Sorgin ehiztaria
3
— Kaixo, Emíliorekin hitz egin nahiko nuke. — Ni naiz, Milo. Eta isilik geratu zen. — Galizatik deitzen duzu? —galdetu zuen. Eta bai, Galiza esan zuen, naturaltasun osoz. Bere hitzek bazuten ukitu anglosaxoi txikia, txiki-txikia. Etxea erosi nahi nuela esan nion. Labur-labur azaldu nion gustukoa nuela bidaiatzea eta hurrengo urtean Kaliforniara joateko asmoa nuela. Akordio batera helduz gero, hitz egiteko eta paperak konpontzeko erabili genezakeela. Esan nion Compostelan bizi naizela, lagun batzuen bidez ezagutu nuela auzo txikia eta etxeko teilatuari elurte bat baino ez zitzaiola falta jausteko. Gainera, aurrez aurre ezagutzeko gogoa nuela esan nion. Hitz batzuk egin nahi nituen berarekin. Etxeko istorio batzuk konta zitzala nahi nuen... Jakin-mina, badakizu, esan nion. Asko hitz egin nuen, oso jarraian, urduri bainengoen eta itxaron egin nuen. Isiltasun segundo luze batzuk pasatu ostean, beste aldeko ahots sakon eta higatuak honela esan zidan: — Eta zu ez zara izango poeta, ezta? Eta nik, eskuartean sekretu batekin harrapatu izan banindute bezala, erantzun nion: — Ba gutxi gorabehera bai... Eta berak amaitu zuen: — Nire bizitzari buruzko poema bat egiten badidazu, etxeko prezioa jaitsiko dizut. Bitxia bada ere, nik ez nion prezioari buruz galdetu. Ez dakit oso ondo zelan azaldu. Uste dut istorio hau berezi egiten duen gauzetako bat dela. Antza denez, etxeko prezioa zuzena izatea espero nuen hasieratik. Eta, egia esateko, ez dakit oso ondo zein izango zen prezio zuzena, Galizia barruko etxeen prezioari buruzko tratatua egin barik. — Oraintsu egon behar dira —esan zuen— haraneko txilarrak loratzen, ezta? — Horrela egon beharko lukete, baina sutea egon zen, Emílio, eta mendi osoa kiskalita dago. — Ematen du hango hautsa —erantzun zuen— usaintzen ari naizela...
Sorgin ehiztaria |