Sorgin ehiztaria
6
Hurrengo egunean Milo Chaosek aurreko egunean baino irribarretsuago hartu ninduen. — Eseri, eseri... Begiratu argazki hau. Kolorea erdi galduta zeukan polaroid argazki zaharra zen. Argazkian Milo Chaos agertzen zen urte batzuk lehenago eta buru gainean papagai bat zeukan. Papagai gorri bat. — Hara, denbora mordoa pasatu da. Eta hemen dagoena, zer, lagun bat? — Laguna bai, baina emea... Kontatuko dizut. Begira, badaramat denbora asko nire herriko norbaitekin lasai berba egin gabe... Nire jatorrizko hizkuntzan, gure hizkuntzan... 1945. urtearen inguruan konturatu nintzen berba asko eta asko galtzen ari nintzela. Ingelesez egiten nuen guzti-guztiekin, ingelesez idazten nuen eta ingelesez pentsatzen ere hasia nintzen, mar-mar-mar... Maoriek, Zeelanda Berrian, uste dute, dena delakoagatik, egunen batean zure hizkuntza, zure herriaren hizkuntza galtzen baduzu, amets egiteari uzten diozula. Eta nik ez nituen nire hizkuntza eta nire ametsak galdu nahi, inondik inora. Ez naiz mota horretako pertsona. Horrela, lantzean behin Portugal, edo Brasil, edo Angolako batzuekin aritzen nintzen hizketan... Los Angeleseko Brasilgo etxearen jai askotara joan naiz bai, ez pentsa! Ummm, musika hori, erritmo hori, patxada hori,... Eta lehen, New Yorken, galiziar asko ezagutu nituen. Newark hirian gure herriko pertsona asko eta asko zeuden, milaka. Baina Kalifornia aldean... ba ez. 1945ean etxean papagaia zuen poloniar bat ezagutu nuen. Gau batean parranda bere etxean amaitu genuen, whisky oso ona zuen ummm... eta gau horretan ezagutu nuen papagaia. Mendebaldeko kostaldean ez dago poloniar asko —esan zidan— eta txoriarekin polonieraz hitz egin ahal dut. Ideia zoragarria iruditu zitzaidan! Orduan, gauza bera egin nuen. Begira: argazkikoa Rosalia da. Ai, Rosalia!... Bide batez, badakizu zenbat urte bizi daiteke papagai bat? — Ez dakit... hogei, hogeita hamar urte? — Rosaliak nirekin eman zituen berrogeita hamar urte. Berrogeita hamar urte elkarrekin, e, adiskide! 1995ean hil egin zen. Argazki hau gutxi gorabehera... 1980. urte ingurukoa izango da. Berrogeita hamar urte horietan galizieraz egin ahal izan nuen egunero... Egia da ere Rosaliak, hitz jario handia izan arren, ez zeukala zer esan handiegirik... Behin eta berriro gauza bera esaten zuen! Baina, gutxienez, baneukan norekin berba egin goizean altxatzen nintzenean eta gauean ohera joan aurretik... Milo zerura begira jarri zen, irribarretsu, irribarre alai eta liluragarriarekin, ia-ia ume baten modukoa. Esan nion: — Ba, Milo, istorio horrek gogora ekarri dit Humboldt-en papagaiarena... Ezagutzen duzu? — Humboldt, naturalista? — Bai... ni poeta izateaz aparte, hizkuntza irakaslea naiz eta egun batean eskolak prestatzeko liburu bat irakurtzen ari nintzela, istorio honekin egin nuen topo... —eta kontatu nion—. Bere espedizioetako batean Alexander von Humboldt zientzialaria Orinoko ibaira hurreratu zen, gaur egungo Venezuelatik gertu. Herrixka horietako batean Humboldt harritu egin zen: indiarrek papagaiak etxekotu zituzten, luma deigarriak zituzten, purpura kolorekoak, urdinak, horiak,... Momentu batean, Humboldti erakutsi zioten berba egiten zuen papagai bat. Txori zaharra zen hura. “Zer esaten du?” galdetu zuen Humboldtek. Baina herri horretan bizi zen inork ez zituen txoriaren berbak ulertzen. Humboldtek galdetu zuen zergatik, zergatik ez zuen inork ulertzen, eta bertakoek adierazi zioten papagaiak beste hizkuntza bat egiten zuela berba, atur herriaren hizkuntza hain zuzen ere, azken gerrateetan garbitu zuten herri baten hizkuntza. Papagaia zen hizkuntza haren azken hiztuna. Eta Humboldt txoriaren mokotik hizkuntza entzun zuen azkenetakoa izan zen. — Oso istorio ona, poeta... Pena Rosalia ezagutu ez izana. Ikusteko modukoa zen! Errepikatzen zuen “Adios rios, adios fontes, adios rios, adios fontes” egunean ehun bat aldiz! “Negra sombra que me asombras, negra sombra que me asombras! Uak! Uak!”