak, bene-benetako artisautza, nire euritakoek nortasun propioa edukitzea nahi nuen. Zorrotzaile eta euritako saltzaile lanak osaba Bráuliorekin ikasi nituen Ourensen. Osaba purista bat zen, badakizu, errespetatuenetako eta onenetako bat zen. Nik esango nuke artisaua baino artista zela. Euritakoak! Hori izan zen Hollywooden bidea egiteko izan nuen ideia zoragarria! Kar, kar, kar. Onena izan zen funtzionatu zuela. Kar, kar, kar. Hasieran zorte handia izan nuen, bezero bitxiekin egin bainuen topo. Lokalaren beirateak Little Italy-ra ematen zuen. Eta horrela hasi ziren italiar dotoreegi asko etortzen, mafiakoak-eta, hori letra larriz idatzi, La Cosa Nostra, nire negoziotik pasatzen ziren aiztoak, labanak eta ganibetak nire zorrozteko harrian zorroztera. Egun batean shop-era sartu zen morroi txiki bat, argal-argala, txiki-txikia, badakizu. Begi urdin handi-handiak zituen. Frank Sinatra zen. Metro Goldwyn Mayer-ekin milioi bateko kontratua sinatu berri zuen. Sinatra morroi maskala zen. Garai hartan oso argal zegoen. Ava Gardnerrek esan zuen Sinatrak 50 kilo baino ez zituela pisatzen, eta horietatik 45 zakilarenak. Sinatra nire lokaletik nire euritako batekin atera eta bizitza aldatzen hasi zitzaidan. Badakizu nolakoa den kontu hau. Orain ia denek ezagutzen dute Beverly Hills, eta ezin izango dut telebista serie cool horietako batean baino hobeto azaldu. Askorentzat ez da inportantea nor izatea, itxurak egitea baizik. Estiloa izatea. Glamourra. Mar-mar-mar. Kontua da zinemako industriako kideek Berlingo barruko arropa eduki nahi zutela, Italiako bainu-jantziak, Leloi Blandour-ek egindako sorgin-orratz formako paparrekoak, mar-mar-mar eta, destinoaren kolpe batek hartaraturik, Chaos Umbrellas. Gainera, nik garai hartan banuen marketin itxuroso bat. Euritako bakoitzarekin liburu bat ematen nuen opari “To the correct use of the umbrellas”. Orri gutxikoa zen, baina umorez betea. Izan ere, hemengoek ez dakite euritakoa eramaten. Euri gutxi egiten du bai, baina hori ez da aitzakia. Irlanda, Polonia, Frantzia eta Indiako jendearekin aritu naiz lanean eta honako hau ziurtatu dezaket: ez dago munduan galiziarrek baino gehiago dakienik euritakoez. Horregatik, pentsatu nuen azaldu ahal niela euritako bat eskutan hartzeko behar-beharrezkoa dela itxura puntu bat, liraintasuna eta, batez ere, ardura. Hemengoek leuntasun berarekin hartzen dute euritakoa zein beisbol-batea. Eta euritakoa ezberdina da. Euritakoek zaindu, babestu, gorde egiten gaituzte. New Yorken galiziar eta baita portuges asko zeuden eta beti ezagutzen gintuzten euritakoak dotore-dotore eramateko moduagatik. Italiarrek beti jakin izan dute gehiago zapatez euritakoez baino. Eta irlandarrek kapelez eta txapelez... Beno, ez dakit zuk zer uste duzun, baina nire ustez euritakoa eramaten ez dakien galiziarra ez da galiziarra, inondik ere ez. Esan ahal dut, hori bai, nire euritakoek prezio bera mantendu zutela Sinatra atetik irten ondoren ere. Milo Chaosen euritakoa bazuen bulegoak garbitzen hiru dolar orduko irabazten zuenak, bai eta produktore kapitalista milioidunak ere. Horrela hasi nintzen ezagutzen zinema industriako dozenaka soinu-teknikari, argi-teknikari, langile, gidoilari, aktore, zuzendari, produktore, mar-mar-mar. New Yorkera joan aurretik, zinema munduko askok erosten zituzten nire euritakoak. Ei, Milo, eman euritako bat, bihar New Yorkera noa eta! Kaliforniakoek uste dute New Yorken beti egiten duela euria. Eta New Yorkekoek uste dute Kalifornian ez duela sekula euririk egiten. Ziur naiz euri tantek ez dutela busti euritako horietako asko eta asko. Baina egun batetik bestera mendebaldeko euritako dotoreenak bihurtu ziren nireak.

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015