Sorgin ehiztaria
10
Hurrengo egunean Milo nire zain zegoen bere etxeko atarian. — Kaixo, poeta, badakizu orain dela denbora asko ez naizela autoan ibiltzen? Zer iruditzen zaizu buelta bat emango bagenu? Ordubete geroago Ford luzexka bat ari nintzen gidatzen Santa Rosa haranean zehar. Hitz egiten utzi zidan, autoan loak hartzen zuelako. Nik gure herrian gertatzen ari ziren gauza batzuk kontatu nizkion. Gero esan zidan: — Hemen, haran honetan grabatu zuten Invasion of the Body Snatchers... Eta momentu horretantxe azaldu zen errepidean oreina eta Daaaaanbaaaa! Oreina airetik erori zen, ezker aldetik, hiru metroko jauzi bat eginez Ford autoaren eskumako alderdiaren kontra. Motel gindoazen, baina oreina erori, gure kontra jo eta Ford autoko beheko aldetik desagertu zen. Iiiiinnnkkk. Autoa azkar geldiarazi genuen, tlonk, tlank, tlonk entzuten, animalia auto azpitik. Uf. — Lasai egon —esan zuen Milok— orein bat baino ez da. Autotik jaitsi ginen. Begiratu egin genuen. Eta nik ahoa itxi egin nuen. Forda ez zegoen kaltetuta. Animalia autoaren erdi-erdian zegoen, beheko aldean, eta adarrak autoaren eta asfaltoaren artean zituen. Ez zen mugitzen. — Animalia gaixoa! —esan nuen. — Hortik behetik atera behar dugu... —esan zuen Milok. Autoan sartu nintzen eta atzera eta aurrera egin nuen. Ezer ez. Oreina trabatuta zegoen auto azpian. Eskumara, ezkerrera egin nuen, aurrera, atzera, atzera, aurrera eta ezer ez. Oreinaren adarrak autoren azpietan zeuden iltzatuta. Odol arrastoa apur bat handiagoa egin zen. Hiru minutu gehiago egin nituen maniobra fin eta bortitzak egiten eta bat-batean Milok oihu egin zuen: — Fuck chingado! Maletategia ireki eta katua atera nuen. Biraderari eragin eta autoa altxatu nuen. Oreina adarretatik heldu, tiraka egin eta izterretatik indarra egin nuen. Atera egin zen. — Sartu maletategian —esan zuen Milok. — Zer? —oihukatu nuen. — Eraman egingo dugu —esan zuen. Ez nuen erantzun. Lepotik animalia besarkatu nuen, bero-bero zegoen oraindik, eta nire ustez erre egiten zuen. Eskuetan geratu zitzaidan odol arrastoak irakin egiten zuen. Berrogeita hamar kilometro egin nituen neure kolkorako pentsatuz, isilik, bekoki ilunez: Zertarako demontre nahiko du zahar honek orein hila? — Txitxi-burruntzi bat egiteko —esan zuen azkenean—. Etxeko sukaldaria, Mike, mexikarra da eta barbakoak egitea atsegin du. Pozez zoratzen egongo da. Eta bihar, haragia denontzat! Gora kolesterola! Eta txistu egin zuen zorrotzailearen soinua imitatuz.
Sorgin ehiztaria |