Naufrago baten kontakizuna
Istorio honen historia
1955eko otsailaren 28an Caldas suntsitzaileko tripulazioko zortzi kide, Kolonbiako Itsas Armadakoak, Karibe itsasoan izan zen ekaitz baten ondorioz uretara jausi eta desagertu ziren berria jakin zen. Ontzia Mobiletik, Estatu Batuetan konponketak egin zizkioten portutik, Cartagenako portu kolonbiarrerantz bidaian zihoan. Hara tragediatik ordu bira heldu zen, atzerapen barik. Naufragoen bilaketa berehala hasi zen, Panamako Kanaleko indar estatubatuarren laguntzarekin, hauek Kariberen hegoaldean kontrol militarra daukate eta beste karitate ekintza batzuk burutzen dituzte. Lau egunen buruan bilatzeari utzi zitzaion, eta galduriko marinelak ofizialki hiltzat jo zituzten. Astebete geroago, hala ere, euretariko bat hil zorian agertu zen Kolonbiaren iparraldeko hondartza huts baten, trabes ibilitako baltsa baten hamar egunean jan eta edan barik egon ondoren. Luis Alejandro Velasco zuen izena. Liburu hau berak kontatu zidanaren kazetaritzako berreraiketa da, hondamenditik hilabetera Bogotako El Espectador egunkariak argitaratu zuen legetxe. Bere abentura minuturik minutu berreraikitzen ahalegindu bitartean, ez naufragoak ez nik ez genekien miaketa nekagarri hark herrian zelanbaiteko nahastea sortu zuen beste abentura batera eroango gintuela. Berak bere loria eta bere karrera galdu zituen eta nik larrutik paga nezakeen. Kolonbia orduan Gustavo Rojas Pinilla jeneralaren diktadura militar eta folklorikoaren pean zegoen. Bere balentria gogoangarrienak bi dira: ikasleen sarraski bat, armadak hiriburuaren erdian manifestazio baketsua tiroka desegin zuenekoa, eta polizia sekretuak eginiko hilketa, zezen-plazan diktadorearen alabari txistuak jotzen zizkioten igandeko zezenzaleak hil zituenekoa. Inoiz ez da zehaztu zenbat izan ziren. Prentsa zentsuratuta zegoen, eta oposizioko egunkarien eguneroko arazoa irakurleak entretenitzeko kutsu politikorik ez zuten arazoak aurkitzea zen. El Espectador-en, okindegiko lan ohoragarri horren arduradunak ondokook ginen: Guillermo Cano, zuzendaria; José Salgar, erredakzio burua, eta neu, saileko erreportaria. Inor ez zen hogeita hamar urtetik gorakoa. Luis Alejandro Velasco bere kabuz ipuinagatik zenbat pagatuko genion galdetzen etorri zitzaigunean, merezi zuen legez hartu genuen: albiste ezagunegia zela pentsatu genuen. Indar armatuek itsasoko ospitale baten eduki zuten bahituta aste batzuetan, eta erregimeneko kazetariekin baino ezin izan zuen berba egin. Eta hauez gain mediku mozorrotu zen oposizioko kazetari batekin bakarrik. Ipuina zatika kontatu zen askotan, erabilita eta manipulatuta zegoen, eta erlojuak iragartzeko bere burua saltzen zuen heroi batekin irakurleak nekatuta zeudela zirudien, afrontuan berea ez zen atzeratu-eta; oinetakoen iragarkietan agertzen zen, bereak hain gogorrak zirenez jateko ezin izan zituen urratu-eta, eta beste publizitate zabor askotan. Domina ezarri zioten, irratiz hitzaldi aberkoiak egin zituen, hurrengo belaunaldientzako eredu gisa erakutsi zuten telebistan, eta autografoak sinatzeko eta edertasunaren erreginek musu eman ziezaioten herrian harantz eta honantz erabili zuten lore eta musiken artean. Dirutxoa bildu zuen. Deitu barik guregana bazetorren, bere atzetik hainbeste ibili ondoren, zitekeena zen zer kontatu askorik ez edukitzea, diruagatik edozer asmatzeko gauza izatea, eta gobernuak bere deklarazioaren mugak ederto adierazita edukitzea. Etorri zen bidetik bidali genuen. Bat-batean, bihozkada bati jarraituz, Guillermo Canok eskailaretan harrapatu zuen, onartu egin zuen tratua, eta eskuetan jarri zidan. Erloju-bonba jarri balit legez izan zen. Hogei urteko mutil sendo hark aberriko heroiarena baino tronpetari aurpegia gehiago zuen. Nire lehenengo sorpresa kontatzeko artean zuen aparteko sena izan zen, sintesi gaitasun eta oroimen ikaragarria zuen, eta bere heroitasunaz irribarre egiteko besteko berezko duintasuna. Egunean sei orduko hogei batzalditan, nik oharrak hartu eta bere kontraesanak topatzeko galdera maltzurrak egiten nituen bitartean, itsasoan egin zituen bere hamar egunen kontakizun oso eta benetakoa berreraikitzea lortu genuen. Hain zen zehatza eta liluragarria, nire arazo literario bakarra irakurleari