Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

7. KAPITULUA

 

 

Gosekil baten etsipenezko baliabideak

 

        Itsas txori bat harrapatzeko asmotan enparantza baten etzaten bazara, han egon zaitezke bizi guztian lortu barik. Baina kostatik ehun miliara desberdina da. Itsas txoriek lehorrean iraupen-sen zolia daukate. Itsasoan animalia fidakorrak dira.

        Ni hain nengoen geldirik, nire izterraren gainean jarri zen itsas txori txiki eta jostalari hark hilda nengoela pentsatuko zuen. Ni izterrean ikusten ari nintzen. Prakak mokokatzen zizkidan, baina ez zidan minik egiten. Eskua mugitzen segitu nuen. Zakarki, itsas txoria arriskuaz konturatu eta hegaz hasten ahalegindu zen momentuan, hego batetik heldu nion, baltsa barrura saltatu nuen eta irenstera abiatu nintzen.

        Nire izterraren gainean jarriko zela pentsatzen nuenean, ziur nengoen harrapatuz gero bizirik jango nuena, lumatu barik. Gose nintzen eta animaliaren odolaren ideiak egarria bizitu egiten zidan. Baina esku artean eduki nuenean, bere gorputz beroaren taupada asmatu nuenean, bere begi arre distiratsu eta biribilak ikusi nituenean, dudan egon nintzen momentu baten.

        Behin kubertan karabina bat nuela egon nintzen, barkuari jarraitzen zioten itsas txorietariko bat harrapatzeko ahaleginetan. Suntsitzaileko arma-nagusiak, eskarmentuzko marinela berau, honela esan zidan: «Ez zaitez zantarra izan. Marinelarentzat itsas txoria lehorra ikustea lakoa da. Ez da duina itsasgizon batek itsas txori bat hiltzea». Ni une hartaz gogoratzen nintzen, arma-nagusiaren berbez, baltsan harrapatutako itsas txoriarekin nengoenean, hiltzeko eta zatitzeko prest. Jan barik bost egun baneroatzan ere, arma-nagusiaren berbek nire belarrietan durundi egiten zuten, entzuten egon banintz legez. Baina momentu hartan gosea gainerakoak baino indartsuagoa zen. Animaliaren buruari gogor eutsi nion eta lepoa bihurritzen hasi nintzaion, oilo bati legez.

        Hauskorregia zen. Lehenengo bueltan lepoko hezurrak apurtu zitzaizkiola asmatu nuen. Bigarren bueltan bere odola asmatu nuen, bizi eta beroa, nire atzamarren artean. Errukitu egin nintzen. Hark hilketa zirudien. Burua gorputzetik bereizi eta nire eskuan geratu zen taupadaka oraindik.

        Baltsako odol zarrastadak arrainak asaldatu egin zituen. Marrazo baten tripa zuri eta distiratsua karela ikutuz igaro zen. Momentu horretan, marrazo batek, odolaren usainak zoratuta, haginkada batez altzairuzko lamina ebaki dezake. Bere masailezurrak gorputzaren beheko aldean daudenez, buelta eman behar du jateko. Baina bista gutxikoa eta jatuna denez, tripaz gora jartzen denean aurretik topatzen duen guztia eroaten du. Uste dut momentu horretan baltsaren kontra oldartzen ahalegindu zela. Ikaratuta, itsas txoriaren burua bota nion eta, kareletik zentimetro gutxira, animalia ikaragarri haien lehia ikusi nuen, arrautza baino txikiagoa zen itsas txoriaren burua nork eroango burrukan.

        Lehenengo lumatzen ahalegindu nintzen. Arinegia zen eta hezurrak hain hauskorrak, atzamarrekin apurtu zitezkeen. Lumak kentzen ahalegintzen nintzen, baina azal fin eta zuriari itsatsita zeuden, haragia luma odolduekin batera jausten zen. Atzamarretan nuen substantzia beltz eta likatsuak nazka eman zidan.

        Erreza da bost egunean gose izan ondoren edozer jan litekeela esatea. Baina gose handia eduki arren luma eta odol bero nahaspila baten aurrean nazka sentitzen da, arrain gordin eta hazteri usain handia duen nahaspila baten aurrean.

