Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

5. KAPITULUA

 

 

Laguna izan nuen baltsaren barruan

 

        Alkandora etsita astindu nuen, bost minutuan gutxienez. Baina berehala konturatu nintzen erratu nintzela: hegazkina ez zetorren baltsarantz. Puntu beltza hazten ikusi nuenean neure buru gainetik pasako zela pentsatu nuen. Baina oso urrun pasa zen, eta neu ikustea ezinezkoa zen altueran. Ondoren bira luze bat eman zuen, itzulerako norabidea hartu zuen eta zeruan agertu zen leku berean galtzen hasi zen. Baltsan zutunik, eguzki beroaren pean, puntu beltzari begira egon nintzen, ezertan pentsatu barik, hodeiertzean guztiz desagertu zen arte. Berriro jesarri nintzen orduan. Zoritxarrekoa sentitu nintzen, baina oraindik itxaropena galduta ez neukanez, eguzkitik babesteko neurriak hartzea erabaki nuen. Lehenengo birikiak eguzki izpietatik babestu behar nituen. Eguerdia zen. Baltsan 24 ordu neroatzan zehazki. Zerura begira etzan nintzen karelgainean eta alkandora bustia aurpegiaren gainean jarri nuen. Ez nintzen lo egiten ahalegindu banekielako zelako arriskua nuen karelgainean lo geratuz gero. Hegazkinean pentsatu nuen: ez nengoen oso ziur nire bila zebilen. Ezin izan nuen ezagutu. Han, karelgainean etzanda, egarriaren tortura sentitu nuen lehenengoz. Hasieran txistu lodia eta eztarri sikua izan ziren. Ur kresala edateko gogoa izan nuen, baina banekien kalte egiten zidana. Apur bat edan nezakeen, geroxeago. Bat-batean egarria ahaztu egin zitzaidan. Hantxe bertan, nire buruaren gainean, olatuen zarata baino indartsuago, beste hegazkin baten hotsa entzun nuen.

        Emozioz beterik, baltsan altxatu egin nintzen. Hegazkina hurreratuz zetorren, aurrekoa heldu zen lekutik, baina hau artez zetorren baltsarantz. Nire buru gainetik pasa zen momentuan alkandora astindu nuen berriro. Baina altuegi zihoan. Aurrera jarraitu zuen; joan egin zen; desagertu egin zen. Gero buelta eman zuen eta bere isla ikusi nuen hodeiertzean, etorri zen norabidean hegaz: «Orain nire bila dabiltza», pentsatu nuen. Eta karelean itxaron nuen, alkandora eskuan, beste hegazkin batzuk noiz etorriko.

        Hegazkinak zirela-eta gauza bat ikasi nuen: puntu beretik agertu eta desagertzen ziren. Horrek lehorra han zegoela esan gura zuen. Orain banekien norantz egin behar nuen. Baina zelan? Gauean baltsak asko aurreratu balu ere, kostatik oso urrun egon behar nuen oraindik ere. Banekien zein norabidetan topatu, baina ez neukan ideiarik zenbat denboran joan behar nuen abantean, nire azalari puslak ateratzen hasita zegoen eguzki harekin eta urdaileko mina egiten zidan gose harekin. Eta batez ere, egarri harekin. Gero eta gehiago kostatzen zitzaidan arnasa hartzea.

        Hamabiak eta hogeita hamabostean, zein momentutan izan zen konturatu barik, hegazkin beltz ikaragarri bat heldu zen, itsasoratzeko pontoiak zituena, nire buru gainetik pasa zen orroka. Bihotzak jauzi egin zidan. Argi ikusi nuen. Eguna oso argia zen, kabinan begira zegoen gizonaren burua garbi ikusi ahal izan nuen, itsasoa binokulo beltzekin aztertzen. Hain baxu igaro zen, hain hur nigandik, bere motorren haize indartsua neure aurpegian asmatu nuela pentsatu nuen. Bere hegoetako letrakatik ederto ezagutu nuen: Kanalaldeko kostazaintza zerbitzuko hegazkina zen.

