Naufrago baten kontakizuna
6. KAPITULUA
Erreskate ontzia eta kanibalen uhartea
Hasieran gertaerak gogoratuz zenbatzen nituen egunak: lehenengo eguna, otsailaren 28a, istripua gertatu zen eguna izan zen. Bigarrena hegazkinena. Hirugarrena guztietan etsipengarriena izan zen: ez zen ezer berezirik gertatu. Baltsak haizeak bultzatuta egin zuen aurrera. Nik ez neukan abant egiteko indarrik. Eguna lainotu egin zen, hotz izan nintzen eta eguzkia ikusten ez nuenez orientazioa galdu nuen. Goiz horretan ezin izango nuen jakin nondik zetozen hegazkinak. Baltsa batek ez dauka ez aurrerik ez atzerik. Karratua da eta batzuetan alborantz nabigatzen du, bueltak ematen dizkio bere buruari igarri barik, eta erreferentzi punturik ez dagoenez ezin da jakin aurrera edo atzera egiten duen. Itsasoa berdina da alde guztietatik. Batzuetan karelaren atzeko aldean etzaten nintzen, baltsak aurrera egiten zuen norabidea kontuan hartuta. Aurpegia alkandoraz estaltzen nuen. Altxatzen nintzenean, baltsak ni etzanda nengoen alderantz egin zuen aurrera. Orduan nik ez nekien baltsak norabidea aldatu zuen ez buelta eman zuen ere. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan eguraldiarekin hirugarren egunetik aurrera. Eguerdian gauza bi egitea erabaki nuen: lehenengo, baltsaren mutur baten erramu bat iltzatu nuen, beti norabide berean aurrera egiten nuen jakiteko. Bigarren, giltzekin karelean, igarotzen zen egun bakoitzeko marra bat egin nuen, eta data jarri nuen. Lehenengo marra egin nuen eta zenbaki bat jarri nuen: 28. Bigarren marra egin nuen eta beste zenbaki bat jarri nuen: 29. Hirugarren egunean, hirugarren marraren ondoan, 30 zenbakia jarri nuen. Beste errakuntza bat izan zen. Nik hilak 30 zeuzkala uste nuen eta martxoaren 2a zen. Laugarren egunera arte ez nintzen konturatu, amaitutako hilabetea 30 edo 31 egunekoa zen dudan egon nintzenean. Orduan bakarrik gogoratu nintzen otsaila zela, eta orain lelokeria bat iruditu arren, errakuntza hark denboraren nozioa nahastu egin zidan. Laugarren egunean baltsan neroatzan egunak jakiteko egiten nituen kalkuluekin ez nengoen oso ziur. Hiru ote ziren? Lau ote ziren? Bost ote ziren? Marren arabera, otsaila zein martxoa izan, hiru egun neroatzan. Baina ez nengoen oso ziur, baltsak aurrera edo atzera egiten zuen ez nekien legetxe. Gauzak zeuden moduan uztea erabaki nuen, nahasketa gehiagorik ez sortzeko, eta erreskatatuko ninduten itxaropena galdu nuen betiko. Jan barik eta edan barik nengoen oraindik. Ez nuen gehiago pentsatu gura, kosta egiten zitzaidan ideiak antolatzea. Azala, eguzkiak kiskalita, bizi-bizi asmatzen nuen, puslaz beterik. Itsasoko Basean irakasleak birikiak eguzkiaren izpietatik babestea nahitaezkoa zela ohartarazi zigun. Hori nire arduretariko bat zen. Alkandora erantzita neukan, bustita beti, eta gerrian lotu nuen, azalaren kontra ez neukan ondo-eta. Egarriz lau egun neroatzanez eta arnasa hartzea fisikoki ezinezkoa zitzaidanez eta eztarrian min sakona nuenez, bularrean eta klabikulen azpian, laugarren egunean ur kresal apur bat hartu nuen. Ur horrek ez du egarria kentzen, baina freskatu egiten du. Hainbeste denboran egon nintzen edan barik banekielako bigarren aldian kantitate txikiagoa hartu behar nuena, eta ordu asko igaro eta gero bakarrik. Egunero, ikaratzeko moduko puntualtasunarekin, marrazoak bostetan heltzen ziren. Baltsaren inguruan oturuntza egoten zen orduan. Arrain itzel batzuek uretatik kanpora saltatzen zuten eta apur bat geroago zatituta agertzen ziren berriro. Marrazoak, zoratuta, azal odolduaren kontra oldartzen ziren isilean. Oraindik ez ziren saiatu baltsa apurtzen, baina zuria zenez erakarri egiten zituen. Denek dakite marrazoek batez ere gauza zuriei egiten dietela eraso. Marrazoa ikusmen txarrekoa da, gauza zuri edo distiratsuak baino ezin ditu ikusi. Hori irakaslearen beste aholku bat zen: —Gauza distiratsuak ostendu egin behar dira marrazoen arreta ez deitzeko. Nik ez neroan gauza distiratsurik. Nire erlojuaren koadrantea ere iluna da. Baina lasaitu egingo nintzen uretara botatzeko gauza zuririk eduki banu, baltsatik urrun, marrazoek kareletik gora saltatu gura izan balute ere. Badaezpada, laugarren egunetik aurrera erramua beti izan nuen defendatzeko prest, arratsaldeko bostetatik gora.
