Naufrago baten kontakizuna
12. KAPITULUA
Berpizkundea lur arrotzean
Hamabost minutuan etsita uger egin eta gero bakarrik hasi nintzen lurra ikusten. Kilometro batera baino gehiagora nengoen oraindik. Baina orduan ez neukan zalantzarik txikiena benetakoa zena eta ez irudikeria. Eguzkiak kokondoen adaburua urreztatzen zuen. Ez zegoen argirik kostan. Ez zegoen herririk ez etxerik agerian itsasotik. Baina lehorra zen. Hogei minutu baino lehenago leher eginda nengoen, baina ziur nengoen helduko nintzena. Konfiantzaz egiten nuen uger, emozioari kontrola galarazten utzi barik. Neure bizi erdia uretan eman dut, baina martxoaren 9ko goiz horretan legez sekula ez nuen ulertu eta aintzat hartu ondo uger egitea zein garrantzitsua den. Gero eta indar gutxiagorekin sentitzen nintzela, kostarantz jarraitu nuen ugerrean. Aurreratu ahala kokondoen isla argiago ikusten nuen. Eguzkia irtenda zegoen hondoa zapaldu nezakeela pentsatu nuenean. Egiten ahalegindu nintzen, baina nahiko hondo handia zegoen oraindik. Argi zegoen ez nengoena hondartza baten aurrean. Hondo handia zegoen ia itsasertzeraino, halandaze uger egiten jarraitu beharko nuen. Ez dakit ondo zenbat denboran egon nintzen uger egiten. Badakit kostara hurreratu ahala eguzkia nire buruaren gainean berotuz zihoala, baina orain azala torturatu beharrean muskuluak pizten zizkidan. Lehenengo metroetan ur izoztuak dardarizoak ekarri zizkidan gogora. Baina gorputza berehala berotu zen. Ondoren, ura ez zen hain hotza izan eta nik nekatuta egiten nuen uger, hodeien artean legez, baina nire egarriaren eta nire gosearen gainetik zeuden adore eta konfiantzaz. Goizeko eguzki epelaren argitan ezin hobeto ikusten nituen landare zerratuak, hondoa bigarrenez bilatu nuenean. Han zegoen lurra nire zapaten azpian. Itsasoan hamar egun trabes egin eta gero lurra zapaltzea zentzazio arraroa da. Hala ere, berehala konturatu nintzen txarrena falta nuela oraindik. Guztiz nekatuta nengoen. Ezin nintzen zutunik egon. Beheraldiak gogor bultzatzen ninduen itsaso-barrurantz. Karmengo Ama Birjinaren domina hortzen artean estututa neukan. Arropak, kautxuzko zapatek, pisu itzela zeukaten. Baina horrelako egoera ikaragarrietan ere lotsaria pasatzen da. Laster norbait topa nezakeela pentsatzen nuen. Halandaze erresakako olatuen kontra segitu nuen borrokan, aurrera egiten uzten ez zidan arropa erantzi barik, nekearen nekeaz zorabiatzen ari nintzela sentitzen banuen ere. Ura gerritik gora heltzen zitzaidan. Etsipenezko ahalegin bat eginda izterretaraino heltzen zitzaidan lekuraino ailegatzea lortu mien. Orduan arrastaka joatea erabaki nuen. Belaunak eta esku-ahurrak lurrean iltzatu nituen eta aurreranzko abiada hartu nuen. Baina alferrik izan zen. Olatuek atzez botatzen ninduten. Harea xehe eta gogorrak belauneko zaurian min egin zidan. Momentu horretan banekien odoletan nengoena, baina ez neukan minik. Nire hatz-mamiak haragi bizian zeuden. Atzazalen artean sartzen zitzaidan hareak min egiten bazidan ere atzamarrak lurrean iltzatu nituen eta arrastaka joaten ahalegindu nintzen. Bat-batean ikarak harrapatu ninduen berriro ere: lurra, eguzkipean urreztatutako kokondoak, nire begien aurrean mugitzen hasi ziren. Lurrak irentsi egingo ninduela pentsatu nuen. Hala ere, inpresio hori nire nekeak sorturiko haluzinazioa izango zen. Harea iraulkorrean nengoelako usteak neurriz gorako adorea piztu zidan —ikararen adorea— eta minki, erruki barik eta nire esku urratuekin, olatuen kontra arrastaka jarraitu nuen. Hamar minutu geroago nekaldi guztiak, hamar eguneko gose-egarriak, neure gorputzean itsumustuan batu ziren. Etzan egin nintzen, hil zorian, lur gogor eta epelaren gainean, eta han egon nintzen ezertan pentsatu barik, inori eskerrik eman barik, borondatearen, itxaropenaren eta bizitzeko gogo menderaezinaren poderioz hondartza isil eta ezezagun zati batera heltzeaz poztu ere egin barik.