        Karibe barrurantz dardaraka urrundu zenean ez nuen momentu baten zalantzarik egin binokuloak zeuzkan gizonak alkandora astintzen ikusi ninduela. «Topatu egin naute!», oihu egin nuen, zoriontsu, alkandora astintzen jarraituz. Emozioz gainezka, baltsan saltaka hasi nintzen.

 

 

Ikusi egin ninduten!

 

        Bost minutu baino lehen, hegazkin beltz bera kontrako norabidean pasa zen, lehenengo aldiko altueran. Ezkerreko hegora makurtuta egiten zuen hegaz eta alde horretako leihatilan binokuloekin itsasoa aztertzen zuen gizona ondo ere ondo ikusi nuen berriro. Alkandora astindu nuen ostera bere. Orain ez nuen etsita astintzen. Lasai astintzen nuen, ez laguntza eskatzen egon banintz legez, baizik eta nire aurkitzaileei esker oneko emozioz beteriko agurra bidali banie legez.

        Hurreratu ahala altuera galduz zihoala pentsatu nuen. Momentu baten artez ibili zen hegaz, ia uraren erres. Itsasoratzen ari zela pentsatu nuen eta jaisten zen lekurantz abant egiteko prestatu nintzen. Baina momentu baten ondoren altuera hartu zuen berriro, buelta eman zuen eta hirugarrenez pasa zen nire buru gainetik. Orduan ez nuen alkandora etsita astindu. Baltsaren gain-gainean egon arte itxaron nuen. Seinale labur bat egin nion eta berriro pasa arte itxaron nuen, gero eta baxuago. Baina guztiz kontrakoa gertatu zen: altuera hartu zuen arin eta agertu zen lekutik galdu zen. Hala ere, ez nuen zertan kezkatu. Ziur nengoen ikusi nindutena. Ezinezkoa zen ez ikustea, hain baxu eta baltsaren gain-gainean hegaz eginez gero. Lasai, ardura barik eta pozik, itxaroten jesarri nintzen.

        Ordubetean itxaron nuen. Oso ondorio inportantea atera nuen: lehenengo hegazkinak agertu ziren puntua Cartagenan zegoen zalantza barik. Hegazkin beltza desagertu zen puntua Panamaren gainean zegoen. Artez abant eginez gero, haizearen norabidetik apur bat desbideratuz gutxi gora-behera Tolú-ko bainuetxera helduko nintzela kalkulatu nuen. Horixe zen gutxi gora-behera hegazkinak desagertu ziren puntu bien artean erdiko puntua.

        Ordubetean ni erreskatatzen egongo zirela kalkulatu nuen. Baina ordua ezer gertatu barik pasa zen, itsaso urdin, garbi eta bare-barean. Ordu bi gehiago pasa ziren. Eta beste bat eta beste bat, ni kareletik segundo baten ere mugitu barik. Urduri egon nintzen, begiak kliskatu barik hodeiertza aztertzen. Eguzkia arratsaldeko bostetan hasi zen beherantz. Oraindik baneukan itxaropena, baina artekadu egoten hasi nintzen. Ziur nengoen hegazkin beltzetik ikusi nindutena, baina ezin nuen ulertu zelan igaro zen hainbeste denbora erreskatatzen etorri barik. Eztarria siku neukan. Arnasa hartzea gero eta gaitzago egiten zitzaidan. Distraituta nengoen, hodeiertzera begira, zelan ez dakidala saltatu eta baltsaren erdian jausi nintzenean. Astiro, harrapakin bat ehizatuz legez, marrazo baten hegoa kareletik pasa zen.

