Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998

 

 

4. KAPITULUA

 

 

Nire lehenengo gaua bakarrik Kariben

 

        Arratsaldeko lauretan haizea kalmatu egin zen. Ura eta zeruaz gain besterik ikusten ez nuenez, kokatzeko markarik ez neukanez, ordu bi baino gehiago igaro ziren baltsa aurrera zihoala konturatu nintzen arte. Baina, bere barruan egon nintzen momentutik, artez mugitzen hasi zen, haizeak bultzatuta, nik erramuekin eman ahal izango nion baino abiadura handiagoan. Hala ere, ez neukan ideiarik nire norabidea eta posizioa zeintzuk ziren. Ez nekien baltsa kostarantz edo Karibe barrurantz zihoan. Azken honi errazena neritzon, beti uste izan bainuen ezinezkoa zela itsasoak berrehun miliatan urrundutako ezer lehorrera eroatea, eta are gutxiago gauza hori baltsa baten dagoen gizona baizen astuna bazen.

        Nire lehenengo ordu bietan, minuturik minutu, suntsitzailearen bidaia buruz eraiki nuen. Cartagenara telegrafiatuz gero, istripua gertatu zen leku zehatzaren berri emango zutela pentsatu nuen, eta momentu horretatik hegazkinak eta helikopteroak bidaliko zituztela gu erreskatatzen. Neure kalkuluak egin nituen: ordubete baino lehenago hegazkinak hantxe egongo ziren, neure gainean biraka.

        Arratsaldeko ordu batean baltsan hodeiertza aztertzen jesarri nintzen. Hiru erramuak askatu eta barruan jarri nituen, hegazkinak agertzen ziren norabidean abant egiteko prest. Minutuak luzeak eta larriak ziren. Eguzkiak aurpegia kiskaltzen zidan eta lepo-bizkarrak eta ezpainak erretzen neuzkan, gatzak ebakita. Baina momentu horretan ez nintzen egarri ez gose. Nuen beharrizan bakarra hegazkinak agertzea zen. Eginda neukan plana: agertzen ikusten nituenean eurakanantz abant egiten ahaleginduko nintzen, gero, neure gainean zeudenean, baltsan zutundu eta seinaleak egingo nizkien alkandorarekin. Prest egoteko, minutu bat ez galtzeko, alkandoraren botoiak askatu nituen eta karelgainean jesarrita jarraitu nuen, hodeiertza alde guztietatik ikertuz, hegazkinak nondik agertuko ziren ideiarik txikiena ere ez neukan eta.

        Horrelaxe heldu ziren ordu biak. Haizeak uluka segitzen zuen, eta haizearen uluaren gainetik nik Luis Rengiforen boza entzuten segitzen nuen: «Potolo, egin abant honantz». Argi eta garbi entzuten nuen, han egon balitz legez, metro bira, erramuari heltzeko ahaleginetan. Baina nik banekien itsasoan haizea uluka dagoenean, olatuak haitzen kontra apurtzen datozenean, gogoratzen dituzun bozak entzuten jarraitzen duzuna. Eta ekinaren ekinez zoratzeko modukoa izaten da: «Potolo, egin abant honantz».

        Hiruretan etsitzen hasita nengoen. Banekien ordu horretan suntsitzailea Cartagenako moiletan zegoena. Nire lagunak, pozik itzuleragatik, minutu gutxi barru hirian zehar sakabanatuko ziren. Denak nigan pentsatzen ari ziren zentzazioa izan nuen, eta ideia horrek lauretara arte itxaroteko adorea eta eroapena piztu zidan. Telegrafiatu ez balute ere, uretara jausi ginela konturatu ez balira ere, atrakaeran konturatuko ziren, tripulazioko guztiek kubertan egon behar zutenean. Hori hiruretan izan zitekeen, beranduen; berehalaxe emango zuten abisua. Hegazkinek berandu irten balute ere, ordu erdi baino lehen istripua gertatu zen lekurantz joango ziren hegaz. Halandaze lauretan —lau eta erdietan beranduen— neure buru gainean ibiliko ziren hegaz. Hodeiertza aztertzen jarraitu nuen, haizea kalmatu eta zurrumurru itzel baten sartuta egon nintzen arte. Orduan bakarrik utzi nion Luis Rengiforen oihua entzuteari.