. Milo Chaos eta biok barrez lehertzen hasi ginen. Aurreko egunean harrera egin zidan mexikarra irten egin zen, zaratagatik. Milok aprobetxatu zuen bi ardo kopa eskatzeko. Bere hankei begiratu eta konturatu nintzen galtzerdi urdin bat eta galtzerdi more bat zeramatzala. — Aizu, Milo, zergatik daramazu galtzerdi bat kolore batekoa eta bestea beste batekoa? — Ez al dakizu nork eramaten dituen beti galtzerdiak kolore ezberdinekin? — Nork? — Sorginek. Milok trago bat egin eta jarraitu zuen: — Tira, ba. Grabatzeko gailua ekarri duzu, ezta? Ba, jarraitzen dut... Itzuliko gara mila bederatziehun eta berrogeitaka urteetara, mar-mar-mar. Zenbait sindikatu antolatuta zeuden gurean. Indar handiena zuen gidoilarienak, CSUk... Pertsona gehienek bazuten kontzientzia politikoa... Beren burua defendatzen zekiten gehienek. Kontua da 1947an sortu zutela Kongresuan Ekintza Anti-Amerikarren Batzordea, HUAC delakoa. Gizartea kontrolatzeko gose zen kontserbadore partida bat... Benetako fundamentalistak... Faxistak! Washingtongo faxistek bazekiten ondo zinemak zuen indarra eta indar hori ezin zela egon idealisten eskura. Ameslarien eskura. Eta HUAC akusazioak egiten hasi zen... Ezin ospetsuagoa den Sorgin Ehiza! Urte horretan bertan ere sortu zen defentsa gisara, hiritarren askatasunen defentsan, Lehen Emendakinaren aldeko Batzordea. Lehen bilera Beverly Hillsen egin zuten, Ira Gershwin-en etxean. Pentsatzeko askatasuna baino ez zuten babesten. Bilera haietan parte hartzen zuten batzuek ezagutzen zuten nire esperientzia gerran eta, horregatik, gonbidatu ninduten eta batzarretara joaten hasi nintzen. Batzar orokorretan batzen ginen iturginak, makillatzaileak, argiztatzaileak, gidoilariak, aktoreak eta abar... 1947an industriaren parte sentitzen nintzen... Gogoratzen dut bilera haietako batean Lauren Bacallek esaten zuena. Haren ustez, arazoa ez zen komunismoa, ezin ginen horrekin nahaspilatu, arazoa gobernuaren taktika hitlerzalea zen, taktika errepresiboa. Txarto gogoratzen ez badut, garai hartan industriako talde txiki bat Washingtonera joan zen adierazpen askatasuna eta libre pentsatzeko eskubidea defendatzera. Haien artean zeuden John Huston, Danny Kaye, Larry Adler, Bacall, Bogart eta Gene Kelly. Herrialde osoko zinemen argiak pizten zituzten begiak, bihotzak, eskuak ziren haienak. Hitzak eramaten, komunikatzen, balio amerikarrak sortzen zituztenak ziren... Horregatik izan zen sorgin ehiza hain gogorra. Izan ere, pentsatu behar zen moduan ez pentsatzeagatik mehatxu gisa ikusten zituzten, herrialdearen egonkortasunerako mehatxu gisa. Sobietarren kontrako Gerra Hotza hasi berria zen eta gobernuak oso era bitxian irudikatzen zuen bere imaginarioa: amets amerikarra, mundu librea, demokraziaren irudia,... Artistak arriskutsu bihurtu ziren. Dangerous people. Europan borrokatu nuen faxismo bera aurkitu nuen hemen, munduko herrialderik demokratikoena omen zen honetan... Mar-mar-mar. Hor hasi zen Zerrenda Beltza, idatzi egizu letra larriz: The Blacklist. Zerrenda Beltzean egoteak lanik gabe utz zezakeen ustez komunista zen edonor, bazterketara kondenatuz. Difamazioak, traizio akusazioak, faxismoak zerabilen zigorgabetasuna itzela izan zen. Kongresuak 1952an Zerrenda Beltza egin zuen publiko. Bertan agertzen ziren 342 anti-amerikar eta horiei ezin zitzaien lanik eman! Izenen artean Bertolt Brecht, Frank Capra, Dashiel Hammett, Charles Chaplin,... Chaplinek Suitzara jo zuen. Egun batean haren etxera joan omen ziren bisitan Immigrazio Saileko langileak. Momenturen batean galdetu zioten: Chaplin jauna, egia da zure diskurtsoetako batean “kamarada” hitza esan zenuela? Zer esan nahi zenuen horrekin? Eta Chaplinek erantzun zuen: Ba, zehatz-mehatz horixe bera. Bilatu ezazue hiztegian. Ez nekien komunistek berba horren jabetza zutenik...
Sorgin ehiztaria |