 

 

Marrazoak bostetan heltzen dira

 

        Ikusi nuen lehenengo animalia izan zen, baltsan nengoenetik ia hogeita hamar ordura. Marrazo baten hegoak ikara ematen du piztiaren jaletasuna ezaguna delako. Baina egia esateko ez dago marrazo baten hegoak baino itxura kaltebakoagoa daukanik. Ez dirudi animalia baten atala denik, eta are gutxiago piztia batena. Berdea eta latza da, zuhaitz baten azala lakoa. Karelaren ertzetik pasatzen ikusi nuenean, zapore fresko eta apur bat mingotsa zuelako zentzazioa izan nuen, landare baten azalarena lakoa. Bostak pasata ziren. Itsasoa bare zegoen arratsaldean. Beste marrazo batzuk hurreratu ziren baltsara, eroapenez, eta guztiz gautu arte ibili ziren inguruan. Ez zegoen argirik, baina ilunetan asmatzen nituen, azal barea euren hegoen ertzarekin ebakitzen.

        Momentu horretatik ez nintzen gehiago karelgainean jesarri arratsaldeko bostetatik gora. Bihar, etzi eta lau egun barru ere, nahikoa esperientzia izango nuen marrazoak ordua zaintzen duten animaliak direla jakiteko: bostak apur bat pasata helduko ziren eta ilunarekin desagertuko ziren.

        Arratsaldean, ur gardenak ikuskizun ederra eskaintzen du. Kolore guztietako arrainak hurreratzen ziren baltsara. Arrain itzelak, beilegiak eta berdeak; arraia urdin eta gorridun arrainak, biribilak, txikerrak, iluntzera arte laguntzen zioten baltsari. Batzuetan juzturi metalikoa egoten zen, ur odoldu parrastada batek kareletik gora egiten zuen eta marrazoak txikitutako arrainaren zatiak segundo baten azalean geratzen ziren baltsaren ondoan. Orduan ezin kalkula zitekeen arrain txiki multzo bat hondakinen gainera oldartzen zen. Momentu hartan nik arima salduko nuen marrazoaren hondakinen zatirik txikienagatik.

        Nire bigarren gaua zen itsasoan. Gose, egarri eta etsipen gaua. Bertan behera utzita ikusi nuen neure burua, hegazkinen itxaropenari gogor eutsi ondoren. Gau horretan erabaki nuen neure burua salbatzeko neukan bakarra neure borondatea eta neure indar hondarrak zirela.

        Gauza batek harritzen ninduen: ahul samar sentitzen nintzen, baina ez abailduta. Ia berrogei orduan egon nintzen ez edateko ez jateko barik eta gau bi eta egun bi baino gehiago neroatzan lorik egin barik, istripuaren aurreko gau guztian itzarrik egon nintzen-eta. Hala ere abant egiteko gai sentitzen nintzen.

        Hartz Txikia bilatu nuen berriro. Beragan ezarri nituen begiak eta abantean hasi nintzen. Haizea zebilen baina ez Hartz Txikirantz artez nabigatzeko baltsari eman behar nion norabide berean. Erramu biak karelean finkatu nituen eta gaueko hamarretan hasi nintzen abantean. Hasieran etsita ibili nintzen abantean. Gero lasaiago, begiak Hartz Txikian ezarrita neuzkala, nire kalkuluen arabera Popako Zerroaren gain-gainean egiten zuen dir-dir honek. Uraren hotsagatik banekien aurrera nindoana. Nekatzen nintzenean erramuak gurutzatu eta burua etzaten nuen atseden hartzeko. Gero indar gehiagorekin eta itxaropen gehiagorekin oratzen nien erramuei. Gaueko hamabietan abantean jarraitzen nuen.

 

 

Laguna baltsan

 