 

 

Gau handia

 

        Hasieran ezinezkoa iritzi nion bakarrik itsasoan hiru orduan egoteari. Baina bostetan, bost ordu igarota zeudenean, ordubete gehiago ere itxaron nezakeela pentsatu nuen. Eguzkia beherantz zetorren. Hodeiertzean gorritu eta handitu egin zen, eta orduan orientatzen hasi nintzen. Orain banekien hegazkinak nondik agertuko ziren: eguzkia neure ezkerretara jarri nuen eta zuzen begiratu nuen, mugitu barik, bista momentu baten ere kendu barik, begiak kliskatzen ausartu barik, Cartagena egongo zen norabidean, neure orientazioaren arabera. Seietan begietako mina neukan. Baina begira jarraitzen nuen. Iluntzen hasi eta gero ere, eroapen tinko eta menderakaitz batekin jarraitu nuen begira. Banekien orduan ez nituena hegazkinak ikusiko, baina argi berde eta gorriak ikusiko nituen, neureganantz etortzen, euren motorren zarata asmatu orduko. Argiak ikusi gura nituen, ilunetan hegazkinetatik ezin izango nindutela ikusi pentsatu barik. Bat-batean zerua gorritu egin zen, eta nik hodeiertza aztertzen jarraitzen nuen. Gero bioleta ilunen kolorea hartu zuen, eta nik begira jarraitzen nuen. Baltsaren alde baten, ardo kolorea zuen zeruan diamante hori bat balitz legez, geldia eta karratua, lehenengo izarra agertu zen. Seinale baten modukoa izan zen. Berehalaxe, gau zerratua itsasoari oldartu zitzaion.

        Nire lehenengo inpresioa, ilunetan murgilduta nengoela eta neure esku-ahurra ezin nuela ikusi konturatueran, ezin izango nuela izua gainditu izan zen. Urak karelaren kontra ateratzen zuen hotsagatik, banekien baltsak astiro baina eten barik aurrera jarraitzen zuena. Ilunpetan sartuta eguneko orduetan hain bakarrik ez nintzela egon konturatu nintzen. Ilunetan bakarrago nengoen, ikusten ez nuen baina neure azpian asmatzen nuen baltsan. Animalia arraroz beterik zegoen itsaso dentso baten isilik mugitzen zen. Hain bakarrik ez sentitzeko nire erlojuaren koadranteari begira jarri nintzaion. Zazpiak hamar gutxiago ziren. Askoz geroago, ordu biak inguruan, hiruretan, zazpiak bost gutxiago ziren. Minutorratza hamabigarren zenbakira heldu zenean zazpiak puntuan ziren eta zerua izarrez josita zegoen. Baina nik eguna argitzeko beste denbora igaro zela neritzon. Etsita, hegazkinetan pentsatzen jarraitzen nuen.

        Hotza asmatzen hasi nintzen. Baltsa baten barruan minutu baten siku egotea ezinezkoa da. Karelgainean jesartzen zarenean ere gorputz erdia uraren barruan geratzen da, baltsaren behea otzara bat legez eskegita dago-eta, azaletik metro erdi baino beherago. Gaueko zortzietan ura haizea baino beroagoa zen. Nik banekien baltsaren zoruan animalietatik salbu egongo nintzena, zorua babesten duen sareak hurreratzen uzten ez dielako. Baina hori eskolan ikasten da eta eskolan sinesten da, irakasleak baltsaren modelo txiki baten erakuspena egiten duenean, eta jesarleku baten jarrita zaudenean, berrogei lagunen artean eta arratsaldeko ordu bietan. Baina itsasoan bakarrik zaudenean, gaueko zortzietan eta itxaropen barik, irakaslearen berbetan batere logikarik ez dagoela uste duzu. Nik banekien gorputz erdia gizonena barik, itsasoko animaliena zen mundu baten sartuta neukana, eta nire alkandoraren kontra haize izoztuak jo arren ez nintzen kareletik mugitzen ausartzen. Irakaslearen arabera, hori baltsan segurtasun gutxien duen lekua da. Baina, hala ere, hor bakarrik sentitzen nintzen animalietatik urrunago: baltsaren inguruan misterioski igarotzen entzuten nien animalia itzel eta ezezagun horietatik.

        Gau horretan Hartz Txikia aurkitzea kosta zitzaidan, izar sare nahasi eta amaigabe baten galduta. Sekula ez nituen hainbeste ikusi. Zeruaren zabalera guztian hutsune bat topatzea gaitza zen. Baina Hartz Txikia topatu nuenetik ez nintzen beste alde batera begiratzen ausartu. Ez dakit zergatik Hartz Txikira begira ez nintzen hain bakarrik sentitzen. Cartagenan, libre egoten ginenean, Mangako zubian jesartzen ginen goizaldean, Ramón Herrerak kantatzen zuen bitartean, Daniel Santos imitatzen, eta baten batek gitarrarekin laguntzen zion bitartean.

