Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

2. KAPITULUA

 

 

Nire azken minutuak
«otso ontziaren» barruan

 

        «Golkora helduta gaude», esan zidan neure lagunetariko batek gosaltzen altxatu nintzenean, otsailaren 26an. Aurreko egunean Mexikoko golkoko eguraldia zela-eta ikara apur bat pasa nuen. Baina suntsitzailea, pixka bat mugitu arren, leunki lerratzen zen. Nire ikarak arrazoi bakoak izan zirela pentsatu nuen pozik eta kubertara irten nuen. Kostaren isla ezabatuta zegoen. Itsaso berdea eta zeru urdina baino ez ziren gure inguruan zabaltzen. Hala ere, kuberta erdian, Miguel Ortega kaboa jesarrita zegoen, aurpegia aldatuta eta zurbil zeukan, zorabioaren kontrako borrokan. Hori lehenagotik hasita zegoen. Mobileko argiak oraindik desagertu barik zeudenetik, eta azkenengo hogeita lau orduetan, Miguel Ortega kaboa ez zen gai izan zutunik egoteko, itsasoan hasi berria izan ez arren.

        Miguel Ortega Korean egonikoa zen, Almirante Padilla fragatan. Bidaia asko eginikoa zen eta bazekien itsasoaren berri. Hala ere, nahiz eta golkoa bare egon, mugitzen lagundu behar izan zioten zainketa egin ahal izateko. Hil zorian zegoela zirudien. Ez zuen inolako jakirik jasaten eta bere zainketako lagunok popagainean jartzen genuen edo kuberta erdian, logelara aldatzeko agindua jaso arte. Orduan buruz behera etzaten zen bere kamainan, burua kanporantz zuela, gonbitoa noiz botako.

        Uste dut Ramón Herrera izan zela, 26ko gauean, Kariben egoera zakartu egingo zela esan zidana. Gure kalkuluen arabera, gauerdia pasata irtengo genuen Mexikoko golkotik. Nire zainketa-postuan, torpedoen dorrearen aurrean, Cartagenako heldueran modu baikorrean pentsatzen nuen. Gaua argia zen eta zeru altu eta biribila izarrez beterik zegoen. Marinan sartu nintzenetik izarrak identifikatzen zaletu nintzen. Gau hartan neure gogoa bete nuen, A.R.C. Caldas Kariberantz lasai zihoan bitartean.

        Uste dut mundu guztian zehar ibilita dagoen marinel batek, barkua mugitzeko eragatik zein itsasotan dagoen jakin dezakeela. Neure lehenengo armak itsaso horretan egin nituen, bertan izaniko esperientziak Kariben geundela erakutsi zidan. Erlojuari begiratu nion. Gaueko hamabiak eta hogeita hamar minutu ziren. Otsailaren 27ko goizaldeko hamabiak eta hogeita hamaika. Ontzia hainbeste mugitu ez balitz ere, nik Kariben geundela jakingo nuen. Baina mugitu egiten zen. Ni, egundo zorabiorik izan ez dudan hau, artekadu egoten hasi nintzen. Aurreuste arraroa izan nuen. Eta zer zela-eta ez nekiela, Miguel Ortega kaboarekin gogoratu nintzen orduan, han behean zegoen, bere kamainan, urdaila ahotik botatzen.

        Goizeko seietan suntsitzailea ontzitxo baten moduan mugitzen zen. Luis Rengifo itzarrik zegoen, nirearen azpiko kamaina baten.

        —Potolo —esan zidan—. Oraindik ez zara zorabiatu?

        Ezetz esan nion. Baina neure ikarak adierazi nizkion. Rengifo, esan dudan legez, ingeniaria zen, oso ikastuna eta itsasgizon ona, Caldas-ek Kariben, eman zizkidan arrazoien arabera, ez zeukan istripu bat izateko arriskurik txikiena ere. «Otso ontzia da», esan zidan. Eta gogorazi zidan gerran, ur horietan euretan, suntsitzaile kolonbiarrak urpekontzi aleman bat hondoratu zuela.