sinestaraztea izango zen. Ez horregatik bakarrik, bidezkoa iritzi geniolako ere erabaki genuen lehenengo pertsonan idaztea eta berak sinatua izatea. Hauxe da, izan ere, nire izena testu honi loturik agertzen den lehenengo aldia. Bigarren sorpresa, onena, laneko laugarren egunean izan nuen, Luis Alejandro Velascori hondamendia eragin zuen ekaitza deskribatzeko eskatu nionean. Bere deklarazioak urrea balio zuela jakinda, irribarre batekin honako hau erantzun zidan: «Ez zegoen ekaitzik». Halantxe zen: meteorologia-zerbitzuek konfirmatu ziguten hura Karibeko beste otsail baketsu eta argietariko bat izan zela. Benetan gertatutakoa, lehenago sekula agertu ez zena, ontziak itsaso gogorrean haizearen eraginez balantzada handia eman zuela izan zen, kubertan txarto jarrita zegoen zama askatu egin zen, eta zortzi marinelak itsasora jausi ziren. Errebelazio horrek hiru huts itzel uzten zituen agerian: lehenengoa, suntsitzaile baten debekatuta zegoen zama eroatea; bigarrena, gainzamaren eraginez ezin izan zuen ontziak maniobrarik egin naufragoak erreskatatzeko, eta hirugarrena, kontrabandoko zama zen: hozkailuak, telebistak, garbigailuak. Argi zegoen kontakizunak, suntsitzaileak legez, aurretik kontuan hartu ez genuen txarto loturiko zama politiko eta morala ere bazeroala. Istorioa, ataletan banaturik, hamalau egunean agertu zen jarraian. Gobernuak berak bere heroiaren bedeinkapen literarioa txalotu egin zuen. Gero, egia argitaratu zenean, azpijoko politikoa izango zen serieari jarraitzen ez uztea: egunkariaren zabalkundea ia bikoiztu egin zen, eta eraikinaren aurrean irakurle andana bat zenbaki atzeratuak erosteko lehian zebilen bilduma osoa gordetzeko. Diktadura, gobernu kolonbiarretan oso berezkoa den tradizioari jarraituz, egia erretorikaz estaltzearekin konformatu zen: komunikatu itzaltsu baten kontrabandoko merkantziarik zeroala gezurtatu egin zuen. Geure baieztapenei eusteko moduaren bila, Luis Alejandro Velascori argazki-kamarak zeuzkaten tripulazioko kideen zerrenda eskatu genion. Asko herriko leku desberdinetan oporretan zeuden arren, aurkitzea lortu genuen bidaian hartu zituzten argazkiak erosteko. Ataletan argitaratu eta astebetera, eranskin berezi baten agertu zen kontakizun osoa, marinelei erosiriko argazkiz apaindurik. Itsas zabalean zeuden lagun taldeen atzean, bat ere zalantza barik, euren fabrikako marka eta guzti, kontrabandoko merkantzia kutxak ikus zitezkeen. Diktadurak errepresalia gogor batzuen bidez erantzun zion kolpeari eta euretariko azkena, hilabete batzuk geroago, egunkaria ixtea izan zen. Presioak, mehatxuak eta erosteko saiaketa tentagarriak izan arren, Luis Alejandro Velascok ez zuen kontakizunaren lerro bat gezurtatu. Marina utzi egin behar izan zuen, egiten zekien lan bakarra, eta eguneroko bizitzan ahaztu eta galdu egin zen. Urte bi baino lehenago diktadura jausi egin zen eta Kolonbia beste erregimen batzuen menpe geratu zen. Erregimen hauek itxuraz hobeto jantzirik zeuden arren ez ziren besteak baino justuagoak. Bien bitartean nik Parisen batetik besterako erbestealdi herriminezko samar honi hasiera ematen nion. Honek ere trabes dabilen baltsa baten antz handia dauka. Inork ez zuen gehiago naufrago bakartiaren berririk jakin, orain hilabete eskas batzuk galduta zebilen kazetari batek autobus enpresa bateko idazmahai baten atzean topatu zuen arte. Argazki hori ikusi dut: pisuan eta adinean gora egin du, eta bizitza barrutik pasa zaiola nabaritzen da, baina bere estatua dinamitatzeko adorea izan zuen heroiaren aura lasaia utzi dio. Ni hamabost urtean egon naiz kontakizun hau berriro irakurri barik. Argitaratzeko nahiko duina dela deritzot, baina bere argitalpenaren probetxua ezin dut ondo ulertu oraindik ere. Orain liburu moduan argitaratzen bada ondo pentsatu barik baietz esan nuelako da, ez naiz ni berba biko gizona. Argitaratzaileei testuaren merituak sinatzailearen izenak baino ardura gutxiago dielako ideiak nahigabetu egiten nau, ondo nire gogoaz kontra hau modan dagoen idazle batek duen bera da-eta. Zorionez liburu batzuk ez dira idazten dituenarenak, sufritzen dituenarenak baino, eta hau euretariko bat da. Gabriel García Márquez Bartzelonan, 1970eko otsailean
Naufrago baten kontakizuna |