        Harriaren ertzean jesarrita, nik Hartz Txikia topatzen nuen beti, Popako Zerroaren alboetatik. Gau horretan, baltsaren ertzean, Mangako zubian egon banintz legez sentitu nintzen momentu baten, Ramón Herrera nire ondoan egon balitz legez, gitarra batek lagunduta kantatzen, eta Hartz Txikia lurretik berrehun miliara egon ez balitz legez, Popako Zerroaren gainean baino. Ordu horretan Cartagenan baten bat Hartz Txikira begira egongo zela pentsatzen nuen, nik itsasoan egiten nuen legetxe, eta ideia horrek hain bakarrik ez sentitzen lagundu zidan.

        Nire itsasoko lehenengo gaua luzatu zuena ezer ere ez gertatzea izan zen. Baltsa baten igarotako gaua deskribatzea ezinezkoa da, ezer gertatzen ez denean eta animalien beldur zarenean, eta minuturo begiratzeari uztea ezinezkoa zaizun erloju fosforeszente bat daukazunean. Otsailaren 28ko gauean —nire lehenengo gaua itsasoan— minutu guztietan begiratu nion erlojuari. Tortura zen. Etsita kentzea erabaki nuen, orduaren pentzura ez egoteko patrikeran gorde nuen. Eustea ezinezkoa zela pentsatu nuenean, hogei minutu falta ziren gaueko bederatzietarako. Oraindik ez nintzen ez egarri ez gose eta ziur nengoen hurrengo egunera arte eutsi ahal izango niona, hegazkinak etorri arte. Baina erlojuak zoratu egingo ninduela uste nuen. Ezinegonak eraginda, eskumuturretik kendu nuen patrikeran sartzeko, baina eskuan eduki nuenean onena itsasora botatzea zela otu zitzaidan. Dudan egon nintzen momentu baten. Ikara sentitu nuen ondoren: erloju barik bakarrago egongo nintzela pentsatu nuen. Eskumuturrean jarri nuen berriro eta berari begira jarraitu nuen, minuturik minutura, arratsalde horretan hegazkinen zain hodeiertzera begira egon nintzen legez; begietako mina izan nuen arte.

        Hamabiak pasata negargura izan nuen. Segundo baten ere ez nuen lorik egin, baina ahalegindu ere ez nintzen egin. Arratsalde hartan hodeiertzean hegazkinak ikusteko izan nuen itxaropen berberarekin, barkuen argien bila ibili nintzen goizalde horretan. Ordu luzeetan egon nintzen itsasoa aztertzen; itsaso barea, neurrigabea eta isila, baina ez nuen izarrena ez zen beste argirik ikusi. Goizaldeko orduetan hotza handiagoa izan zen eta nire gorputza distiratsu egin zela neritzon, arratsaldeko eguzki guztia azalpean sartuta. Hotzarekin erremina handiagoa zen. Hamabiak pasata eskumako belauneko mina asmatzen hasi nintzen eta ura hezurretaraino sartu balitzait legez izan zen. Baina horiek urruneko zentzazioak ziren. Ez nuen nire gorputzean barkuen argietan beste pentsatzen. Eta bakardade infinitu haren erdian, itsasoaren zurrumurru ilunaren erdian, barku baten argia baino ez nuela behar pentsatzen nuen, edonon entzungo zen oihua egiteko.

 

 

Eguneroko argia

 

        Ez zuen eguna astiro argitu, lehorrean legez. Zerua zurbil jarri zen, lehenengo izarrak desagertu egin ziren eta nik lehenengo erlojuari eta gero hodeiertzera begira jarraitzen nuen. Itsasoaren ertzak agertu ziren. Hamabi ordu igaro ziren, baina ezinezkoa neritzon. Ezinezkoa da gaua eguna bezain luzea izatea. Beharrezkoa da itsasoan gau bat pasata edukitzea, baltsa baten jesarrita eta erloju bati begira, gaua eguna baino askoz luzeagoa dela jakiteko. Baina bat-batean eguna argitzen hasten da, eta orduan nekatuegi zaude argitzen ari dela jakiteko.