        «Ontzi segurua da», zioen Luis Rengifok. Eta ni, neure kamainan etzanda, ontziaren mugimenduakatik lorik egin ezinik, bere berbekin seguru sentitzen nintzen. Baina haizea gero eta gogorrago zetorren baborretik, eta nik olatu ikaragarri haien artean Caldas nola egongo zen imajinatzen nuen. Une horretan Caine-ko motina-rekin gogoratu nintzen.

        Egun guztian eguraldiak aldaketarik izan ez arren, nabigazioa normala zen. Zainketa egin bitartean Cartagenara heltzen nintzenerako proiektuak egiten hasi nintzen. Maryri idatziko nion. Astean birritan idaztea pentsatzen nuen, idazteko sekula ez naiz alferra izan eta. Marinan sartu nintzenetik, astero idatzi diot Bogotako familiari. Olaya auzuneko lagunei gutun luzeak idatzi dizkiet sarri. Halandaze Maryri idatziko nion, pentsatu nuen, eta ordutan kalkulatu nuen Cartagenara heltzeko behar genuen denbora: 24 ordu falta zitzaizkigun zehazki. Hura nire azkenaurreko zainketa nuen.

        Ramón Herrerak Miguel Ortega kaboa bere kamainarantz dandarrez eroaten lagundu zidan. Gero eta txarrago zegoen. Mobiletik irten genuenetik, hiru egun lehenago, ez zuen jakirik probatu. Ia ezin zuen berbarik egin eta aurpegia berde eta desitxuratuta zeukan.

 

 

Dantzaldia hasi da

 

        Dantzaldia gaueko hamarretan hasi zen. Egun guztian Caldas mugitzen ibili zen, baina ez otsailaren 27ko gau horretan legez. Nik, itzarrik neure kamainan, ikaraz beterik pentsatzen nuen kubertan zainketa egiten ari zen jendeagan. Nik banekien han, euren kamainetan zeuden marineletatik, inor ezin izan zela loakartu. Hamabiak baino apur bat lehenago Luis Rengifori, beheko auzoari hauxe esan nion:

        —Oraindik ez zara zorabiatu?

        Suposatu nuenez, Luis Rengifok ere ezin zuen lorik egin. Baina barkuaren mugimendua gora-behera, ez zuen umore ona galdu. Honela esan zuen:

        —Esan nizun neu zorabiatzen naizen egunean, egun horretantxe zorabiatuko dela itsasoa ere.

        Sarri errepikatzen zuen esaldia zen. Baina gau horretan ia ez zuen amaitzeko astirik izan.

        Artekadu nengoela esan dut. Beldurraren oso antzeko zerbait sentitzen nuela esan dut. Baina 27ko gauerdian sentitu nuenaz ez daukat dudarik txikiena ere, bozgorailuetatik agindu orokorra eman zenean: «Pertsonal guztia baborreko aldera pasa».

        Nik banekien agindu horrek zer esan gura zuen. Barkua estiborraren gainera zihoan modu arriskutsuan eta gure pisuarekin oreka lortzea zen helburua. Lehenengoz, nabigazioko urte bian, itsasoari benetako beldurra izan nion. Haizeak txistu egiten zuen, han goian, kubertako pertsonalak bustita eta hotzikaretan egon behar zuen lekuan.

        Agindua entzun bezain laster oholtzatik saltatu nuen. Lasaitasun handiz, Luis Rengifo zutundu egin zen eta baborreko oholtzetariko batera joan zen, hauek hutsik zeuden, zainketako pertsonalarenak ziren eta. Beste kamainei eutsiz, oinez ibiltzen ahalegindu nintzen, baina momentu horretan Miguel Ortegarekin gogoratu nintzen.

        Ezin zen mugitu. Agindua entzun zuenean zutuntzen ahalegindu zen, baina bere kamainara jausi zen berriro, zorabioaren eta nekearen eraginez. Altxatzen lagundu nion eta bere baborreko kamainan jarri nuen. Bere boz motelarekin oso txarto zegoela esan zidan.

