Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

9

 

      Gau hartan Emíliorekin bapo afaldu nuen Greziako olioa zuen entsalada eder bat. Horren ostean, ostatuko gelan internetera konektatu nintzen. Lehenik, Emílio Chaos bilatu nuen. Trafiko isunak ordaindu gabeko zordunen zerrenda bat eta administrazio izaerako beste bi sarrera baino ez nituen aurkitu. Ezer aipagarririk ez. Gero, Milo Chaos: ezer ez. Gero wikipedian bilatu nuen Gene Kelly. Han bai, lerro batean esaten zen Lehen Emendakinaren aldeko mugimenduan hartu zuela parte. Deigarri egin zitzaidan beste kontu bat: “Gene Kellyk euripean grabatu zuen eszena ospetsua sukarrarekin, 39 gradurekin. Eta eszena grabatu aurretik, akupuntore eta medikua den Victor Carneiroren kontsultan izan zen”.

      — Zein da, ba, Victor Carneiro delako hori? Mediku portugaldarra, brasildarra, beharbada beste galiziar bat?

      Hurrengo egunean galdetu nion Milori. Eta berak azaldu zidan:

      — Carneiro... brasildarra zen bai. Nik ez nuen ezagutu. Carneiro medikuak kontsulta zeukan Holly River plazan. Bistaz ezagutzen nuen, baina ez nuen sekula berarekin hitzik egin. Kalifornian akupuntura egiten lehenengoetarikoa izan zen. Eta bai, Gene Kellyri gustatzen zitzaion lagunei kontatzea eszena grabatu zen gauean gertatutakoa... Hori izango zen 1951n, bai 1951n grabatu zen Singin' in the Rain filmaren eszena ospetsua. Urtarrilaren 8an hasi zuten grabazioa. Eta 9an HUACen aurrera adierazpenak egitera deitu ninduten. Hollywoodeko Hamarrak bezala, ez nuen iritzi politikoen gaineko adierazpenik egin. Eta eurak bezala, zigortu ninduten. 15ean sartu nintzen konderriko kartzelan men ez egiteagatik, bi urteko zigorra. Kartzelara sartu ninduten egunetik aurrera, nire euritakoak izurri bihurtu ziren. Poliziak zure etxean Chaos Umbrella bat aurkitzea Karl Marxen Kapitala aurkitzea baino arriskutsuagoa izan zitekeen. Kar, kar, kar. Eta gero jakin nuen nire bezeroetako askok euritakoak su bizian erre zituztela. Warren Newcombek, Singin'-eko efektu berezien arduraduna izan zenak, esan zidan berak euritakoa lorategian lurperatu zuela, sindikatuko txartelarekin batera. Beldurrezko haziak erein ziren eta landareak loratu ziren. Bide batez, loreei buruz ari garela...

      Milok zerura begiratu zuen, pentsakor.

      — ... badakizu zeren hutsunea nabaritzen dudan hemen? Otaloreen soinuen hutsunea.

      — Zer? —galdetu nuen harrituta.

      Milok harri eta zur begiratu zidan, benetan harri eta zur.

      — Otaloreen soinua... ez duzu inoiz entzun otaloreen soinua?

      Ez, esan nion begiekin.

      — Ba, otaloreek hitz egiten dute.

      Nahiago dut poema gisara transkribatzea Milo Chaosek etenaldi luzeak eginez kontatu zidan hura. Hauek dira bere ahotsetik irten ziren hitzak bertso gisara, neuk grabatu eta zehatz-mehatz hona ekartzen ditudanak, berak egindako isiluneak eta guzti.

 

            Otaloreen soinua

            entzun daiteke hazia askatzeko

            fruituak irekitzen direnean.

            Umea nintzenean

            egun batean amamak esan zidan:

            “Gaur otaloreek egingo dute berba,

            gaur bero handia egingo du.

            Zoaz, zoaz otaloreak entzutera,

            ea zer esaten duten”.

 

            Eguzki beteko eguna zen, goizez,

            eta arin irten nintzen otaloreen soinuaren bila.

            Otaloreen soinua entzutea erraza da,

            arreta baino ez duzu jarri behar.

 

            Otaloreen fruitua leka txiki bat da

            eta apurtzen denean entzun daiteke,

            zazpi edo zortzi hazi ńimińo

            askatzeko irekitzen denean

            entzun daiteke.

 

            Heldu nintzen arnasestuka,

            otaloreengana hurreratu,

            eta adi geratu nintzen

            arretaz, arreta handiz...

            Eta otaloreen soinua entzun nuen.

 

            Eta ordutik, ahal nuen guztietan,

            otaloreek esaten zidatena

            aditzera geratzen nintzen.

 

            Badakizu, oraindik egiten dut,

            amets egiten dudanean.

            Etxean nagoela amets egiten dudanean,

            mendian nagoela,

            otaloreek hitz egiten dute, eta nik entzuten dut.

            Otaloreen artean jartzen naiz eta,

            arreta handiz,

            entzuten dut...

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015