Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015

 

 

4

 

      1916an jaio zen, 92 urte zituen eta Emílio Chaos deitzen zen. Eta ni taxi baten barruan nindoan nazioarteko aireportutik Holly Dreams erresidentziaraino. Holly Mountain kalean zegoen, Hollywood hitza osatzen duten letra erraldoien mendiaren magalean, hain zuzen ere.

      — Mister Emílio Chaos? —galdetu nuen atarian.

      — Oh yeah, Mister Caos! —erantzun zuen begi biziak zituen mutiko hispano batek, Mexikoko bandera zuen kamiseta soinean zuela.

      Mister Caos, tira, Chaos, Caos, bitxia da gero, pentsatu nuen.

      Mister Caos lorategitik paseoa egiten ari zen. Zuriz jantzita zihoan, oinetatik txapelera.

      Elkarri bostekoa eman eta esan zidan:

      — Gurpildun aulkian egongo zen agurea espero zenuen, ezta? Menditarrok burdinazko hanka indartsuak ditugu.

      Haren irudiak ez zuen antzik bidaian zehar diseinatu nituen 27 irudiekin. Ile gabeko gizonen karikaturak egin nituen, besomotzak, urrezko haginekin, begian partxea zuen bat, beste bat txapelarekin, Hawaiiko loreak zituen kamiseta batekin, tira, ba ez, ez nuen asmatu. Eta mila karikatura eginez gero ere, ez nuke asmatuko. Benetako Emílio Chaosek, edo Caosek, ilea urdinduta zeukan, zuri-zuria, kirrudun txima luze batean txirikordatua lepoetatik zintzilik. Eta begiak urdinak, zeru-urdinak. Eta, bitxia bada ere, galtzerdi laranja bat eta galtzerdi berde bat zeramatzan.

      Literaturari diodan errespetua gorabehera, hobe da egun horretan bertan ostatura iritsitakoan egin nuen diseinua ikustea.

 

 

      — Hankak gogorrak ditut, bai... baina ez dezagun bihotza behartu —esan zidan eskua askatuz besarkada ikaragarri gogor batetik—. Jesarriko gara lorategian, poeta.

      — Hara, berriro ere. Emílio, zergatik galdetu zenidan telefonoz aritu ginenean ea poeta nintzen?

      — Zergatik? Poeta bat behar nuelako —esan zidan berak—. Eta hemen daukat. Aizu, Milo, Milo deitzen naiz. Orain dela urte asko utzi nion Emílio izateari.

      Horren ostean bera hasi zen galdezka. Eta nik bere “zergatik” guztiei erantzun egin nien. Zergatik erosi nahi nuen etxea, zergatik nahi nuen berarekin aurrez aurre hitz egin, zergatik etxe hura eta ez beste edozein, zergatik auzo txiki horretan, zergatik Courel-eko mendialdean,... Interes handia ere agertu zuen nola askoren aurrean, oinarri-oinarrian “Nola doa herria?” galderari erantzuten ziotenak.

      Hitz egin nuen, hitz egin nuen eta hitz egin nuen. Milok gasik gabeko ura eskatu zuen, eta nik beste bat. Amaitu genuenean, eskuarekin keinua egin eta ardo kopa bana ekarri ziguten. Eta faxismoaren kontra egin genuen topa. Bai, bai, honakoak izan ziren bere hitzak: Askatasunaren alde eta faxismoaren kontra!

      Grabagailua pizteko baimena eskatu nion. Palmondopeko gerizpean bere hitzak erregistratzen hasi nintzen bi kopen artean talka egin ondoren.

 

 

Sorgin ehiztaria
Sechu Sende

euskaratzailea: Txerra Rodriguez
armiarma.eus, 2015