Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

2

 

      Handik urtebetera, abuztuaren 15ean, Los Angeles hiriko aireportura iritsi nintzen, New Yorken astebete pasatu ondoren Xavi Vallés-ekin. Xavi nire laguna da, asturiarra. Artista plastikoa da eta Zero Gunean dauden grafitiei buruzko ikerketa egiten ari zen. Bere etxeko sofa eskaini zidan bere azken erakusketari hitzaurrea egitearen truke: ekologia eta zeramika, egurrezko kutxatxo batzuen barruan.

      Ameriketako Estatu Batuetara joatea etxe hura erosteko ez zen ezinbestekoa, ezta errazagoa ere. Beharbada burokrazia apur bat gehiago jasan beharko nuen. Salvak, nire anaiak, Vigon egiten du lan notario-bulego batean eta esan zidan ohikoa dela urrutiko salerosketak egitea inoiz itzuliko ez diren etorkinekin. Baina nire bizitzan momentu poetiko-sentimental bat bizitzen ari nintzen eta erabaki nuen nirea izan zitekeen etxea saldu behar zidan pertsona ezagutu behar nuela.

      Morroia oraindik bizirik zegoen, zorte itzela izan nuen; nik orain zaharra zen ume horren hitzak entzun nahi nituen bere ahotik. Bere istorioak bere hitzekin entzun nahi nituen.

      Carlos, nire anaia, enologoa da eta asko gustatzen zaio bidaiatzea. Orain dela urte batzuk han inguruko upategi batean izan zen eta oso ondo egin zidan berba lekuaz. Joan behar duzu, esaten zidan. Interesgarriena, bere ustez, inoiz filmen baten edo telebistan agertu ez diren lekuak topatzea da. Ez da batere erraza, antza.

      Soldom-en esan zidaten Quirogan etxeko jabearen koinatu bat bizi zela, nagusientzako erresidentzia batean. Prada izenarekin ezagutzen zuten denek:

      — Prada jauna? —galdetu nuen erresidentziaren atarian.

      Kanpoan zegoen, ortuan. Morroia serioa zen, oso, eta ezpainetatik zintzilik zigarro-muturra zeukan. Hamar berba baino gutxiago egin zituen nirekin.

      — Hemendik egon behar du —oihu egin zuen jakako poltsikoan zuen agenda batean telefono zenbaki bat bilatzen ari zen bitartean.

      — Eta zelan du izena? —galdetu nuen.

      — Emílio zuen izena —erantzun zidan.

      Baina ez dakit zergatik esan zuen Emílio “zuela” izena, hilik egongo balitz bezala.

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015