Barkua bistan!
Gauean baltsan erramu bat gurutzatu eta lo egiten saiatzen nintzen. Ez dakit lotan nengoenean bakarrik gertatuko zen edo itzarrik nengoenean ere gertatuko zen, baina gauero ikusten nuen Jaime Manjarrés. Minutu gutxi batzuetan berbetan egoten ginen, edozeren gainean, eta gero desagertu egiten zen. Bere ikustaldietara ohitu egin nintzen. Eguzkiak irteten zuenean haluzinazioak zirela imajinatzen nuen. Baina gauez ez neukan zalantzarik txikiena Jaime Manjarrés han zegoena, karelean, neurekin berbetan. Bera ere lo egiteko ahaleginetan zebilen, bosgarren eguneko goizaldean. Isilik burua kulunka zebilkion, beste erramuaren gainean etzanda. Bat-batean itsasoa aztertzen hasi zen. Hala esan zidan: —Begitu! Nik begiratu egin nuen. Baltsatik hogeita hamar bat kilometrora, haizearen norabide berean aurrera egiten zutela, barku baten argiak ikusi nituen, keinukariak baina nahastezinak. Orduak ziren abant egiteko indarrik ez nuela. Baina argiak ikusieran altxatu egin nintzen baltsan, gogor eutsi nien erramuei eta barkurantz joaten ahalegindu nintzen. Astiro etortzen ikusten nuen, eta momentu baten mastako argiak ez eze goizaldeko lehenengo distiren aurka zekarren itzala ere ikusi nuen. Haizeak kontrara egiten zidan gogor. Etsita abant egin banuen ere, jan eta edan barik lau egun baino gehiago egin ondoren ez zegokidan indarrarekin, uste dut ez nuela baltsa haizeak ematen zion norabidetik metro bat ere desbideratu. Argiak gero eta urrunago zeuden, izerditan hasi nintzen. Abailduta sentitzen hasi nintzen. Handik hogei minutura, argiak guztiz desagertu ziren. Izarrak amatatzen hasi ziren eta zerua gris-gris jarri zen. Itsasoaren erdian etsita, erramuak askatu egin nituen, zutundu egin nintzen, goizaldeko haize hotzak jota, eta minutu batzuetan zoro baten moduan egon nintzen oihuka. Eguzkia berriro ikusi nuenean, erramuaren gainean nengoen ostera bere. Guztiz leher eginda nengoen. Orain ez nuen salbaziorik inondik itxaroten eta hiltzeko gogoa neukan. Hala ere, zerbait arraroa gertatzen zitzaidan hiltzeko gogoa neukanean: arrisku baten pentsatzen hasten nintzen berehala. Pentsamendu horrek eusteko indarberritu egiten ninduen. Nire bosgarren eguneko goizean, baltsaren norabidea aldatzeko prest egon nintzen, edozelan. Haizearen norabidean jarraitzen banuen, kanibalak bizi ziren uharte batera helduko nintzela otu zitzaidan. Mobilen, izena ahaztu zaidan aldizkari baten, antropofagoek