        Ia ordu biak zirenean guztiz nekatuta nengoen. Erramuak gurutzatu eta lo egiten ahalegindu nintzen. Momentu horretan egarria handiagoa zen. Goseak baketan uzten ninduen. Egarriarekin neuzkan kontuak. Hain nekatuta sentitu nintzen, burua erramuaren gainean jarri eta hiltzeko prestatu nintzen. Orduantxe ikusi nuen, suntsitzailearen kubertan jesarrita, Jaime Manjarrés marinela, hatz erakuslearekin portuaren norabidea erakusten zidala. Jaime Manjarrés, bogotarra, nire Marinako lagunik zaharrenetariko bat da. Sarri pentsatzen nuen baltsara igotzen ahalegindu ziren lagunakan. Beste baltsara heldu ote ziren galdetzen nion neure buruari, suntsitzaileak hartu ote zituen edo hegazkinek topatu ote zituzten. Baina sekula ez nuen Jaime Manjarrésengan pentsatu. Hala ere, begiak itxiaz batera Jaime Manjarrés agertzen zen, irribarretsu, porturako norabidea adieraziz lehenengo eta jantokian jesarrita ondoren, nire aurrean, eskuan fruta eta arrautzopil platera zuela.

        Hasieran ametsa izan zen. Begiak ixten nituen, minutu gutxi batzuetan lo egiten nuen eta beti agertzen zen, ordurako eta leku berean, Jaime Manjarrés. Azkenean berba egitea erabaki nuen. Ez zait gogoratzen zer galdetu nion lehenengo aldi horretan. Zer erantzun zidan ere ez zait gogoratzen. Baina badakit kubertan geundela berbetan eta bat-batean olatuaren kolpea etorri zela, hamaikak eta berrogeita hamabost minutuko olatu zoritxarreko hura, eta asaldaturik itzartu nintzen, nire indar guztiekin panelei eutsita itsasora ez jausteko.

        Baina eguna argitu orduko zerua ilundu egin zen. Ezin izan nuen lo gehiagorik egin abailduta nengoelako, lo egiteko ere. Ilunpetan ez nuen gehiago baltsaren beste muturra ikusten. Baina ilunetara begira jarraitu nuen, barruan sartu guran. Orduantxe ikusi nuen argi, karelaren muturrean, Jaime Manjarrés, jesarrita, bere laneko uniformea zuela: praka eta alkandora urdinak, eta txanoa eskumako belarrirantz apur bat jausita, bertan, ilun egon arren, argi irakur zitekeen: A.R.C. Caldas.

        —Kaixo —esan nion asaldatu barik. Ziur Jaime Manjarrés han zegoena. Ziur beti egon zena han.

        Hau ametsa izan balitz ez zuen garrantzirik izango. Badakit guztiz itzarrik nengoena, burua guztiz argi nuena, eta nire buruaren gainean haizearen txistua eta itsasoaren zarata entzuten nituena. Gose eta egarri nintzen. Eta ez neukan zalantzarik txikiena Jaime Manjarrés baltsan neurekin zihoana.

        —Zergatik ez zenuen nahiko ur hartu ontzian? —galdetu zidan.

        —Cartagenara heltzen ari ginelako —erantzun nion—. Popagainean etzanda nengoen Ramón Herrerarekin.

        Ez zen agerpena. Ez nintzen beldur. Lelokeria neritzon aurrerago baltsan bakarrik sentituari, neurekin beste marinel bat zegoela jakin barik.

        —Zergatik ez zenuen jan? —galdetu zidan Jaime Manjarrések.

        Ondo gogoratzen naiz zelan esan nion:

        —Janaririk eman gura izan ez zidatelako. Sagarrak eta izozkiak emateko eskatu nuen eta ez zizkidaten eman gura izan. Ez dakit non zeuzkaten gordeta.

        Jaime Manjarrések ez zuen ezer erantzun. Isilik egon zen momentu baten. Cartagena nondik zegoen erakutsi zidan berriro. Nik bere eskuaren norabideari jarraitu nion eta portuko argiak ikusi nituen, badiako buiak dantzan uretan. «Bagatoz», esan nuen, eta portuko argiei begira-begira jarraitu nuen, emozio barik, poztasun barik, bidaia arrunt baten ostean heltzen egon banintz legez. Jaime Manjarrési biok apur baten abant egiteko'eskatu nion. Baina ez zegoen hor. Joan egin zen. Ni bakarrik nengoen baltsan eta portuko argiak eguzkiaren lehen izpiak ziren. Itsasoan bakardadean egiten nuen nire hirugarren eguneko izpiak.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998