        Hasieran, kontuz lumatzen ahalegindu nintzen, pausu batzuei jarraituz. Baina ez nintzen bere haragiaren hauskortasunaz ohartu. Lumatueran eskuetan desegiten hasi zitzaidan. Baltsa barruan garbitu nuen. Tirakada bakar batez kendu nion azala eta bere heste arrosek, bere tripa urdinek, urdaila nahastu egin zidaten. Izter zatitxo bat eroan nuen ahora, baina ezin izan nuen irentsi. Sinplea zen. Igela mamurtzen ari nintzela iritzi nion. Nazka ezin disimulatuz, ahoan neukan zatia bota egin nuen eta luzaroan egon nintzen geldirik, luma eta hezur odoldu nahaspila nazkagarri hura eskuan.

        Ezin jan nezakeena karnatatzat erabiliko nuela otu zitzaidan lehenengo. Baina ez neukan arrantzako tresnarik. Orratz bat eduki banu sikiera. Alanbre zati bat. Baina giltzak, erlojua, eraztuna eta Mobileko biltegiko hiru txarteletatik aparte ez neukan ezer.

        Gerrikoan pentsatu nuen. Belarriarekin amu bat molda nezakeela pentsatu nuen. Baina nire ahaleginak alferrik izan ziren. Ezinezkoa zen gerrikoarekin amua moldatzea. Gaua gainera zetorren eta arrainak, odol usainarekin zoratuta, baltsaren inguruan saltaka zebiltzan. Guztiz ilundu zuenean uretara bota nituen itsas txoriaren hondakinak eta hiltzeko etzan nintzen. Etzateko erramua prestatzen ari nintzela animalien borroka sorra entzun nuen, ezin jan izan nituen hezurrak harrapatzeko borrokan.

        Uste dut gau horretan nekeak eta etsipenak jota hil nintekeela. Lehenengo orduetatik haize gogorra altxatu zuen. Baltsa balantzaka zebilen. Ni, bitartean, arriskua aurreikusiz badaezpada txikotekin lotzea pentsatu ere egin barik, uraren barruan leher eginda nentzan, oinak eta burua bakarrik uretatik kanpoan.

        Baina gauerdia pasata aldaketa izan zen: ilargiak irten zuen. Istripuaren egunetik lehenengo gaua izan zen. Argitasun urdinaren pean, itsasoaren azalak itxura espektrala berreskuratzen du. Gau horretan ez zen Jaime Manjarrés etorri. Bakarrik egon nintzen, etsita, baltsaren hondoan nire zoriaren menpe.

        Hala ere, adorea jausten zitzaidan bakoitzean, itxaropena berpizten zidan zerbait gertatzen zen. Gau horretan olatuetan ikusten zen ilargiaren isla izan zen. Itsaso nahiko zegoen eta olatu bakoitzean barku baten argia ikusten nuela pentsatzen nuen. Barku batek erreskatatuko ninduen itxaropena gau bi lehenago galdu nuen. Hala ere, gau hartan guztian ilargiaren argitasunari esker —nire seigarren gaua itsasoan— hodeiertza aztertzen ibili nintzen etsita, ia lehenengo gaueko gogo eta fedearekin. Orain baldintza beretan banengo etsipenez hilko nintzateke: orain badakit baltsak nabigatzen duen bidean ez dela barkurik ibiltzen.

 

 

Ni hildakoa nintzen

 

        Ez naiz seigarren eguneko egunsentiarekin gogoratzen. Ideia nahasia daukat, goiz guztian baltsaren hondoan bizitza eta heriotzaren artean etzanda egon nintzela. Momentu horietan neure familian pentsatzen nuen eta orain kontatu didatenaren arabera neure desagerketako egunetan egon zen legetxe ikusten nuen. Ez ninduen harritu hileta egiteak. Nire itsasoan igarotako bakardadeko seigarren goiz hartan, hori guztia gertatzen ari zela pentsatu nuen. Banekien nire familiak desagerketaren berri bazekiena. Hegazkinak itzuli ez zirenez banekien bilatzeari utzi ziotena eta hiltzat joko nindutena.

        Eta ez zen gezurra, neurri baten. Neure burua defendatzen ahalegindu nintzen beti. Bizitzeko baliabideren bat topatu nuen beti, eusgarri bat, zitekeen txikiena izanda ere, itxaroten jarraitzeko. Baina seigarren egunean ez nuen ezer itxaroten. Baltsan zegoen hildakoa nintzen.

        Arratsaldean, laster bostak izango zirela eta marrazoak itzuliko zirela pentsaturik, altxatzeko eta karelean lotzeko ahalegin etsia egin nuen. Cartagenan, igazlehenean, marrazo batek zatitutako gizon baten hondarrak ikusi nituen. Ez nuen horrela hil gura. Ez nuen animalia asegaitzen artean zatitxoetan txikituta amaitu gura.