jan zuten naufrago baten kontakizuna irakurri nuen. Baina ez nuen kontakizun horretan pentsatzen. Marinel arnegaria-n pentsatzen nuen, iazlehenean Bogotan irakurri nuen liburuan. Gerran barku batek mina baten kontra jo ondoren, hur zegoen uharte batera uger joan ahal izan zen marinel baten istorioa da. Hogeita lau ordu egin zituen han, basoko fruta janez, kanibalek topatu, ura irakiten zegoen lapiko batera bota eta bizirik egosi zuten arte. Uharte horretan pentsatzen hasi nintzen berehala. Ezin nuen kosta kanibal barik imajinatu. Itsasoan bakardadean egindako nire bost egunetan lehenengoz, nire izuak beste norabide bat hartu zuen: orain ez nion itsasoari lehorrari nion besteko beldurrik. Eguerdian karelaren kontra egon nintzen, eguzkia, gosea eta egarriaren eraginez erdi lo. Ez nuen ezertan pentsatzen. Ez neukan denboraren ez norabidearen noziorik. Zutuntzen ahalegindu nintzen, indarrak probatzeko, eta neure gorputzarekin ezin nuelako zentzazioa izan nuen. «Hauxe da momentua», pentsatu nuen. Eta, izan ere, irakasleak azaldu zizkigun momentuetan beldurgarriena horixe zela iritzi nion: baltsan neure burua lotu behar nuen unea. Momentu baten ez zara ez egarri ez gose. Momentu horretan puslaz beteriko azalean eguzkiaren gupidabako haginkadak ere ez dira asmatzen. Ez da pentsatzen. Ez daukazu sentimenduen noziorik. Baina oraindik ez da itxaropena galtzen. Azken baliabidea geratzen da oraindik, oholtzaren txikotak askatu eta baltsan zeure burua lotu. Gerran gorpu asko aurkitu zituzten horrela, ustelduta eta hegaztiek mokokatuta, baina baltsan gogor lotuta. Lotu barik gauera arte itxaroteko gauza nintzela pentsatu nuen. Baltsaren hondoraino makurtu nintzen, hankak luzatu nituen eta ordu batzuetan ura leporaino izan nuen. Eguzkiak jotzean, belauneko zauria min ematen hasi zitzaidan. Itzartu balitz legez izan zen. Eta min horrek bizitzaren beste nozio bat eman balit legez. Geldika-geldika, ur freskoa ukituz, indarberrituz joan nintzen. Orduan urdailean min handia asmatu nuen eta sabela mugitu egin zitzaidan, zurrumurru luze eta sakon batek astinduta. Jasaten ahalegindu nintzen, baina ezinezkoa egin zitzaidan. Asko kostata altxatu egin nintzen, gerrikoa askatu nuen, prakak askatu nituen eta sabela hustean arindura handia sentitu nuen. Bost egunean lehenengo aldia zen. Eta bost egunean lehenengoz arrainek, etsita, karelaren kontra jo zuten, mailaren txikot sendoak apurtzeko ahaleginetan.
