Sorgin ehiztaria
7
— Ezagunak egiten zaizkizu Hollywoodeko Hamarrak? Ez zuten adierazpenik egin euren iritzi politikoen gainean, hori egiteko eskubidea zuten... Libre pentsatzeko eskubidea aldarrikatzen zuten! Baina kartzela zigorrak jaso zituzten Kongresuari men ez egiteagatik. Dalton Trumbo, Adrian Scott, Ring Lardner,... Ring izan zen Woman of year filmaren gidoilaria. Filmak aditzera ematen zuen gizon eta emakumeek berdin balio dutela... Horrek arriskutsu bihurtu ei zuen. Epstein anai-arrebak ere, Casablanca filmagatik Oscar saria irabazi zutenak, salatu zituzten. Haien filmetan aberatsek beti txarraren paperak jokatzen zituzten eta hori kapitalismoaren aurka egitea zen. Baina gobernuak ez ezik... Hollywoodek ere errepresaliei ekin zien. Industriak berak, Metro Goldwyn Mayer-ek bereziki, bere buruaren kontra egin zuen. 50.eko hamarkadaren hasieran Zerrenda Beltzaren eraginez, maila guztietako langileak bota egin zituen: artisauak, beharginak, aktoreak, gidoilariak,... McCarthy eta Washingtongo txerri-potoloek gogor jo zuten disidentziaren aurka. Haran honetan bizi izan ziren batzuek ere koldar, hotz eta eskrupulu barik jokatu zuten. Mayer, Metrokoa, lehena. Eta Disney ere, Walt Disney, zitalenetakoa izan zen! Oraindik 1999an Elia Kazan-en aurkako manifestazio batera joan nintzen, bere ibilbide osoari eman behar zioten Oscar saria zela eta. Kazan kontakatilua izan zen, txibatoa, 1952an kide askoren izenak eman zizkion HUACi. Salatzailea!, ez zitzaidan berba ateratzen. Salatzailea. Berba hori ez dadila falta. Eta kabroiak Oscar saria jaso zuen barkamena eskatu barik. Baina ni hor nengoen Oscar sarien gauean Coliseum Theatre haren ateetan faxismoaren kontra oihukatuz, hirurogeita hamar urte lehenago Francoren kontra oihukatu nuen indar berberaz. Begira. Eta Milok atera zuen kolpe batez diru-zorroa praketako poltsikotik eta L.A. News egunkariaren argazki bat eskuz erakutsi zidan: — Hor dagoena ni naiz... Eta hor zegoen, Milo Chaos, manifa batean, pertsona askoren artean, amorrua begietan eta eskuetan pankarta bat zuela: Kazan say sorry! — Lehen Emendakinaren aldeko mugimenduak erresistentzia-kutxa eratu zuen lehen-lehenik. Zigorrak hasi ziren, komunisten jarraitzaile izan zitekeen edonor kalera botatzen hasi ziren, ekoizte-etxeetatik, industriarako lan egiten zuten enpresetatik, egunkarietatik,... Baten batek ezberdin pentsatzen zuela susmatze hutsarekin... Esaten zuten: ...antiamerikarrak, komunisten lagunak, ez dira fidatzeko modukoak... Eta kaleratuz gero, inork ez zizun lanik ematen. Elkartasunez, industriako kontzientziatuenak dirua jartzen hasi ziren errepresaliatutako kideei emateko, bakoitzak ahal zuen neurrian; eskuzabaltasun handia egon zen: argiketari edo arotzetatik hasita, ondoen kobratzen zuen izarreraino. Ehun mila dolar eman zuenik ere bada. Beraz, erresistentzia-kutxa lortu genuen eta ahalegin handi horri esker, egin ahal izan genion aurre Sorgin Ehizari. Lan barik geratzen ari ziren kideei dirua ematen genien, auziperatuei abokatuak ordaintzen genizkien... Konturatu ginen, gainera, laguntza horiek McCarthy eta enparauak sobera gogaitzen zituztela. Jakin izan genuen Marc Blitzstein, gidoilaria, galdekatu zutenean. Behin eta berriro galdetu zioten ea nork eta non gordetzen zen dirua. Dirua gidoilarien sindikatuko kutxa gotorrean gordetzen genuen. Marc-ek ez zuen berbarik egin, baina handik gutxira baten batek aipatu zuen... Momentu horretan izan nuen ideia hura.
Sorgin ehiztaria |