Sorgin ehiztaria
11
— Gene Kelly heldu zen Metroko estudioetara sukarrarekin, 38 gradurekin. Plato handian sartu zen, entseguz entsegu bi egun eman zituen, oilo baten moduan busti-bustia, orduak eta orduak arropa blai eginda. Gaixo eta beirazko begiekin heldu zen. Victor Carneiro mediku brasildarraren kontsultan bi ordu baino gehiago eman zituen, akupunturarekin... Genek esaten zuen ehun orratz baino gehiago sartzen zizkiola... Carneiro medikuak diagnostikoak egiten zituen mingaina behatuz. Ez galdetu niri hori zelan egiten den, baina Gene poz-pozik zebilen berarekin. Gau hartan orratzek sukarra apur bat jaitsi eta muskuluak askatu zizkioten. Inork ez daki zelan egin ahal izan zuen hori. Irribarre hori. Dantza egiteko modu hori. Kokainaren eraginpean zegoela esaten dute zenbaitek, baina Kellyk asko zaintzen zuen bere burua, kirola egiten zuen eta ez zuen drogarik hartzen. Euripeko dantzaren eszena hura lehenengo saiakeran grabatu zen! Ez dut uste zinemaren historian beste inork lortu duenik eszena hark ekarri zuen alaitasun eta bizipoza. Filma 1952an estreinatu zen eta ikaragarrizko arrakasta lortu zuen! Ikusleek biziki maite izan zuten. Genek dantza egiten zuenean ikusleen begiek distira berezia egiten zuten. Gaur egun ere halatsu gertatzen da. Euripeko dantzaren eszena dela-eta. Gene oso morroi ausarta izan zen eta pentsamendu askatasuna defendatzen oso irmoa. Ez zuen gertatzen ari zena jasaten, atxiloketak, ehiza bera, lana galdu behar zutenak, umiliatutako familiak,... Faxismoa! Eta gau hartan grabatu zuen Singin' in the Rain nire euritako batekin. Genek, bere lagun Stanley Donen-ekin batera, oso ondo aztertu zituen 130 segundo haien gorabehera guztiak. Begira, gogoratzen duzu amaiera aldera Gene bizi-bizi txipli-txapla ari denean agertzen den polizia? Paper hori egiteko McCarthyren doblea bilatu zuten. Poliziarena egin zuen aktore hori McCarthyren berdin-berdina zen! Eta denek zekiten euritako hark zer islatzen zuen —1952an zuk uste baino gehiagok zekiten—. Eta ikusi zuten euritakoa biratzen, dantzan, igotzen, jaisten, plano labur eta orokorretan, askatasun eta alaitasunaren sinbolo gisa, bizitasun eta emozioaren sinbolo, pasioaren sinbolo. Ni konderriko kartzelan nengoen lehen aldiz zinemaratu zen gauean. Film hartan nire euritako bat agertzea —eta 23 milioi pertsonak ikustea— izan zen Gene Kellyk egin ahal izan zuen elkartasun keinurik onena pentsamendu askatasuna defendatzeko eta jazarpen ideologikoa salatzeko. Tira. Gene Gene zen. Oso baikorra. Berak beti esaten zuen: itxitako eskua azkenean beti irekitzen da. Beti ez da horrela baina... Nahiz eta Akademiako sarietarako film faboritoa izan, Singin' in the Rain sari barik geratu zen. Euritakoaren eszenak kendu zizkion Generi zuzendari onenaren, film onenaren eta aktore onenaren Oscar sariak. Zero. Eskuin muturreko kanpaina basati batek salatu zuen komunista eta anti-amerikar gisara. Gero jakin dugu, McCarthyk, euritakoaren eszenarekin suminduta, presidentea bera presionatu egin zuela. Eskandalua zen. Ezin zen hori jasan! Euritako hori euritako iraultzailea zen! Gure sudur aurrean ari dira astintzen bandera gorria! Eta Akademiak kendu egin zion saria. Baina urte horretan Milo Chaosen euritakoak berriro saltzen hasi ziren, inoiz baino gehiago. Alaitasunaren euritakoa zen, bizitasunaren euritakoa, irribarrearen euritakoa euri-jasaren erdian. Chaos euritakoak itzuli ziren kaleetara, eta jendeak harrotasunez erakusten zituen: Kaixo, Chaos bat da, benetako Chaos bat, a true Chaos! Gene Kellyrena bezalakoa! Injustizia, faxismoa, ekaitza gure gainean erortzen denean, beti edukiko dugu honen moduko euritako bat potxingoen gainean dantza egiteko. Euritako honekin askatasuna daramagu gure barnean. Kantu hura txistukatzen dugunean... Badakizu, momentu horietan, izugarriak pairatu arren gurekin ezin izango zutela sinetsi behar genuen. Kosta ahala kosta. Hauxe da historiako euritako ospetsuenaren istorioa. Edo behintzat horrela diot nik, umiltasun gutxirekin, egia da... Badakizu, zorrotzaileak horrelakoak gara! Milok zerura begiratu zuen beste behin ere, pentsakor. — Eta orain esadazu —esan zuen— zer nahi duzu kontatzea Solom herrixkako etxeari buruz? Iruditu zitzaidan Milok malko bat zuela begi-txokoan, baina paretik kendu egin zuen eskuarekin. Eta jarraitu egin zuen: — Badakizu, gauza gutxi kontatu ahal izango dizkizut etxeari buruz... Handik alde egin nuen bederatzi urterekin, agian hamar urterekin... Gogoratzen dudan azkena da otaloreen soinua. Gauza gutxi gehiago. Ama hil zitzaidan eta osaba Bráulioren etxera joan nintzen, Ourensera, eta ia-ia ez dut ezer gogoratzen. Horrenbeste denbora pasatu da...
Sorgin ehiztaria |