Zazpi itsas txori
Hur zeuden arrain distiratsuak ikusteak gosea pizten zidan. Lehenengoz benetako etsipena sentitu nuen. Orain, Behintzat, karnata baneukan. Ahaztu egin zitzaizkidan nekeak, erramu bat hartu eta nire azken indar hondarrak amaitzeko prestatu nintzen, karelaren kontra lehia bizian saltatzen zuten arrainetariko bati buruan kolpe zehatza emateko. Ez dakit zenbat bider astindu nuen erramua. Kolpe bakoitzean aparatu egiten nuela sentitzen nuen, baina alferrik itxaroten nuen harrapakina topatzea. Elkar jaten zuten arrain asko zeuden han, eta marrazo bat tripaz gora, ur nahasian mauka ederra hartzen ari zen. Marrazoa han egoteak atzera eragin zidan. Ilusioa galduta, erramua utzi eta karelaren kontra jarri nintzen. Minutu gutxira poztasun handia izan nuen: zazpi itsas txori zebiltzan baltsaren gainean hegaz. Itsasoan gose den itsasgizon bakarti batentzat, itsas txoriek itxaropenezko mezua dakarte. Normalean, itsas txori talde batek laguntzen die ontziei, baina nabigazioko bigarren egunera arte bakarrik. Zazpi itsas txori baltsaren gainean egoteak lehorra hur zegoela esan gura zuen. Indarrik izan banu abantean hasiko nintzen. Baina neka-neka eginda nengoen. Ia ezin nintzen zutunik minutu gutxi batzuetan egon. Nabigazioko egun bira baino gutxiagora nengoena ziur nengoen, lehorrera hurreratzen ari nintzena, esku-ahurrean hartuta ur apur bat gehiago hartu nuen eta berriro jarri nintzen karelaren kontra, zerura begira, birikiak eguzkitik babesteko. Ez nuen aurpegia alkandoraz estali hegaz astiro zebiltzan itsas txoriak ikusten jarraitu gura nuelako, angelu zorrotzean, itsasoan sartuz. Itsasoan igarotako nire bosgarren eguneko arratsaldeko ordu bata zen. Ez dakit zein momentutan heldu zen. Ni karelgainean etzanda nengoen, arratsaldeko bostak aldean, eta marrazoak heldu orduko barrura sartzeko nintzen. Baina orduan itsas txori txiki bat ikusi nuen, nire eskuaren bestekoa, baltsaren inguruan zebilen hegaz eta minutu gutxi batzuetan karelaren beste muturrean gelditzen zen. Ahoa txistu hotzez bete zitzaidan. Ez neukan itsas txori hura harrapatzeko modurik. Ez neukan tresnarik, neure eskuak eta goseak piztutako maltzurtasuna izan ezik. Beste itsas txoriak joanda zeuden. Txiki hori baino ez zen geratzen, kafe kolorekoa, luma distiraduna, karelean saltaka zebilena. Zirkinik egin barik egon nintzen. Bostetatik han puntual egon behar zuen marrazoaren hegoaren ertza sorbaldan neukala sentitu uste nuen. Baina arriskatzea erabaki nuen. Itsas txoriari begiratu ere egiten ez nintzen ausartzen, nire buruaren mugimendua ikus ez zezan. Igarotzen ikusi nuen, oso baxu, nire gorputzaren gainetik. Urruntzen ikusi nuen, zeruan desagertu arte. Baina nik ez nuen itxaropena galdu. Ez zitzaidan bururatzen zelan zatituko nuen. Banekien gose zena eta zirkinik egiten ez banuen itsas txoria hur-hurre pasako zena. Ordu erdi baino gehiago itxaron nuen, uste dut. Agertzen eta desagertzen ikusi nuen behin baino gehiagotan. Momentu baten, neure buruaren ondoan, marrazoaren hegoaren kolpea asmatu nuen, arrain bat zatitzen ari zela. Baina beldur izan beharrean gosea gehitu egin zitzaidan. Itsas txoria kareletik zebilen saltaka. Itsasoan igarotako nire bosgarren eguneko arratsaldea zen. Bost egun jan barik. Nire emozioa gora-behera, bihotza bularraren barruan kolpeka nuen arren, geldirik egon nintzen, hilda egon banintz legez, itsas txoria hurreratzen asmatzen nuen bitartean. Ni karelean luzatuta nengoen, eskuak izterretan. Ziur nago ordu erdian begiak kliskatzen ere ez nintzena ausartu. Zerua distiratsu jartzen ari zen eta begietan kalte egiten zidan, baina ez nintzen une larri hartan begiak ixten ausartzen. Itsas txoria zapatak mokokatzen ari zitzaidan. Ordu erdi luze eta bizia igaro zen, itsas txoria hankaren gainean jarri zitzaidala asmatu nuenean. Emeki prakak mokokatu zizkidan. Nik zirkinik egin barik jarraitzen nuen belaunean mokokada latz eta gogor bat eman zidanean. Zauriagatik saltatzeko izan nintzen. Baina mina jasatea lortu nuen. Gero, nire eskumako izterreraino etorri zen, nire eskutik bost-sei zentimetrora. Orduan arnasa gelditu nuen eta ez ohartzeko moduan, etsipenezko tentsioarekin, eskua mugitzen hasi nintzen.
Naufrago baten kontakizuna |