        Baltsako lehenengo gau hartan horixe gertatu zitzaidan. Eguna argitzen hasi zenean ezerk ez zidan ardura. Ez nuen ez urean ez jatekoan pentsatu. Haizea epeltzen hasi arte eta uraren azala platertu eta urre-koloreko jarri arte ez nuen ezertan pentsatu. Gau guztian segundo baten ere ez nuen lorik egin, baina itzartu banintz legez egon nintzen momentu hartan. Baltsan luzatu nintzenean hezurretako mina nuen. Azaleko mina nuen. Baina eguna distiratsua eta epela zen, eta argitasunaren eta altxatzen hasita zegoen haizearen hotsaren erdian, ni itxaroteko indarberrituta sentitzen nintzen. Eta baltsan ondo lagunduta sentitu nintzen. Nire bizitzako hogei urteetan lehenengoz guztiz zoriontsu sentitu nintzen.

        Baltsak aurrera jarraitzen zuen, gauean aurrera zenbat egin zuen ezin nuen kalkulatu, baina hodeiertzean denak jarraitzen zuen berdin, zentimetro bat mugitu ez banintz legez. Goizeko zazpietan suntsitzailean pentsatu nuen. Gosaltzeko ordua zen. Nire lagunak sagar bat jaten mahaian jarrita zeudela pentsatzen nuen. Gero arrautzak eroango zizkiguten. Okela ondoren. Gero ogia eta kafesnea. Ahoa txistuz bete zitzaidan eta urdailean min arin bat izan nuen. Ideia hura uxatzeko baltsaren hondoan leporaino sartu nintzen. Bizkarrean ur freskoak indartsu eta arinduta sentiarazi ninduen. Luzaroan egon nintzen horrela, murgilduta, Ramón Herrerarekin popara zergatik joan nintzen neure buruari galdezka, neure kamainan etzan beharrean. Tragedia eraiki nuen minuturik minutu eta lelotzat hartu nuen neure burua. Ez zegoen arrazoirik ni biktimetariko bat izateko: ez nengoen zainketan, ez nuen zertan kubertan egon. Dena zoritxarraren ondorioa izan zela pentsatu nuen eta orduan ezinegon apur bat sentitu nuen berriro. Baina erlojuari begiratu nionean lasaitu egin nintzen ostera bere. Egunak arin egiten zuen aurrera: hamaika eta erdiak ziren.

 

 

Puntu beltza hodeiertzean

 

        Eguerdiaren hurbiltasunak Cartagena ekarri zidan gogora berriro. Nire desagerpenaz ez konturatzea ezinezkoa zela pentsatu nuen. Baltsara heldua ere damutu zitzaidan, momentu baten nire lagunak erreskatatu zituztela imajinatu nuen-eta, eta trabes zebilen bakarra neu nintzela, baltsa haizeak bultzatu zuelako. Zoritxarrari egotzi nion baltsaraino heldua.

        Ideia hori ondo hausnartu barik neukan hodeiertzean puntu bat ageri zela pentsatu nuenean. Begiak aurrera egiten zuen puntu beltz horretan ezarrita neuzkala altxatu nintzen. Hamaikak eta berrogeita hamar ziren. Hain biziro begiratu nuen, momentu baten zerua puntu argitsuz bete zen. Baina puntu beltzak aurrera jarraitzen zuen, baltsarantz artez. Ikusi eta minutu bira bere itxura zehatz ikusten hasi nintzen. Zeru argitsu eta urdinean aurrera egin ahala, dzartada metaliko itsugarriak jaurtitzen zituen. Geldika-geldika beste puntu argitsuen artetik nabarmenduz joan zen. Lepoko mina nuen eta ezin nuen zeruaren argitasuna begietan jasan. Baina begira jarraitzen nuen: distiratsua zen, bizkorra, eta baltsarantz zetorren artez. Momentu horretan ez nintzen zoriontsua. Ez nuen neurriz gorako emoziorik izan. Buruko argitasun eta lasaitasun ikaragarria sentitu iiuen, baltsan zutunik, hegazkina hurreratu bitartean. Lasai alkandora erantzi nuen. Alkandorarekin seinaleak egiten zein momentu zehatzetan hasi behar nuen banekien zentzazioa nuen. Minutu baten, minutu bian egon nintzen alkandora eskuan, hegazkina apur bat gehiago hurreratzeko zain. Artez zetorren baltsarantz. Besoa altxatu eta alkandora astintzen hasi nintzenean, argi entzuten nuen, olatuen zarataren gainetik, haziz zetorren motorren zarata ozena.

 

Naufrago baten kontakizuna
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Eneko Barrutia
Ekain, 1998