Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

8

 

      — Nire biltegian dirua gordetzea. Hori proposatu nion garai hartan sindikatuko lehendakari zen Hugo Butler-i. “Hau izango da miatuko duten lehen lekuetako bat”, esan zidan berak. “Bai, bai, baina ez dute dirua aurkituko. Fida zaitez nirekin!” —esan nion—. Gene Kelly, Hugo Butler eta ni neu gau osoa egon ginen milako billeteak gordetzen 220 euritakoren kirten eta hagetan. 500 mila dolar 220 euritakoren barruan. Inork gehiagok ez zekien non gorde genituen. CIAkoak, handik bi astetara, biltegira sartu eta dena hankaz gora jarri zuten. Susmatuko zuten dirua han egon zitekeela, baina ez zuten ezer aurkitu.

      Milo Chaosek trago bat hartu zuen kopatik eta berriro ere zeruari begiratu zion. Ni, bitartean, isilik nengoen.

      — Ea, poeta, oraindik ez dut idazten duzun ezer irakurri. Ez duzu hortik izango zeure poemetako bat, ezta?

      — Poema bat?

      — Diot nik, ezta? Ez duzu ezer ala?

      Banuen, jakina banuela. Aurreko gauean idatzitako testu bat nuen.

      — ... ataltxo bat... atzo gauekoa... nire hurrengo libururako.

      — Primeran! —txaloka esan zuen Milok— Benetako poetek bezala egiten duzu berba: nire hurrengo liburua. Tira, egurra!

      Eta irakurri nuen:

      Buru gainean liburuak zituzten emakumeak

      Emakumeak otzarak txukundu eta isil-isilik irten ziren kalera gauean. Hamabi emakume ziren. Bere izenak ere esan ahalko nizkizuke. Izen guztiek A hizkia zeramaten.

      Liburutegian liburu asko zeuden, milatik gora, esaten zuten. Gurea bezalako herri baterako liburu asko ziren. Liburuak, aldizkariak, egunkariak eta paper pila bat ziren. Entzun nuen horiek guztiak ostendu behar zirela, askatasuna hitza zeramatelako guztiek.

      Ezin zuten orga bat hartu eta bete: oso arriskutsua zen. Orgaren zalaparta! Inoiz entzun duzu orga baten karranka? Liburutegia handik atera behar zuten, baina isilpean. Desagerrarazi behar zen. Eta emakumezkoak isilak ziren.

      Buruetan oihalak jarri zituzten, oihal gainean otzarak eta otzaren barruan liburuak. Bata bestearen gainean. Ondo baino hobeto gogoratzen dut. Liburu zutabeak emakumeen buruen gainean.

      Ni umea nintzen eta gogoratzen ditut liburu-zutabeak, ilaran, gaua zeharkatzen. Amets baten modukoa zen. Hamabi emakume isilik buru gainean liburuz betetako otzarekin eta astiro ibiltzen. Ez dakit nola mantentzen zuten oreka, liburuak emakumeen gainean. Eta emakumeak liburuen azpian.

      Gauean zehar mugitu zituzten liburuak. Bidaia asko egin behar izan zituzten, hamabi emakume buruetan liburu-zutabeekin. Liburuak tente zeuden zeruari begira. Eurek baino ez zuten jakin liburuak non lurperatu zituzten. Buruan zeramaten liburutegia.

      Garai hartan oso-oso txikia izan arren, urte horretan otzarak buru gainean eramaten eta irakurtzen ikasi nahi izan nuen.

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015