Gizonaren arrastoak
Lehorrean, nabaritzen den lehenengo inpresioa isiltasuna da. Ezertaz konturatu orduko isiltasun handian murgilduta zaude. Momentu bat geroago, urrun eta triste, kostaren kontra olatuen kolpeak entzuten dira. Eta ondoren, kokondoen palmen artean haizearen murmurioak lehorrean zauden zentzazioa ematen dizu. Eta salbatu zaren zentzazioa, munduko zein lekutan zauden jakin ez arren. Berriro neure zentzumenen jabe, hondartzan etzanda, ingurua aztertzeari ekin nion. Natura izugarria zen. Senari jarraituz gizonaren arrastoak bilatu nituen. Nengoen lekutik hogei bat metrora alanbre-puntadun hesi bat zegoen. Animalien arrastoak zituen bide estu eta bihurgunez betea zegoen. Eta bidearen ondoan zatitutako kokoen azalak zeuden. Giza presentziaren seinalerik txikiena momentu hartan errebelazioa izan zen niretzat. Pozez gainezka, matraila harea epelaren gainean jarri nuen eta zain geratu nintzen. Hamar minutuan itxaron nuen, gutxi gora-behera. Geldika-geldika indarra berreskuratuz nindoan. Seiak pasata zeuden eta eguzkia guztiz irtenda zegoen. Bidearen ondoan, zatitutako azalen artean, koko oso batzuk zeuden. Bertara joan nintzen narraz, enbor baten kontra jarri nintzen eta fruitu leun eta zabalezina neure belaunen artean estutu nuen. Bost egun lehenago arrainarekin egin nuen legez, irrikatan zati bigunak bilatu nituen. Kokoari ematen nion buelta bakoitzean barruko uraren zarata entzuten nuen. Hots gutural eta sakon hark egarria gehitzen zidan. Urdaileko mina nuen, belauneko zauria odoletan neukan, eta nire atzamarrak, haragi bizian, min motel eta sakonarekin taupadaka neuzkan. Itsasoan egin nituen hamar egunetan ez nuen sekula izan zoratuko nintzen zentzaziorik. Goiz horretan izan nuen lehenengoz, kokoa zabaltzeko puntu baten bila bueltak ematen nizkion bitartean, eta ur fresko, garbi eta eskuraezina neure atzamarren artean kolpeka asmatzen nuen bitartean. Koko batek hiru begi ditu, goian, triangeluan kokatuta. Baina aihotz batekin zuritu behar da hauek aurkitzeko. Nik neure giltzak baino ezin nituen erabili. Ahalegin batzuk egin nituen alferrik, azal latz eta gogorra giltzekin apurtu guran. Azkenean, etsi egin nuen. Kokoa amorruz beterik bota nuen, bere barruan uraren zarata entzuten zela. Nire azken itxaropena bidea zen. Han, nire ondoan, apurtutako azalek baten bat kokoak botatzen etorriko zela erakusten zidaten. Hondakinek baten bat egunero etortzen zela erakusten zuten, kokondoetara igo eta gero kokoak zuritzen zituen. Hark erakusten zuen, gainera, jendea bizi zen leku batetik hur nengoela, koko sorta bat eroateagatik inork ez baitu distantzia handirik egiten. Ni gauza hauetan pentsatzen ari nintzen, enbor baten kontra, txakur baten ahausia entzun nuenean, oso urrun. Adi jarri nintzen. Zentzumenak zolitu egin nituen. Momentu bat geroago, bidetik hurreratzen ari zen gauza metalikoren baten tintina entzun nuen argi. Neskatila beltza zen, ezin argalagoa, gaztea zen eta zuririk jantzita zegoen. Eskuan aluminiozko lapikotxoa zeroan eta estalkiak, txarto itxita zegoenez, urrats bakoitzean zarata ateratzen zuen. «Zein herritan ote nago?», galdetu nion neure buruari, Jamaikako itxura zeukan beltz hura bidean hurreratzen ikusten nuela. San Andres eta Providencia gogoratu zitzaizkidan. Antilletako uharte guztiak gogoratu zitzaizkidan. Andre hura nire lehenengo aukera zen, baina azkena ere izan zitekeen. «Gaztelania ulertuko ote du?», esan nuen neure artean, neskatilaren aurpegian irakurri guran. Honek, distraituki, oraindik ni ikusi barik, bidetik hautsez beteriko bere larruzko zapatatxoak dandarrez zeroatzan. Hain etsita nengoen aukera ez galtzeko, ideia eroa izan nuen, espainolez berba eginez gero ez zidala ulertuko; han utziko ninduela, bide bazterrean botata. —Hello, Hello! —esan nion, larri. Neskatila itzuli egin zen niri begiratzeko begi itzel, zuri eta ikaratuekin. —Help me! —oihu egin nuen, ziur nengoen ulertzen zidana. Bera momentu baten zalantzan egon zen, bere ingurura begiratu zuen eta korrika joan zen bidetik, ikaratuta.
