Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

14. KAPITULUA

 

 

Nire heroitasuna heriotzari aurre egitea izan zen

 

        Inoiz ez nuen pentsatu hamar egunean baltsa baten gosea eta egarria jasateagatik gizona heroi bihur zitekeenik. Nik ezin nuen besterik egin. Baltsa urarekin, presioz enpakaturiko gailetekin, konpasarekin eta arrantzarako tresnekin horniturik egon balitz, segur aski orain nagoen bezain bizirik egongo nintzen. Baina desberdintasun bat egongo zen: ez ninduten heroitzat hartuko. Halandaze heroitasuna, nire kasuan, ez hiltzeko hamar egunean goseari eta egarriari aurre egitetik baino ez dator.

        Nik ez nuen heroi izateko ezelako ahaleginik egin. Nire ahalegin guztiak salbatzeko izan ziren. Baina salbazioa ospez inguratuta etorri zenez, sorpresadun bonboiekin gertatzen den antzera heroi tituluarekin saritu zutenez, ez daukat beste erremediorik salbazioa jasatea baino, etorri zen legez, heroitasun eta guzti.

        Heroi bat zelan sentitzen den galdetzen didate. Inoiz ez dakit zer erantzun. Nire aldetik, ni lehen legez sentitzen naiz. Ez naiz aldatu ez kanpotik ez barrutik. Eguzkiaren erredurek ez didate gehiago minik ematen. Belauneko zauria orbandu egin da. Luis Alejandro Velasco naiz berriro ere. Eta horrekin nahikoa dut.

        Aldatu dena jendea da. Nire lagunak lehen baino lagunago dira. Eta imajinatzen dut nire kontrakoak ere kontrakoago direla, horrelakorik daukadanik uste ez badut ere. Baten batek kalean ezagutzen nauenean animalia bitxi bati legez geratzen zait begira. Horrexegatik janzten naiz zibil, jendeari baltsa baten hamar egunean jan eta edan barik egon nintzela ahaztu arte.

        Pertsona inportantea izaten hasten zarenean daukazun lehenengo zentzazioa, egun guztian eta gau guztian, edozein egoeratan, jendeari zuk zeure buruaren gainean berba egitea gustatzen zaiola da. Cartagenako Itsasoko Ospitalean konturatu nintzen horrekin, inork nirekin berbarik ez egiteko zaintzaile bat jarri zuten han. Hirugarren egunean guztiz suspertuta sentitzen nintzen, baina ezin nuen ospitaletik irten. Banekien alta ematen zidatenean mundu guztiari kontatu beharko niona ipuina, zergatik eze, zaintzaileek ziostatenaren arabera, niri erreportajeak egiteko eta argazkiak ateratzeko herri guztiko kazetariak heldu ziren hirira. Euretariko batek, hogei zentimetroko luzerako bibote itzela zuenak, berrogeita hamar argazkitik gora atera zizkidan, baina ez zioten utzi nire abenturarekin zerikusirik zuen galderarik egiten.

        Beste bat, ausartagoa, mediku mozorrotu zen, zainketa saihestu zuen eta nire gelan sartu zen. Garaipen entzutetsua izan zuen, baina txarto pasa zuen.

 

 

Erreportaje baten historia

 

        Nire gelara neure aita, zaintzaileak, medikuak eta Itsasoko Ospitaleko erizainak baino ezin ziren sartu. Egun baten sekula ikusi ez nuen mediku bat sartu zen. Oso gaztea, txabusina zuria zeukan, betaurrekoak, eta fonendoskopioa lepotik eskegita. Ezorduan sartu zen, ezer esan barik.

        Zainketako ofizialordeak harrituta begiratu zion. Identifikatzeko eskatu zion. Mediku gazteak bere poltsiko guztiak arakatu zituen, apur bat itsutu zen eta bere paperak ahaztu zituela esan zuen. Orduan, zainketako ofizialordeak bertako zuzendariaren baimen berezirik ez bazuen ezin izango zuela nirekin berbarik egin jakinarazi zion. Halandaze zuzendariagana joan ziren biak. Hamar minutu geroago nire gelara itzuli ziren.

        Zainketako ofizialordea aurretik sartu zen eta ohar bat egin zidan: «Hamar minutuan azter zaitzan baimena eman diote. Bogotako psikiatra da, baina nik uste dut mozorrotutako kazetaria dela».

        —Zergatik uste duzu hori? —galdetu nion.

        —Beldurkilik dagoelako. Gainera, psikiatrek ez dute fonendoskopiorik erabiltzen.

        Hala ere, ospitaleko zuzendariarekin hamabost minutuan egon zen berbetan. Medikuntzaren gainean egin ztiten berba, psikiatriaren gainean. Medikuen hizkera gaitzean egin zuten berba, eta arin ulertu zioten elkarri. Horrexegatik eman zioten nirekin hamabost minutuan berba egiteko baimena.

        Ez dakit ofizialordearen oharragatik izan zen, baina mediku gaztea nire gelara berriro sartu zenean ez nion gehiago mediku itxurarik hartu. Kazetari itxurarik ere ez nion hartu, ni ordura arte sekula kazetaririk ikusi barik nengoen baina. Mediku mozorrotuta dagoen abadearen itxura hartu nion. Uste dut ez zekiela zelan hasi. Baina benetan gertatzen zena zen zainketako ofizialordea urruntzeko moduan pentsatzen ari zela.

        —Lor iezadazu orri bat, mesedez —esan zion.