        —Zuk zainketa ez egitea lortuko dugu —esan nion.

        Txiste txarraren itxura izango du beharbada, baina Miguel Ortega bere kamainan geratu balitz orain ez zen hilda egongo.

        Minutu bateko lorik egin barik, 28ko goizaldeko lauretan prest geunden zaintzaileetatik sei elkartu ginen popan. Euren artean Ramón Herrera, nire eguneroko laguna. Zainketako ofizialordea Guillermo Rozo zen. Hura barruan izan nuen azken misioa izan zen. Banekien arratsaldeko ordu bietan Cartagenan egongo ginena. Zainketa eman bezain laster lo egiteko asmoa nuen, gau horretan lehorrean dibertitu ahal izateko, zortzi hilabetean kanpoan egon ondoren. Goizaldeko bost eta erdietan barruko mutil batek lagunduta beheko fondoei errebista egiten joan nintzen. Zazpietan zerbitzu efektiboko postuak aldatu genituen gosaltzeko. Zortzietan berriro aldatu gintuzten. Ordu horretan bertan neure azkenengo zainketa eman nuen, berririk gabe, haizea berdetzen zetorren arren eta gero eta handiagoak ziren olatuek zubiaren kontra errementatu eta kuberta bustitzen zuten arren.

        Ramón Herrera popan zegoen. Han zegoen, zainketan, Luis Rengifo ere, aurikularrak jarrita. Kuberta erdian, etzanda, hil zorian bere betiko zorabioarekin, Miguel Ortega kaboa zegoen. Leku horretan mugimendua gutxiago asmatzen zen. Momentu baten Eduardo Castillo bigarren marinelarekin egin nuen berba, biltegi-jabea zen bera, ezkongaia, bogotarra eta oso isila. Ez naiz gogoratzen zeren gainean egin genuen berba. Dakidana da momentu horretatik aurrera ez genuela berriro elkar ikusi, itsasoan hondoratu zen arte, handik ordu gutxira.

        Ramón Herrera kartoi batzuk batzen ari zen eurekin bere burua estaltzeko eta lo egiten ahalegintzeko. Mugimendua zela-eta logeletan atseden hartzea ezinezkoa zen. Olatuek, gero eta indartsuagoak eta altuagoak, kubertaren kontra errementatzen zuten. Popan gogor lotuta zeuden hozkailu, garbigailu eta berogailuen artean, Ramón Herrera eta biok etzan egin ginen, ondo jarrita, olatu batek eroan ez gintzan. Aratinik etzanda zerura begira nengoen. Lasaiago sentitzen nintzen, etzanda, ordu gutxiren buruan Cartagenako badian egongo ginen ziurtasunarekin. Ez zegoen denboralerik; eguna guztiz argi zegoen, ikusgarritasuna erabatekoa zen eta zerua urdin-urdin zegoen. Orain botek ere ez zidaten minik egiten, zainketa eman eta gero hauek erantzi eta kautxuzko zapatak jantzi nituen eta.

 

 

Minutu bateko isilunea

 

        Luis Rengifok zer ordu zen galdetu zidan. Hamaika eta erdiak ziren. Ordubete zen barkua albora, estiborrerantz modu arriskutsuan okertzen hasi zenetik. Bozgorailuetatik aurreko gaueko agindua errepikatu zen: «Pertsonal guztia baborreko aldean jarri». Ramón Herrera eta biok ez ginen mugitu, alde horretan geunden-eta.

        Miguel Ortega kaboagan pentsatu nuen, estiborrean ikusi nuen lehentxoago, baina ia momentu berean zabuka igarotzen ikusi nuen. Baborreko aldean etzan zen, hil zorian bere zorabioan. Momentu horretan barkua ikaragarriro okertu zen; joan egin zen. Arnasari eutsi egin nion. Olatu erraldoi batek gure gainean errementatu zuen eta busti-bustita geratu ginen, itsasotik irten berriak bagina legez. Oso geldiro, nekez, suntsitzaileak bere jarrera normala berreskuratu zuen. Zainketan, Luis Rengifo zurbil zegoen. Honela esan zuen, urduri:

        —Horrelakorik! Barku hau joan doa eta ez du itzuli gura.