        Bostetarako gutxi falta zen. Ordukoak, marrazoak han zeuden, baltsaren inguruan. Neke handiz altxatu nintzen oholtzaren txikotak askatzeko. Arratsalde freskoa zen. Itsasoa, barea. Apur bat bizkortuta sentitu nintzen. Bat-batean, aurreko eguneko zazpi itsas txoriak ikusi nituen berriro eta ikuskari horrek bizitzeko gogoberritu egin ninduen.

        Momentu horretan edozer jango nuen. Goseak molestatu egiten ninduen, baina minduta neukan eztarria eta ariketa faltagatik gogortuta neuzkan masailezurretako mina txarragoak ziren. Zeozer mamurtu behar nuen. Nire oinetakoen kautxuzko tirak kentzen ahalegindu nintzen, baina ez neukan zerekin ebaki. Orduantxe gogoratu nintzen Mobileko biltegiko txartelekin.

        Praketako patrikera baten zeuden, hezetasunak ia guztiz deseginda zeuzkan. Txikitu egin nituen, ahoan sartu nituen eta mamurtzen hasi nintzen. Hura mirari baten antzekoa izan zen: eztarria apur bat gozatu egin zen eta ahoa txistuz bete zitzaidan. Astiro mamurtzen jarraitu nuen, txiklea izan balitz legez. Lehenengo haginkadan masailezurretako mina izan nuen. Baina gero, Mary Addressekin erosketak egiten irten eta gero zergatik ez nekiela gorde nuen txartela mamurtu ahala, indartsuago eta baikorrago sentitu nintzen. Lasai mamurtzen jarraitzea pentsatu nuen masailezurretako mina kentzeko. Baina itsasora botatzeari zarrastelkeria iritzi nion. Ehotako kartoiaren ahi apurra urdailera jaisten asmatu nuen eta momentu horretatik salbatuko nintzen zentzazioa izan nuen, marrazoek ez nindutela txikituko.

 

 

Zelako gustua daukate zapatek?

 

        Txartelekin izan nuen gozamenak jakiak topatzen segitzeko irudimena zolitu egin zidan. Labana eduki banu zapatak txikituko nituen eta kautxuzko tirak mamurtuko nituen. Eskura neukan deigarriena zen. Giltzekin zoru zuri eta garbia bereizten ahalegindu nintzen. Baina ahaleginak alferrik izan ziren. Ezinezkoa zen oihalari gogor lotuta zegoen kautxuari tirarik kentzea.

        Etsita, haginetako mina eduki arte egin nion haginka gerrikoari. Ezin izan nuen mokadurik kendu. Momentu horretan piztia baten itxura edukiko nuen; hortzekin zapata, gerriko eta alkandora zatiak kendu gurarik. Iluntzean guztiz bustita neukan erropa erantzi nuen. Praka laburretan geratu nintzen. Ez dakit txartelei egotzi behar diedan, baina ia segituan lo geratu nintzen. Nire zazpigarren gauean, baltsaren deserosotasunera eginda nengoelako beharbada, beilako zazpi gauren ondoren leher eginda nengoelako beharbada, ordu luzeetan sakonki egin nuen lo. Batzuetan olatuak iratzartzen ninduen; salto bat egiten nuen, larrituta, kolpearen indarrak uretarantz ninderoala sentituz. Baina lo geratzen nintzen segituan.

        Azkenean itsasoan igarotako nire zazpigarren eguna argitu zuen. Ez dakit zergatik ziur nengoen ez zena azkena izango. Itsasoa bare eta lainotuta zegoen, eta eguzkiak irten zuenean, goizeko zortziak aldean, gaueko lo onaren eraginez bizkortuta sentitzen nintzen. Zeru ubel eta baxuan zazpi itsas txoriak baltsaren gainetik pasa ziren.

        Egun bi aurrerago poz handia izan nuen zazpi itsas txoriak agertzearekin. Baina hirugarrenez ikusi nituenean, egun bian jarraian ikusi eta gero, izua berpizten nabaritu nuen. «Galduta dabiltzan zazpi itsas txori dira», pentsatu nuen. Etsita pentsatu nuen. Itsasgizon guztiek dakite batzuetan itsas txori multzo bat itsasoan galdu egiten dela eta norabide barik ibiltzen dela hegaz egun batzuetan, porturako norabidea erakusten dien barku bati jarraitzen dioten arte. Beharbada hiru egunean ikusi nituen itsas txori haiek eguneroko berak ziren, itsasoan galduta zebiltzanak. Horrek nire baltsa lehorretik gero eta urrunago zegoela esan gura zuen.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998