        Berak zainketako ofizialordea orriaren bila bulegora joango zela pentsatuko zuen. Baina ni bakarrik ez uzteko agindua zuen. Halandaze ez zen orriaren bila joan, pasabidera irten zuen eta oihu egin zuen:

        —Aizu, ekarri berehala idazteko orriak.

        Apur bat geroago idazteko orriak heldu ziren. Bost minutu baino gehiago igaro ziren eta medikuak ez zidan oraindik galderarik egin. Orriak heldu zirenean, orduantxe hasi zen azterketa. Orria eman zidan eta itsasontzi bat marrazteko eskatu zidan. Nik itsasontzia marraztu nuen. Gero marrazkia sinatzeko eskatu zidan, eta egin egin nuen. Ondoren landetxe bat marrazteko eskatu zidan. Nik ahal izan nuen ondoen marraztu nuen etxea, ondoan banana-mulua zuela. Sinatzeko eskatu zidan. Orduantxe sinetsi nuen mozorrotutako kazetaria zena. Baina berak ekin eta ekin medikua zela.

        Marrazten amaitu nuenean, orriak aztertu zituen, berba nahasi batzuk esan zituen eta nire abenturaren gaineko galderak egiten hasi zitzaidan. Zainketako ofizialordea tartean sartu zen horrelako galderarik ezin zitekeela egin gogorazteko. Orduan gorputza aztertu zidan, medikuek egiten duten legez. Eskuak izoztuta zeuzkan. Zainketako ofizialordeak ukitu balizkio gelatik bota egingo zuen. Baina nik ez nuen ezer esan, bere urduritasunak eta kazetaria izan zitekeela pentsatzeak begikotasun handia eragiten zidan. Baimenaren hamabost minutuak bete baino lehenago arin-aringa irten zuen bere irudiekin.

        Zelako iskanbila hurrengo egunekoa! Irudiak El Tiempo-ko lehenengo orrialdean agertu ziren, geziak eta errotuluak zituztela. «Hementxe nindoan ni», zioen errotulu batek, ontziaren zubia seinalatzen zuen gezia zuela. Erratuta zegoen, ni ez nindoan zubian, popan baino. Baina irudiak neureak ziren.

        Atzera egiteko esan zidaten. Demandatu egin nezakeela. Zentzunbakoa iritzi nion. Nik mirespen handia nion ospitale militar baten sartu ahal izateko mediku mozorrotzen zen kazetariari. Berak niri kazetaria zela jakinarazteko modurik topatu balu nik jakingo nuen zainketako ofizialordea zelan urrundu. Egia esateko nik egun horretarako istorioa kontatzeko baimena baneukan eta.

 

 

Ipuinaren negozioa

 

        Mediku mozorrotutako kazetariaren abenturak nik itsasoan eginiko hamar egunen istorioan egunkariek zuten interesaren oso ideia argia eman zidan. Mundu guztiaren interesa zen. Neure lagunek ere askotan eskatu zidaten kontatzeko. Bogotara etorri nintzenean, ia guztiz suspertuta, nire bizitza aldatu egin zela konturatu nintzen. Aerodromoan ohore guztiekin egin zidaten harrera. Errepublikako lehendakariak domina ezarri zidan. Nire balentriagatik zorionak eman zizkidan. Egun horretatik aurrera Armadan jarraituko nuela jakin nuen, baina orain kadete gradua nuela.

        Gainera, kontuan izan ez nuen zerbait zegoen: publizitate agentzien proposamenak. Ni poz-pozik nengoen nire erlojuarekin, nire odisean zehatz ibili zen eta. Baina ez nuen pentsatu erlojugileek hura ezertarako izango zutenik. Hala ere, bostehun dolar eta erloju berria eman zidaten. Urlia txikle marka mamurtzeagatik eta iragarki baten esateagatik, mila dolar eman zizkidaten. Zoriak nire zapaten fabrikatzaileek, beste iragarki baten esateagatik, bi mila peso ematea gura izan zuen. Irratiz nire istorioa zabaltzeko baimenagatik bost mila eman zizkidaten. Sekula ez nuen pentsatu itsasoan hamar egunean gosea eta egarria pasatzea negozio ona zenik. Baina bada: orain arte ia hamar mila peso jaso ditut. Ha eta guzti ere, milioi bategatik ere ez nuke abentura berriro igaroko.

        Nire heroi bizimoduak ez dauka zer berezirik. Goizeko hamarretan jaikitzen naiz. Kafetegi batera joaten naiz nire lagunekin berba egiten, edo nire abenturan oinarrituta iragarkiak prestatzen ari diren publizitate agentzietariko batera. Ia egunero zinemara joaten naiz. Eta beti lagunduta. Baina neska-lagunaren izena da ezin esan dezakedan bakarra, sumarioan isilpean gordetzekoa da-eta.

        Gutunak leku guztietatik jasotzen ditut egunero. Jende ezezagunaren gutunak. Pereiratik, J.V.C. hizkiek sinatuta, poema luzea jaso nuen, baltsak eta itsas txoriak zituena. Mary Addressek, Kariben trabes nengoenean nire arimaren atsedenaren alde meza atera zuenak, sarri idazten dit. Irakurleek ezagutzen duten eskaintza eta guztiko erretratua bidali zidan.

        Neure istorioa telebistan eta irrati saio baten kontatu dut. Gainera, neure lagunei kontatu diet. Argazki album mardula zuen eta bere etxera gonbidatu ninduen andre alargun nagusi bati kontatu nion. Pertsona batzuek istorio hau asmakizun fantastikoa dela diostate. Nik hauxe galdetzen diet: Orduan, zer egin nuen itsasoan igaro nituen hamar egunetan?

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998