        Luis Rengifo urduri ikusten nuen lehenengo aldia zen. Nire ondoan, Ramón Herrera, pentsakor, guztiz bustita, isilik zegoen. Erabateko isilunea egon zen momentu baten. Gero, Ramón Herrerak honela esan zuen:

        —Zama uretara joan dadin txikotak ebakitzeko agintzen dutenean, neu izango naiz lehenengoa ebakitzen.

        Hamaikak eta berrogeita hamar minutu ziren.

        Neuk ere uste nuen momentu batetik bestera zamaren amarrak ebakitzeko aginduko zutela. «Arintzeko prestaera» deritzona da. Irratiak, hozkailuak eta berogailuak agindua eman bezain laster uretara jausiko ziren. Kasu horretan logelara jaitsi beharko nuela pentsatu nuen, hozkailu eta berogailuen artean aseguratzea lortu genuenez popan seguru geunden-eta. Eurakatik izan ez balitz olatuak eroango gintuen.

        Ontziak olatuen kontrako burrukan segitzen zuen, baina ankerara zihoan gero eta gehiago. Ramón Herrerak karpa bat zabaldu zuen eta berarekin estali zuen bere burua. Beste olatu batek, aurrekoa baino handiagoa, errementatu zuen berriro gure gainean, karparen babespean geunden ordurako. Buruari eutsi nion eskuekin, olatua igaro bitartean, eta minutu erdi geroago bozgorailuek urruma egin zuten.

        «Zama botatzeko agindua emango dute», pentsatu nuen. Baina agindua beste bat izan zen, boz seguru eta pausatuarekin emana: «Kubertan dabilen pertsonala, salbamendu-txalekoak erabili».

        Lasai, Luis Rengifok aurikularrei esku batekin eutsi zien eta salbamendu-txalekoa jantzi zuen bestearekin. Olatu handi bakoitzaren ostean legez, nik hasieran hutsune handi bat nabaritzen nuen eta isilune sakon bat ondoren. Luis Rengifo ikusi nuen, salbamendu-txalekoa jantzita, aurikularrak jarri zituen berriro. Begiak itxi nituen orduan eta argi-argi entzun nuen neure erlojuaren tiki-taka.

        Minutu baten egon nintzen erlojua entzuten, gutxi gora-behera. Ramón Herrera ez zen mugitzen. Hamabietarako ordu laurden faltako zela kalkulatu nuen. Ordu bi Cartagenara heltzeko. Ontziak segundo baten airean zegoela eman zuen. Ordua ikusteko eskua kanpora atera nuen, baina momentu horretan ez nuen besoa ikusi, ez eskua, ezta erlojua ere. Ez nuen olatua ikusi. Ontzia guztiz zihoala sentitu nuen eta nire eusgarria zen zama iraulkatzen ari zela. Zutundu egin nintzen, segundo frakzio baten, eta ura leporaino nuen. Begiak bihurriturik, berde eta isilik, Luis Rengifo ikusi nuen gora irten guran, aurikularrak altxatuta zeuzkala. Orduan urak guztiz estali ninduen eta gorantz uger egiten hasi nintzen.

        Segundo bat, bi, hiruan, uger gorantz egin nuen azalera irteteko ahaleginetan. Gorantz segitu nuen ugerrean. Haizea falta nuen. Ito egiten nintzen. Zamari eusten ahalegindu nintzen, baina zama ez zegoen han ordurako. Inguruan ez zegoen gehiago ezer. Azalera irten nuenean ez nuen neure inguruan itsasoa ez zenik ikusi. Segundo bat geroago, ehun bat metrora, ontziak olatuen artetik irten zuen, alde guztietatik ura zeriola, urpekontzi baten antzera. Orduan bakarrik konturatu nintzen uretara jausi nintzela.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998