Gizona, astoa eta txakurra
Larritasunaren larritasunaz hil egingo nintzela sentitu nuen. Momentu baten leku hartan ikusi nuen neure burua, hilik, gallinazoek zatituta. Baina, gero, txakurra entzun nuen berriro, gero eta hurrago. Bihotza kolpeka hasi zitzaidan, ahausiak hurreratu ahala. Ahurren gainean jarri nintzen. Burua altxatu nuen. Itxaron egin nuen. Minutu bat. Bi. Eta ahausiak gero eta hurrago entzun ziren. Bat-batean isiltasuna baino ez zen geratu. Gero, olatuen kolpeak eta haizearen zurrumurrua kokondoen artean. Ondoren, neure bizian gogoratzen zaidan minuturik luzeenean, txakur argal bat agertu zen, otzara bi zeroatzan asto batek jarraitzen zion. Euren atzetik gizon zuri bat zetorren, zurbila, lastozko kapela zeukan eta prakak belauneraino jasota zeuzkan. Karabina bat zeukan bizkarrean zeharretara jarrita. Bidearen bueltan agertu bezain laster sorpresaz begiratu zidan. Gelditu egin zen. Txakurra, buztana altxatuta eta artez zeukala, usain egiten hurreratu zitzaidan. Gizona geldi egon zen, isilik. Gero, karabina jaitsi, kulata lurrean jarri eta begira geratu zitzaidan. Ez dakit zergatik, Karibeko edozein aldetan nengoela uste nuen Kolonbian izan ezik. Ulertuko zidan oso ziur egon barik, espainolez berba egitea erabaki nuen. —Jauna, lagundu! —esan nion. Berak ez zuen berehala erantzun. Neu aztertzen jarraitu zuen enigmatikoki, begirik kliskatu barik, karabina lurrean zuela. «Falta dudan bakarra orain tiro bat ematea da», pentsatu nuen hozki. Txakurrak aurpegia miazkatzen zidan, baina ez neukan gainetik kentzeko indarrik. —Lagundu! —errepikatu nuen, estu eta etsita, pentsaturik gizonak ez zidala ulertzen. —Zer gertatzen zaizu? —galdetu zidan modu atseginean. Bere boza entzun nuenean, egarriak, goseak eta etsipenak baino gehiago, gertatu zitzaidana kontatzeko nahiak torturatzen ninduela konturatu nintzen. Ia berbekin itoz, arnasarik hartu barik honela esan nion: —Ni Luis Alejandro Velasco naiz, Armada Nazionaleko Caldas suntsitzailetik, otsailaren 28an jausi zirenetariko marinel bat. Albistearen berri mundu guztiak jakin behar zuela uste nuen nik. Nire izena esan bezain laster gizona berehala niri laguntzen etorriko zela pentsatu nuen. Hala ere, ez zuen beragan batere eraginik izan. Leku berean jarraitu zuen, niri begira, zauritutako belauna miazkatzen zidan txakurraz ere arduratu barik. —Oiloekin zabiltzan marinela zara? —galdetu zidan, beharbada txerriekin eta baserriko hegaztiekin trafikatzen duten kabotaiako enbarkazioak gogoan zituela. —Ez. Gerrako marinela naiz. Orduan bakarrik mugitu zen gizona. Karabina zeharretara jarri zuen berriro, kapela atzerantz bota zuen, eta esan zidan ze: «Alanbre bat eroango dut porturaino eta zure bila itzuliko naiz». Hura ihes egiten zidan beste aukera bat zela sentitzen nuen. «Ziur itzuliko zarela?», esan nion, erreguzko bozarekin. Gizonak baietz erantzun zuen. Guztiz ziur itzuliko zela. Irribarre egin zidan adeitsuki eta astoaren atzetik abiatu zen berriro. Txakurrak nire ondoan jarraitu zuen, usain egiten. Gizona urrunduz zihoanean bakarrik otu zitzaidan galdetzea, ia oihu eginez: —Zein herri da hau? Eta berak, naturaltasun handienarekin, momentu hartan itxaroten ez nuen erantzun bakarra eman zidan: —Kolonbia.
Naufrago baten kontakizuna |