Sorgin ehiztaria
12
— Eta zer gertatu zen McCarthyrekin? — Joseph Raymon McCarthy! Estatu Batuetako moralitatearen eta etikaren defendatzaile gorena! Zuzentasun eta baloreen babeslea! Sorgin ehiztaria! McCarthysmoaren amaiera Singin' eta Generen dantzarekin hasi zen. Ezagutzen dituzu Salem-eko sorginak? — Ba ez. — Gehiago irakurri behar duzu, poeta! — ... — Arthur Miller idazleak hurrengo urtean idatzi zuen eleberri hori, McCarthysmoaren eta sorgin ehizaren kontrako alegatu gisara. Momentu latzak ziren... Gehienek errepresioa bultzatzen zutenen bertsioa irakurtzen zuten egunkarietan, entzuten zuten irratietan, ikusten zuten telebistan, behin eta berriz, hogeita lau ordu egunean! Faxisten ahotsa leku guztietan entzuten zen eta egia sakrosantua zen! Eta bertsio ofiziala irensten ez genuenok bakarrik sentitzen ginen, gezur askoren artean zanpatuak, makurraraziak. — ... — Baina Singin' zinemaratu eta gutxira, egun batean kazetari zintzo bat agertu zen telebistan, Murrow, beste kazetariak ez bezala gezurrak irentsi nahi ez zituen kazetari pipertua. CBS katetik kaleratu egin zuten, presioengatik, hala uste dut. Baina gero egia esaten zuen beste kazetari bat agertu zen irratian... Eta gero beste bat... Eta apurka-apurka ireki egin zen gero eta handiagoa izango zen arrakala... — ... — Gogoratzen dut McCarthy, irratitik xuxurlaka barea izango balitz bezala, inoiz oso ondo ulertu ez nuen esaldi bat: “Sentituko dute gure arnasa lepoan”. — Hara, Harry Zikinaren esaldia ematen du. — Edo Vito Corleonerena! Algaraka hasi zen Milo. Amaitu orduko, jarraitu egin zuen: — Burua makurtzeari utzi genionean, McCarthyrenak egin zuen. Presio soziala zela eta, eta bere sokako batzuen traizioagatik, politika utzi egin zuen 1954an. Zuzentasunaren defendatzailea, bekatarien jazarlea,... berrogeita hamar urte egin baino lehen hil egin zen zirrosiak jota. Primerako zurruteroa zen! Milok haranaren sakontasunera bota zuen begirada, Hollywoodeko letra handiei begira. — Grabatzen ari zara? —galdetu zuen. — Bai. — Zer iruditzen zaizu bihar goizean hegazkina hartu aurretik notarioaren bulegotik pasatzen bagara eta etxearen paperak sinatzen baditugu? — Zenbat? —galdetu nuen. — Poema bat —esan zuen berak. — Zer? — Poema bat. Eta horrela azaldu zen kontratuan. Notario kolonbiar batek idatzi zuen kontratua spanglish-ez: “EROSLEAK ordaintzen dio oraintxe bertan SALTZAILEARI POEMA BAT.” Aurreko arratsaldean, oreina maletategian genekarrenean loak hartu zuen Milo, Black Sabbath taldearen musikak ozen jotzen zuen bitartean. Milok poztasun irribarre itzela zuen ezpainetan. Ederra. Laurogeita hamar urtekoa. Laurogeita hamar urteko irribarre ederra oso irribarre ederra da. Milo esnatu zen Fordaren motorra itzali nuenean, bere erresidentziaren zerbitzuzko atearen ondoan. — Tira, goazen deskargatzera... —esan zuen. Eta Milok maletategia ireki zuenean, bat-batean, oreinak bizkor, leun eta basati egin zuen salto, haize baten modura, barrutik egin zuen salto, maletategia malgukiak dituen sorpresa kutxa bat izango balitz bezala, eta txup-txup, jauzi isil eta dotoreak eman zituen errepidetik korrika hasi baino lehen, herrenka ibili gabe, etorbideko izkinatik desagertu aurretik semaforo gorri bat zeharkatu ondoren.
Sorgin ehiztaria |